Thierry Biscary ‘Ttirritt’: «Madonnak, nolabait esateko, argitara eman du gure lana»

(Argazkia: Marion Touzot)

(Argazkia: Marion Touzot)

Kalakan hirukoteak Sagarra jo! abesten jarri zuen Madonna. Poparen erreginarekin munduan barna ibili ondoren, beste bira bati ekin diote Ipar Euskal Herriko perkusionista kantariek. Bi­har, 23:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ariko dira; aurretik Izaki Gardenak joko du. Kalakaneko kide Thierry Biscary Ttirritt-en (Anhauze, Nafarroa Beherea, 1976) eskutik taldearen ernatzea ezagutzeko aukera izan du UROLA KOSTAKO HITZAk.

Iturri zaharretik ur berria edaten duen talde da Kalakan. Euskal musika tradizionala garaikide bihurtzeko ahalegina al da zuena?
Bai, hori da guk defendatzen dugun espiritua: kantu zaharrekin gauza berri bat egitea. Kantu zaharrek daramaten xarmarekin eta zentzuarekin, testu gaurkotuak egin daitezkela uste dugu. Hori izan da gure hasiera-hasierako apustua, eta hari beretik segitzen dugu gure bigarren diskoan ere. Izan ere, Zuberoako kantuak hartu ditugu, baita Nafarroa Beherekoak eta Gipuzkoakoak ere, eta horiekin egin dugu lan.

Orain, bira bati ekin berri diozue, aipagai duzun bigarren diskoa aurkezteko. Aurreko lanaren ildo bera al darama?
Diskoak Bi izenburua izango du, eta maiatzaren erdian kaleratuko dugu. Gutxi gorabehera, aurrekoaren joera antzekoa izango du. Hala ere, kasu honetan egin dugun apustua zertxobait ezberdina izan da. Ezkoizpenari dagokionez, pop kutsu handiagoa duen diskoa landu dugu. Lehen diskoaren alderantzizko bidea izan du honek. Zuzeneko emanaldi bat eskaini, eta bertan grabatutakoa  jaso genuen gure lehen lanean. Oraingo honetan, ordea, estudioan grabatu dugu, eta ondoren atera gara kontzertuak jotzera. Beraz, hori da diferentzia.

Birako emanaldiak bereziak izango al dira? Ikuskizunik antolatu al duzue saioetarako?
Kontzertu hutsak izango dira, ordu eta erdi ingurukoak. Apainketa xume eta minimalista egin dugu, argiztapenekin lagunduta, baina besterik ez. Argi horiekin, publikoari sentiarazi nahi diogu gure etxean sartzen dela. Jendearekiko gertutasuna dugu helburu. Musika egitea gauza sinplea dela erakutsi nahi diegu, eta bai perkusioarekin bai ahotsekin musika modernoa egin daitekeela.

kalakan thierry

Lan berriak pop kutsua hartu duela diozu; hau da, proposamen modernoagoa tradizionaletik abiatuta. Iaz Madonnarekin eginiko birak eragin zuzena izan al du bigarren diskoan?
Bai, haren eragina izan du. Bira hartan ikasitakoa diskoan bertan agertzen da; izan ere, gauza batzuk gureganatu ditugu oharkabean. Nire ustez badu zerbait bira hartatik, batik bat lan egiteko moldean. Horrez gain, gure taldea ere azkartu egin da, eta taldekideon arteko harremana sakondu egin da. Beraz, orain badakigu zertan garen gai eta zertan ez, eta hori guztia diskoan ez ezik, zuzeneko emanaldietan antzematen dela uste dut.

Egia esan, Madonnarekin eginiko birak sekulako oihartzuna eman zion taldeari. Agian, Ipar Euskal Herrian ezagunak zineten, baina ez horrenbeste hegoaldean. Jauzi bat izan dela ezin da ukatu, ezta?
Zalantzarik gabe. Hegoaldeko ateak ireki dizkigu iazko birak. Ordura arte, bospasei saio egin genituen Hego Euskal Herrian, eta jende gutxi izan genuen. Joan den asteburuan, aitzitik, Donostiako Kursaal jauregiko Ganbara aretoa bete dugu. Gure istorioak oihartzuna izan du, eta ea orain jendea gerturatzen dugun. Orain arte, jende askok Internet bidez ikusi gaitu, baina zuzenekoak bestelakoak dira. Hori horrela, jendea gure kontzertuetara etortzeko animatu nahi ditugu.

Madonna Kalakanen amabitxia izan dela esan al daiteke?
Gure amabitxiak Katia eta Marielle Labeque ahizpak izan dira; haien bitartez ezagutu genuen Madonna. Gaur egun ere taldea bultzatzen laguntzen dute; besteak beste, bigarren diskoa haien Erromako estudioan grabatu dugu. Madonnak, nolabait esateko, argitara eman du gure lana.

Hori baliatuz, nazioarteko ateak ireki al zaizkizue?
Europan hainbat saltzaile topatu dugu: Italian, Belgikan, Luxemburgen, Alemani­an, Portugalen eta Espainian. Egia esan, birak ateak ireki dizkigu gure lana Euskal Herritik kanpo ere erakusteko. Lehen ere egiten genuen, baina orain errazagoa da, Madonnarekin aritu garelako. Mo­mentuz, gainera, ez dugu AEBetako merkatura jauzi egin nahi. Europan barna ibili nahi dugu, eta ge­ro gerokoak. Adibidez, datorren urterako Argentinan zerbait egitea pentsatzen ari gara, baina emeki-emeki abiatu nahi dugu. Gure bidea egin nahi dugu, finean. Zuzenekoetan ikusten da zer zaren, eta lehen urratsak hemen egin behar genituela iruditu zaigu.

Madonna gora, Madonna behera. Etengabe lotzen zaituzte harekin. Ez al zaudete kokoteraino?
Urtebete egin genuen Madonnarekin biran, eta normala da bere izena gurearekin lotzea. Baina gure bidea urratu nahi dugu, zer garen eta zer egiten dugun argi erakutsiz. Aurrerantzean, gainera, beste kolaborazio batzuk egingi ditugu: urte bukaeran Oreka TX taldearekin ikuskizun berri batean ariko gara; Labeque ahizpekin disko berri bat egingo dugu datorren urtean; rock talde batzuekin lan egiteko asmoa ere badugu… Kolaborazio ugari egitekoak ga­ra, eta, segur aski, beste artista batzuekin ere lotuko gaituzte aurrerantzean.

Kolaborazioak kolaborazio, nolakoa da Kalakanen zuzeneko bat?
Emozioa transmititzen saiatzen gara. Madonnaren ikuskizun batean transmititzen dena efektu bat da, su artifizialak bailitzan. Momentuan oso gauza ederra da, baina emozioa ez da horren sakona. Guk, aldiz, hori sakontzen saiatzen gara: jendeak ikusten du eta sentitzen du arrisku bat hartzen dugula. Kantuarekin ez dugu gitarrarik edo pianorik erabiltzen; hau da, tempoa zehazten digun musika tresnarik ez dugu. Kasik biluzik aritzen gara taula gainean, eta jendeak sentitu egiten du hori guztia.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend