Iñaki Lopetegik irabazi ditu Aiako idi-probak

Amaitu dira Aiako idi probak, lau eguntan Euskal Herriko hamabi probazalek herriko probalekuan lehiatu ondoren. Iñaki Lopetegi birletarrak lortu ditu idi demako manta, garaikurra eta 1.600 euroko saria, bere idiek 54 plaza eta 2,35 metro egin ondoren. Alde handiarekin lortu du garaipena Lopetegik, bigarren postuan geratu den Soartek baino zortzi plaza gehiago egin baititu txapeldunak.

Aiako Idi Proben Elkarteak antolatu du ekimena, eta BBK txapelketarako puntuagarriak izan da. Atzo iluntzean egin zen idi demako azken saioa, eta faboritoak lehiatu ziren; antolatzaileen arabera, 200 lagunetik gora elkartu ziren orduan. «Azken egunetan faboritoek jokatzen dutenez, normalean jendeak ondo erantzuten du». Hala ere, aurreko egunetan «oso jende» gutxi bertaratu zela jakinarazi du Pablo Aldalurrek, demako antolatzaileetako batek.

Pasa zen ostiralean hasi ziren idi demak, eta eskualdeko bi lagun aritu dira bertan; Bixkiak errezildarrak atzokoan izan ziren; bosgarren postuan geratu dira horiek, 41 plaza, 3 zinta eta 1,74 metro eginda. Azkoitiko Ixidro Erretegia, berriz, astelehenean lehiatu zen, eta 40 plaza eta 2,40 metro eginda, zortzigarren postuan geratu da. Arzadun aiarra ere egun horretan zen parte hartzekoa, baina antolatzaileen arabera, idia gaixotu egin zitzaion, eta azkenean lehiaketatik kanpo geratu zen. Honez gain, Irarretak ere baja eman zuen txapelketan, arrazoi berdinarengatik.

Bestalde, Ziriako Ortiz de Zaratek Aiako probalekura joan zirenak agurtu zituen; urte luzez Arrate irratian herri kirolen inguruko albisteak ematen aritu izan da Ortiz de Zarate, baina laster bere jarduna utziko duela iragarri zuen herenegun Aian.

SAILKAPENA: 

  1. Iñaki Lopetegi:  54 plaza eta 2,35 metro.
  2. Soarte: 46 plaza eta sei zinta.
  3. Telleria: 44 plaza, sei zinta eta 1.47 metro.
  4. Mendipe: 43 plaza, bi zinta eta 1.47 metro.
  5. Bixkiak: 41 plaza, hiru zinta eta 1.74 metro.
  6. Urkaitxiki: 41 plaza.
  7. Laski: 40 plaza, zazpi zinta eta 1.95 metro.
  8. Ixidro Erretegia: 40 plaza eta 2.40 metro.
  9. Erreten: 39 plaza, sei zinta eta 0.87 metro.
  10. Artasoro: 39 plaza, lau zinta eta 0.38 metro.
  11. Goieta Taberna: 34 plaza.
  12. Gabriel: 32 plaza.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend