Arantxa Aldalur: «Adierazitako sentimenduetara iritsi behar du irakurleak»

ARANTXA_ALDALUR

Etorri handiarekin dabil azkenaldian Arantxa Aldalur (Azkoitia, 1963). Epe laburrean bigarren poema liburua kaleratu du, Ilunetik… argira izenburupean. 2006tik 2011ra idatzitako poesiak bildu ditu bertan, bizikizun gorabeheratsuetan oinarrituta, baina me­zu baikorra helaraziz.

Duela urtebete eskas kaleratu zenuen lehen poema bilduma, eta jada bigarrenarekin zatoz.
Aurrekoa 2011ko urriaren bukaeran argitaratu nuen, 50 aleko argitalpena eginez, eta berehalakoan saldu nituen. Hori horrela, orain bigarren bilduma kaleratzea erabaki dut. Liburuaren Egunean ka­le­ratzea pentsatu nuen hasieran, baina zertarako itxaron horrenbeste! Duela bi urte bukatu nuen idazten liburua, eta lau poemategiz osatuta dago. Gero, beste bi ere idatzita ditut, eta denborarekin hirugarren bilduma bat argitaratu nahi dut horiekin. Gainean izateak enbarazu egingo balidate bezala sentitzen dut. Sor­tutakoa pilatzen joaten zait, eta atera behar izaten dut.

Sormenari ateak ireki behar zaizkio?
Bai, dudarik gabe. Sormena dugun gauzarik pertsonalena da. Nik egiten ez badut beste batek egingo du. Bakoitzak bere zigilua izango du, noski, baina sortutako hori zuk zeuk sortu duzu, ongi ala gaizki.

Liburu berriak lau lan jasotzen ditu, Ilunetik… argira izenburupean.
Azken lanak ematen dio izenburu bildumari. Beste hiru lanak honako hauek dira: Negar dagit, Malkoak bailiran eta Liluraren malkoak, hurrenez hurren. Argi ikusten denez, bolada txar baten isla da, nahiz eta modu positiboan amaitzen den.

Zulotik atera nahian bezala?
Jada aterata. Zulotik atera nahi­an zabiltzanean, oraindik gaizki zabiltza. Liburua kaleratzean edo, hobe esanda, idatzitakoan atera nintzen zulotik. Atera arte ezin izan dut hori dena adierazi. Sentimenduak hor daude, baina modu dotore eta polit batean idazten dituzu gauzak, hiztegia erabilita, hitz egokiak bilatuta eta edertasun batekin kontatuta. Eta horrek bere prozesua du. Izan ere, edertasun hori irakurrita, adierazitako sentimendu horietara iritsi behar du  irakurleak. Beraz, sentimendua nik jartzen dut, eta nire melodiak irakurlearenarekin bat egiten badu, ezin hobe. Ezberdina baldin bada ere, azken finean melodia sortzea da kontua.

Zure melodiak positibismorako joera duela dirudi.
Ni, izatez, alaia eta positiboa naiz. Edonola ere, intimitate honetan nire alderik tristeena agertzen dut, baina betiere positoborantz jota. Joera hori badaukat. Gaizki nagoenean ezin izaten dut sortu. Une horretan, egoera hori guztia bizitzen ari naiz, gero azaldu ahal izateko. Momentuan kaos batean zaude, eta kaos horretan poemak eurak ere kaotikoak izango lirateke. Gerora, ordea, ordenatu egiten dituzu. Ariketa horrekin politago geratzen direla uste dut.

Terapia moduan erabiltzen duzu poesia. Ez al zaitu beldurtzen jendaurrean sentimentalki edo emozionalki biluzteak?
Batere ez. Oso irekia naiz, eta ez zait kostatzen. Gainera, badut besteei laguntzeko sena. Iruditzen zait norbait nire egoera berean baldin badago lagungarri izan dakiokeela nire liburu xumea. Komunikatzeko gauzatan ibili izan naiz beti: klaseak ematen, Erlo telebistan elkarrizketak egiten, Hezkuntza saileko solasaldiekin… Hor feedback-a dago, eta feedback horretan bestearenak ere zureari eragiten dio. Egiten dudan guztia bihotzarekin egiten dut, baina poema bihotza da bere horretan. Idatzietan ez dago momentuko feedback-ik, denborarekin dator edo ez dator. Hari-harian zaude, baina niri plazerra ematen dit.

Aurreko bildumarekin lortu al duzu erantzun hori?
Eskura saldu nituen, ez bainuen liburu-denden bitartez egin nahi. Era berean, pertsonalki dedikatu nahi izan nituen, eta horrela jakin ale bakoitza nork duen. Irakurle askok poema batzuk gustatu zaizkiela esan didate. Beraz, feedback hori lortu dut. Pena ema­ten dit, ordea, kritika negatiborik ez jasotzeak. Jakina, idazten dudana norbaiti gustatzen ez bazaio, liburua utzi dezake eta kito. Ez dago inolako konpromisorik. Hala ere, zalantza geratzen zaizu: agian, norbaiti ez zaio gustatu edo txorakeria hutsa dela iruditu zaio, eta ezer ez dit esan. Izan ere, kritika negatiboak ere onartzen ditut. Azken finean, besteentzako idazten dudanez, lagungarri izan dakidake. Bestelakorik ere gertatu zait: ezabatzekotan izan nintzen esaldiak irakurleari asko gustatzea.

Oso kontuan hartzen al duzu irakurlearen iritzia?
Idazteko orduan, ez. Librea naiz idazten, baina nik hau egiten dut jendeak irakurtzeko. Beraz, jakina, irakurleen iritzia asko interesatzen zait. Nire melodia transmititzea interesatzen zait, eta besteak ere melodia hori bera edo bes­telakoa jasotzen duen jakitea.

Amodio eta desamodio poemak zen zure aurreko bilduma. Kasu honetan, maitasunak zer-nolako lekukotasuna du?
Beti azaltzen zait, konstantea izan baita nire bizitzan. Lehen bildumako poemategiak maitasunean oinarrituta zeuden; bigarren honetan, maitasun kontuak badiren arren, bizikizun gorabeheratsuetan oinarritzen da. Baina gorabehera horietan ere amodioa hor zegoen, eta, azkenean, maitasunak salbatzen nau.

Zure azkeneko poesiak minimalista samarrak ziren; hitz gutxikoak, hain zuzen. Bilduma honetakoak ildo beretik al doaz?
Hitz gutxi erabiltzen ditut, niretzat bizitasuna inportantea delako. Ni bizia sentitzen naiz, eta horregatik izango da. Gustuko ditudan poetak ere modu sinplean gauza sakonak adierazten dituzte. Horrekin ez dut esan nahi hori egiten dudanik. Nahiago nuke ha­la izango balitz. Baina era sinplean errazago iristen zarela iruditzen zait, baina hori lortzeko lan handia dago: zer jarri, zer kendu…

Kasu honetan ere autoekoizpenaren bidetik eman duzu argitara liburua.
Oraingoan ere 50 ale kaleratu ditut nire kabuz. Gehiago interesatzen zait jendeak irakurtzea, saltzea baino. Horregatik, Zarauzko eta Azkoitiko liburutegietan ale bana utzi dut, norbaitek nahiko balu irakurri dezan. Nire buruari egiten diodan oparia denez, 6 euroko prezio sinbolikoa jarri diot. Azken finean, dirua galtzen aterako naiz, kostuen erdia estaltzera ere ez bainaiz iritsiko.

Saiatu zara argitaletxetara jotzen?
Lotsa handia ematen dit. Laneko zerbait balitz, berehalakoan egingo nukeen. Idatzitakoa edonori erakusteko arazorik ez dut, baina argitaletxe batera bidalita juzgatuta bezala sentitzen naiz. Umila baldin bazara, maila ez duzula emango pentsatzen duzu. Lehiaketa batera bidaltzen duzunean, aldiz, isilean pasatzen zara, eta, gero, sariren bat ematen baldin badizute, horrek nolabaiteko bermea ematen dizu. Hortik aurrera, aitzitik, argitaletxetara aurkeztea kostatu egiten zait.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend