Pako Aristiren bi poema musikatu dituzte

Joseba Barrenetxeak eta Celosamente Gordea literatura eta musika batzen dituen Halabedi Irratiko irratsaioko lagunek Pako Aristi poeta azpeitiarraren poema bana musikatu berri dituzte. Audioak www.uberan.com webgunetik hartuak dira.

Gaur tronpeta bat oparitu diot Entzun

Gaur tronpeta bat oparitu diot
lagun bati.
Onena bezalaxe ordaindu nuen,
gero jotzen ez ikasteko.
Nire lagunak jotzen ikasi zuen,
baina ez zeukan tronpetarik.
Ez da oso azkarra izan behar tronpeta hau
nire lagunarena zela
ulertzeko.
Gauzak haiekiko grina jartzen dutenentzat dira,
eta ez haiek erosteko
dirua jarri zutenentzat.

(Libreta horiko poemak, 2003)

Larrua jo ondoren Entzun

Larrua jo ondoren gizonak joan egin nahi du,
eta emakumeak geratu.
Larrua jo ondoren gizonak ez du laztanik behar,
eta emakumeak bai.
Gizonak ez du hitzik behar,
baina emakumeari maitasuna
hitzez elikatzen den sua zaio.
«Ederki gozatu dut» dio gizonak.
«Ederki gozatu du» pentsatzen du emakumeak.
«Hau ere erori da» pentsatzen du gizonak.
«Ezagutzen dudanetik maite dut»
pentsatzen du emakumeak.
«Titi ederrak dauzka» kontatuko du gizonak.
«Irribarre polita dauka» kontatuko du emakumeak.
«Bat gehiago!» pentsatuko du gizonak.
«Ez dut gehiagorik nahi, hauxe baino»
pentsatuko du emakumeak.
Gizonak dio:
«Hau denekin izango da beroa».
Emakumeak dio:
«Hau nirekin bakarrik eszitatuko da horrela».
Hain ezberdinak izanik,
ez dakit nola elkartzen garen
larrua jotzeko ere.

(Libreta horiko poemak, 2003)

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend