Hondakinak kudeatzeko sistema egokiena zein den aztertuko du Orioko Udalak

Herritar bat birziklatzen

Gaikako bilketarekin hondakinen %28 birziklatzen dute Orion egun (Argazkia: Aiora Larrañaga)

Hondakinak kudeatzeko sistemen inguruko eztabaida «bolo-bolo» darabilte herritarrek ahotan. Hori hala, Oriorako sistema onena zein den erabaki behar dela azaldu du Beñat Solaberrieta alkateak, «birziklatzeari dagokionean herri eredugarria» izan dadin. Alkateak jakinarazi duenez, Orion hondakinen %28,13 birziklatzen da egun, Gipuzkoako bataz bestekoa baino lau puntu gutxiago. Ez dela nahikoa uste du Solaberrietak, eta «epe motzean» gehiago birziklatzea lortu behar dela adierazi: «Ingurumenari, gure osasunari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu». Herriko hondakinen inguruko datuak biltzeko, beraz, Garbitania enpresak ikerketa bat abiatu du herrian, eta ondorioak ekainean jakinaraziko dituztelakoan da Orioko Udala. «Urola Kostako Udal Elkartea osatzen dugun bost udalerrietan hondakinak nola kudea litezkeen aztertuko du, beti ere eredua aldatuko balitz».

Hondakinen kudeaketaren gaia «mahai-gainean» jarri nahi du udalak, eta «bilketa sistemarik egokiena» zein den aztertuko dute aurrerantzean. Hala ere, Solaberrietak atez atekoaren helburuak bete nahi dituela nabarmendu du. «Atez ateko sistemarekin hondakinen %80 birziklatzen dute, eta guk kopuru horretara iritsi nahi dugu, baina hori lortzeko moduak eztabaidatu egingo ditugu», adierazi du alkateak. Hori hala, atez ateko sistema ezartzeko proposamena «eztabaitu ostean» aurkeztuko da plenoan. Zentzu horretan, Orioko Udala osatzen duten hiru alderdi—Bildu, EAJ eta Orain— hondakinen inguruan hitz egiteko «prest» direla jakinarazi du alkateak. «Helburuak ezarriko ditugu, eta ondoren eztabaidatuko dugu alderdiekin eta herritarrekin». Hala ere, erabakia ez dago Orioko Udalaren esku soilik. Urola Kostako Udal Elkarteak du hondakinen eskuduntza. «Udal elkartearekin batera lan egin beharko dugu sistema egokiena erabakitzeko».

Udalarena ez ezik, herritarren«parte hartzea sustatu» behar dela adierazi du alkateak, eta biziklatzearen garrantziaz «sentsibilizatzeko» herritarrei «informazio zuzena» eskainiko die. Gaiaren inguruko informazioa oriotarrei helarazi ondoren, eztabaida guneak sortu, eta herritarrek iritzia plazaratzeko moduak landuko ditu udalak. «Herritar guztiekin osatuko dugu herriko hondakinak biltzeko proiektu egokiena, baina ahal den gehiena birziklatu behar dela zalantzan jarri gabe», dio Solaberrietak.

Informazioa herritarrei
Orain taldeak, bere aldetik, azken osoko bilkuran adierazi zuen Bilduk hondakinen kudeaketaren inguruko erreferenduma egitea agindu zuela udal hauteskundeetako kanpainan. Solaberrietak adierazi duenez, ordea, «hori ez da egia». «Ez genuen planteatu herri galdeketa egingo genuenik. Hori dokumentatuta dago; gai korapilenetsuenetan eztabaida guneak osatuko zirela, edota parte-hartze prozesuak irekiko genituela esan genuen, eta hori egingo dugu». Izan ere, erreferendumaren aurretik, «prozesu baten beharra» nabarmendu du alkateak. «Jendea informatu egin behar da; jakin egin behar du zer bozkatuko duen».
Orion gaika biltzen dituzte hondakinak. «Jasotzen dugun zabor guztiaren %72 zaborrontzi berdera joaten da. Baina ikusi besterik ez dago papera, plastikoa eta bestelako hondakinak ere bertara botatzen dituztela herritar batzuk. Herrian badaude birziklatze guneak, baina ez dira egoki erabiltzen». Birziklatzea herritarren «betebeharra» dela uste du Solaberrietak. «Ez dut uste gaur egun eztabaida daitekeenik birziklatu behar den edo ez. Ez zait iruditzen herritarrei galdetu behar zaienik birziklatu nahi duten edo ez. Oriok gehiago birziklatu behar du, bai ala bai». Horren guztiaren gakoa hezkuntza dela uste du Solaberrietak, gizartean «sentsibilizazioa eta pedagogia» falta dela irizten baitu. «Haurrek birziklatzearena helduok baino argiago dute. Txikienek jakin badakite, helduok gara ikasi eta ditugun ohitura txarrak aldatu behar ditugunak».

Murriztu eta berrerabili
Biziklatzeaz gain, hondakin gutxiago sortzearen aldeko apustua egin nahi du Orioko Udalak. Bide horretatik, «murriztu, berrerabili eta birziklatu» filosofiarekin bat egin du. Zentzu horretan, «prebentzioaren garrantzia» aipatu du alkateak. «Has gaitezen prebentziotik, gure eguneroko kontsumo joeretatik hondakinak murrizteko helburuz. Bide horretatik, herritar bakoitzak egiten dituen keinu txikietatik, asko dugu hobetzeko, eta irabazteko».

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend