Zestoan herritarrek kontatuko dizkiete ipuinak haurrei

Hilero egingo dituzte ipuin kontaketak. Irudian, Maite Franko ipuin kontalaria (Urola Kostako Hitza)

Hilero egingo dituzte ipuin kontaketak. Irudian, Maite Franko ipuin kontalaria (Urola Kostako Hitza)

Zestoako Udaleko Gazteria Sailak Kontaidazu ipuin bat egitasmoa jarriko du martxan bihartik aurrera, eta herritarrek lau eta sei bitarteko umeei ipuinak kontatuko dizkiete urtean zehar.

Zestoako helduek umeekin tarte bat pasa dezaten jarri dute martxan programa, eta horretarako  herrian dituzten guneak aprobetxatuko dituzte. «Askotariko ekimenak lotu ditugu. Zestoako liburutegian badute haurrentzako espazio propio bat, eta ikusi dugu Gazteriatik adin tarte horri zuzendutako ezer ez dela antolatzen modu jarraian», adierazi du Zestoako Udalak. Horrez gain, Zestoan auzolana zabaltzen ari dela nabarmendu du, eta aukera hori aprobetxatu nahi du udalak ere. «Auzolana obrekin lotzen dugu askotan, baina beste eremu batzuetara eraman nahi izan dugu orain.

Urteko egitaraua
Udalaren arabera, egitasmoak «oso erantzun ona» izan du, eta ordezkariak gustura daude aurrera eramatea lortu dutelako. Bihar izango da lehen emanaldia. Hasiera batean ostiralean ziren egitasmoari ekitekoak, baina inauteriak direla-eta egun bat aurreratu dute. Mertxe Merinok eskainiko du saioa bihar, 17:30ean, liburutegian. Ondoren, hilero izango dira ipuin kontaketak, uztailean eta abuztuan izan ezik.

Antolatzaileek herriko hainbat laguni proposatu diote egitasmoan parte hartzea, eta dagoeneko osatu dute urte osorako egitaraua. «Normalean emakumeek jarduten dute ipuinak kontatzen, eta gizonezkoak ere batu nahi izan ditugu egitasmora. Adin eta soslai askotako herritarrak aurkitzen saiatu gara, eta ia guztiek onartu digute proposamena».

Merinoz gain, honakoak arituko dira ipuinak kontatzen abendura bitartean: Leire Etxeberria alkatea, Ruben Larrañaga, Jon Artano, Iñaki Manzisidor, Amaiur Aristi, Amagoia Andres, Maider Arregi eta Amancay Gaztañaga. «Pertsona ezagunak lortu nahi izan ditugu, harrera hobeagoa eduki dezan gakoa izan daitezen».

Parte-hartzaileek ipuina kontatzerako garaian oinarri bat izan dezaten, Pello Añorga ipuin kontalariarekin saio bat egin dute. Udalak adierazi du herriko ipuin kontalariek beren gustuko istorioak kontatuko dituztela, Añorgak hala gomendatu bezala.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend