Donostiarako autobusen maiztasuna areagotu dute

Atzotik La Guipuzcoana konpainiak eskaintzen duen Donostiarako autobus zerbitzua zabalagoa izango da; hau da, joan-etorrirako autobus gehiago jarri dituzte. Honen berri Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako alkateek eman dute. Pello Baztarrika Azkoitiko alkateak azaldu duenez, garraio zerbitzuaren aldeko apustua da erabaki hori: «Bereziki Urola bailaran, eta azken urteotan, herritarrok ez dugu gutxieneko autobus zerbitzurik izan». Donostiarako autobusen ordutegia zabaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bilera ugari egin behar izan dituzte Azkoiti, Azpeiti eta Zestoako udaletako arduradunek. «Bilera asko egin behar izan ditugu hau lortzeko, baina dagoen behar nabarmenari erantzuteko balio izan digu».

La Guipuzcoana autobusen ordutegi berria www.laguipuzcoana.net edota www.lurraldebus.net webguneetan kontsulta eta eskura daiteke. Leire Etxeberria Zestoako alkateak azaldu duenez, atzotik Azkoitia eta Donostia zortzi autobus gehiagok lotuko dituzte astegunetan. Azkoitia-Donostia-Azkoitia zerbitzuan astean zehar 20 zerbitzu izango dira norantza bakoitzean. Foru Aldundiaren arabera, puntako orduetan ordu erdiro jarri dituzte autobusak, eta gainerakoetan orduro.
Azkoitia eta Donostia arteko autobus zerbitzua larunbatetan ere zabaldu egin dute, eta
baita igandetan eta jai egunetan ere.

Azkoitia- Zarautz-Azkoitia autobus zerbitzuari dagokionez, asteburuetan bere horretan mantenduko dute, baina asteburuetan autobus gehiago izango dira. Neguan, goizez, bi autobus bidaia gehiago jarri dituzte norabide bakoitzean; lehen, asteburuetan arratsaldez besterik ez zen eskaintzen autobus zerbitzua.

Horrez gainera, Azkoitia-Tolosa-Azkoitia autobus zerbitzu publikoa mantentzea ere lortu dute Urolako hiru udalek. Foru Aldundiaren esanetan, «aurreko agintaldian zerbitzu hori kentzea planteatu zen».

Elkarlanerako asmoa
Autobus zerbitzuak zabaltzea hiru udalen arteko elkarlanaren ondorioa dela nabarmendu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. «Lan zaila eta gogorra da, baina bailarako interesak eta helburuak lortzeko fruituak ematen ditu».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuak ere bultzatu du Donostiarako autobus garraioa hobetzeko ekimena. «Ezinbestekoa da, izan ere, garraio publikoa hobetzea, eta ildo horretan urrats bat da honako hau».
Garraio publikoa hobetzeko pauso bat eman da, baina ez da nahikoa, Etxeberriaren ustez. «Lanean segitu behar dugu, Errezilerako eta Beizamarako zerbitzua hobetzeko, Lurraldebusen zerbitzua hobetzeko». Zumarragako ospitalerako eta asteburuetan Zumaiarako autobus zerbitzuak hobetzeko ahaleginak egiten ari direla ere azaldu du Azpeitiko alkateak.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udaleko alkateek garraio publikoa erabiltzera bultzatu dituzte herritarrak.

 

——————————

Ordutegi berria:
Ordutegia Internetez www.lurraldebus.net-en eskuratu daiteke, eta eskuorriak udaletxetako harreretan.
Lehen eta orain

  • Azkoitia- Donostia artean. Gaur egun, 20 autobus daude (uztailean eta abuztuan izan ezik) 06:25etik 20:10era. Larunbatetan, 6 autobus zeuden lehen, 07:30etik 19:35era artean, eta gaur egun 10 autobus daude, 07:00etatik 21:00etara artean. Igandetan eta jai egunetan, lehen, bi autobus zeuden Azkoititik Donostiara, 15:15ean eta 19:35ean; gaur egun, 6 daude, 08:30etik eta 19:30ak arte.
  • Donostia- Azkoitia artean. Astegunetan 20 autobus daude, 07:30etik 21:05ak bitartean. Larunbatetan, 10 autobus daude, 07:50ean aurrena eta 21:50ean azkena. Jai egunetan, berriz, 09:20etik 20:20ra artean, sei autobus daude.

AZKOITIA-Donostia

Autobusen orduak:

-Astegunetan, Azkoitian: 06:25; 06:55; 07:25; 07:55; 08:25; 08:55; 09:25; 09:55; 10:55; 11:55; 12:55; 13:25; 13:55; 14:25; 14:55; 15:55; 17:10; 18:10; 19:10 eta 20:10.

– Larunbatetan, Azkoitian: 07:00; 08:00; 09:00; 10:00; 12:00; 14:00; 15:00; 17:00; 19:00 eta 21:00.
– Igandetan eta jai egunetan, Azkoitian: 08:30, 11:00, 13:00, 15:00, 17:00 eta 19:30.
Donostia-Azkoitia

Autobusen orduak:
– Astegunetan, Donostian: 07:30, 08:05, 09:05, 10:05, 11:05, 12:05, 13:05, 13:35, 14:05, 14:35, 15:05, 15:35, 16:05, 17:05, 17:35, 18:05, 18:35, 19:05, 20:05 eta 21:05.
– Larunbatetan: 07:50, 08:50, 09:50, 10:50, 12:50, 14:50, 15:50, 17:50, 19:50, eta 21:50.
– Igandetan eta jai egunetan: 09:20, 11:50, 13:50, 15:50, 17:50 eta 20:20.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend