Iñaki Beristain: “Jende askorentzat Eliza ofiziala oztopoa izan da, guretzat ere bai”

Santutegia pertsonaren gertukoa izatea nahi du Beristainek; garai berriek hala eskatzen dutela irizten dio (Onintza Lete Arrieta/Hitza)

Santutegia pertsonaren gertukoa izatea nahi du Beristainek; garai berriek hala eskatzen dutela irizten dio (Onintza Lete Arrieta/Hitza)

“Amaren oporrak izaten ziren bederatzi egunetarako Arantzazura etortzea, bederatziurrena egitera”. Astelehenean amaitu zen aurtengo bederatziurrena Arantzazun, amabirjinaren egunerakin. Baina Iñaki Beristainek bertan jarraitzen du (Errezil, 1947). 46 urte darama Oñatiko puntan, bizitzen eta lanean. Ardura ugari baititu bere gain jada pentsioduna izan arren: frantziskotarren probintziako ebanjelizazio arduraduna da, baita Arantzazuren ordezkaria ere Espainiako santutegien aurrean, Arantzazu hilabetekariaren zuzendaria da, astero irratian eta telebistan aritzen da, eta Arantzazuko abesbatzaren zuzendaria da, besteak beste.

22 urterekin ikusi zuen argi fraide izango zela, eta ordutik «gorabehera asko» izan arren, gustura da egindako hautuarekin. «1968 ingurua zen, eta orduan nirekin batera zeuden askok alde egitea erabaki zuten. Gauzak asko irekitzen ari ziren, eta gutxik jarraitu genuen fraide izateko bidea», gogoratu du. Aldaketa garaia zen hura, baita oraingoa ere. Beristainek argi du Elizak aldaketa behar duela. «Nik uste dut planteamendua aldatu beharra dagoela derrigorrez. Euskal Herriko eta Espainiako santutegiek ikusi dute santutegi batek zerbait gehiago eskaini behar duela». Arreta Arantzazun jarrita, Beristainentzat «eskaintza irekia» egin behar du. «Fededunek bezala, zalantzan daudenek eta ez fededunek ere jaso behar dute zerbait Arantzazun. Bila baldin badabiltza, argi-une bat jaso behar dute, eta, hortaz, nik esango nuke fedeari buruz eta fedetik hitz egitea ondo dagoela, baina giza mailara irekia izan behar duela eskaintzak».

Ahalegin horretan, Arantzazu bide zuzenean ikusten du. «Etika aldetik, bakearen aldetik, eskaintza horiek egin ditu, egin nahi ditu eta egiten jarraitu nahi du. Eta elizan bertan ere, fede soila edo bete-betea eman ordez, hizkera irekiagoa erabili behar da». Errezildarrak uste duen hori praktikan jartzen du bere lanean. Meza prestatzean, kontuan hartzen ditu aurrean izango dituen entzuleak. «Nik beti esaten dut hitzaldi bat prestatzeko hogei minutu hartzen baditut, beste hogei hartu behar ditudala pentsatzeko nik pertsona horiei nola esan prestatutakoa. Alegia, ez nabil harriei hitz egiten, pertsona zehatzei baizik. Zer arazo eduki dezake pertsona horrek? Zergatik daude gazte batzuk igandeko meza nagusian Arantzazun? Ez da normala, parrokietan ez daude. Orduan, horiekin sintonizatu egin behar da, sintonizatzen ez bada ez dagoelako ezer ematerik».

Beristainentzat «errazena pulpitutik doktrina ematea da. Beti egin izan den bezala». Doktrinak burua lantzen duela dio, baina noski, pertsona ez da bizi burutik.  «Bizi gara barruko sentimenduetatik eta zaurietatik, eta ezinetatik eta pozetatik, eta hor nola txertatu fedearen eskaintza edo Jesusen berri onaren eskaintza, ahalegin horretan ni behintzat oso kezkatuta nago», azaldu du frantziskotarrak.

Hori guztia gauzatzea, «orokorrean hartuta zaila» egiten ari dela aitortu du. Bere iritzian «pertsona bakoitzak bere berezitasunak izaten ditu». Horregatik, «psikologia aldetik-eta oso adi egon behar da; ez da fedea doktrina moduan ematea, pertsonaren barruko bideak argitzen laguntzea baizik, eta hori ez da erraza».

Aita Santuaren keinuak
Askorentzat, Jorge Mario Bergoglio Aita Santu berriak Frantzisko I.a izena hartu izana keinu esanguratsua da. Izan ere, frantziskotarren ordenako ezaugarrietako bat izan da pobreziaren aldeko hautua. Aita Santuak ere Arantzazuk hartutako bideari ekin al dion galdetuta, argi mintzatu da Beristain: «Aita Santu honek aire berri bat ekarri duela bistakoa dela uste dut, batez ere sinbolikoki, eta hitz egiteko itxuran ere uste dut baietz. Jende askorentzat Eliza ofiziala, bere gehiegikeriekin, oztopo handia izan da; guretzat ere bai. Sinpletzera, garbitzera doazen keinu guztiak txalotzekoak direla uste dut, eta Aita Santu honek batzuk behintzat ekarri ditu».

Hala ere, errezildarraren ustez «lan handia» dago egiteko. «Eliza elkarteek, eta Elizak erakunde bezala, eta hierarkiak, Aita Santuak, gotzaiek, apaizok… beste jarrera batzuk hartu beharko ditugu. Izan ere, gaur jende askok ez du fedeari dagokion ezer entzun ere egin nahi, aurrean Eliza edo gotzaiak dituelako. Eta hori pena handia da. Laguntza izan behar lukeena oztopo izatea larria da. Aita Santua ea noraino iristen den. Ez dauka erraza, Elizaren erakundea eta Eliza gauza handia delako, oso anitza. Dena bide onez eramatea ez zaio erraza egingo, baina behar-beharrezkoa dela uste dut. Elizak gauza asko erantzi beharra dauka».

Langilea, eta komunikatzaile aparta da errezildarra. Idatziz ez ezik, irratiz eta telebistaz ere aritzen da (O.L.A./Hitza)

Langilea, eta komunikatzaile aparta da errezildarra. Idatziz ez ezik, irratiz eta telebistaz ere aritzen da (O.L.A./Hitza)

Arantzazuren kezka egun zein den ere argi du Beristainek. «Jende asko elizara ekartzea, hori garai bateko asmoa da. Niretzat helburua pertsona bakoitzaren bidea laguntzea da. Arantzazuren kezka, egun, horrek izan behar du nire ustez». Eta hor kokatzen du Gandiaga Topagunea. «Guretzat kultura ere espiritu bide bat izan daiteke, eta izan behar luke. Horregatik, Gandiaga Topaguneko eraikin handi hori konpondu, eta horretara bideratu genuen. Gandiagan ikastaro bat egitera etortzen denak, nahi badu eliza hor du, eta han sartu nahi ez badu etxera joango da. Aukera hori eman behar dugu. Aukerak oso zabala izan behar duela uste dut, jendeak bere prozesuan askotariko epeak bizi dituelako, eta bakoitzari bilatzen duena eskaintzen saiatzea da helburua». Beristainentzat Arantzazu gauza asko dira aldi berean. «Giza maila edo etika mailaz ari naiz; barruko lanaz, gogartetxean esaterako; elizakoaz, fedearena; edo naturarena. Guretzat natura zaintzea Arantzazun, dena txukun, garbi, eder edukitzea asmo oso garrantzitsua da. Azken batean, natura ere pertsonak bere buruarekin eta besteekin eta akaso Jainkoarekin topo egiteko bidea izan daiteke. Besterik gabe atseden hartu nahi duenak ere hor du hotel txukun bat. Akaso ez da elizan sartuko, ez zait axola. Bakoitzak bere prozesua izango du».

Fedea, gorabeheratsua
«Nik 22 urterekin izan nuen fedearen kolpea esango nukeena. Ez nuke esango mirari baten gisakoa izan zenik, baizik eta prozesuan beste pauso bat bezala; barruan zerbait berria sentitu nuen. Nik beti diot, 22 urteko momentu hura izan ez banu, seguraski ez nintzatekeela fraide sartuko. Gogoan dut liburu frantses batek sekulako astindua eman zidala, eta ez zen esaten zuenagatik, baina barrutik momentu hartan argi handia egin zidan, eta nire bidea hortik argitu zen.

Harrezkero, «oinarrizko gauzak nahikoa sendo» izan dituela adierazi du. Gorabeherak, ordea, asko izan ditu. «Beti esaten dut zalantza ez dela fedearen kontrakoa, zalantza fedearen parte dela baizik. Zalantzarik ez duen fedeaz ni ez naiz fio. Gorabeherak izan ditut, nola ez bada. Gorabehera handiak izaten dira fede bizitzan; maitasunean izaten diren bezalaxe, pentsatzen dut. Gorabeherak, ulertuezinak, berradiskidetzeak…». Horregatik, Beristainentzat «zorte izugarria» da elkartean bizitzea. «Egunero-egunero geure otoitz orduak ditugu, eta laguntza handia da hori. Fedeari ere jaten eman behar zaio egunero. Eta batzuetan eutsiz, beste batzuetan hobeto, eta besteen zalantzak ere barru-barrutik ulertuz, zuk ere badituzulako, eta galderak dituzulako. Fedearena ez da, garai batean bezala, erantzunak ematea, galderak partekatzea baizik».

Pentsioduna, baina lanpetua
Hausnartu bakarrik ez, lana ere ugari egiten duen horietakoa da Errezilgo semea. Ardura bat hartu, eta hari eusten diotenetakoa, gainera. Hala, 41 urte darama  Arantzazuko abesbatza zuzentzen; ia 30 urte igandero-igandero meza zuzenean ematen Euskadi Irratian, Pello Zabala lagun duela; 25 urte, Euskal Telebistako mezaren aurretik saiotxo bat egiten; eta 12 urte, Arantzazu aldizkariaren zuzendari. Santutegiko eta liturgiari dagozkion lanak ahaztu gabe.

Euskaltzalea eta bertsozalea izan da beti, eta komunikatzaile aparta. Arantzazu aldizkariko zuzendaria da, eta hilero «astebete inguru horretan murgilduta» aritzen da. Bi editorial idazteaz arduratzen da, baita elkarrizketa nagusiaz ere. Datorren zenbakian, esaterako, Bernabe Tierno psikologoa izango da elkarrizketatua. 100 urteko ibilbidea egiteko ez zaio askorik falta aldizkariari, 1921ean sortu baitzuten. Eta oraindik osasuntsu dago. 10.000 ale banatzen dituzte, eta Beristainek zehaztu duenez, «9.000 baino gehiago harpidedunak dira».

Aldizkarian askotariko gaiek izaten dute tokia: familia, harremanak, artea, misioak, natura, erlijioa, gizarte gaiak… lantzen dituzte. Kolaboratzaile sare dotorea dute, gainera: Jexux Mari Mujika, Jon Odriozola Ezpala, Joseba Intxausti, Edorta Kortadi, Xabier Egaña, Xabier Etxeberria eta Danel Lizartza, esaterako.

Komunikatzen «oso eroso» sentitzen dela adierazi du. «Gustuko lana» du. «Kanila ireki eta atera egiten zaidala esaten didate, baina ez da egia, prestatu egiten dut mezetan esan beharrekoa. Egia da idatzita eraman beharrik ez dudala, buruan eskema bat eramaten badut, nola esan ez nau kezkatzen. Handik edo hemendik, zer esan nahi dudan badakit. Horretan etorria badaukadala onartzen dut». Hizketan, eta baita bertsotan ere. «Oso bertsozalea naiz. Garai batean, ikasle ginela, bertso lehiaketak izaten ziren Gabonetan, eta ez nintzen gaizki moldatzen. Bigarren eta hala gelditzen nintzen. Gustatu, asko gustatzen zait. Eta landu ere egin dut nik bertso mundua. Egañarekin, eta batez ere Lazkano, Agirre, Lizaso zaharra eta haiekin harreman handia izan dugu, gainera».

Kontuak kontu, idatziz moldatzen da ondoen Beristain, bere iritziko. Eta komunikazioaren munduan aritzeagatik izan dituen arazo bakanak ere, idatzietatik iritsi izan zaizkio. «Arazo dezente izan nuen Madrilgo kazetari batekin. El Mundo-n erlijioaz aritzen zen, eta behin, esaterako, nik presoei buruz idatzitako editorial bat azaldu zuen. Nik izen-abizenekin sinatzen dut beti editoriala, baina kazetari hura agertu zen esanez Euskal Herriko frantziskotarrek defendatzen genuela ez dakit zer. Beste behin, euskal frantziskotarrek Ibarretxe babesten genuela esan zuen. Telefonoz eztabaida handia izan nuen berarekin», azaldu du. Hori salbuespena izan zen, ordea. «Sekula santan» ez da presionatuta sentitu komunikabideetan aritzerakoan. «Horixe behar nuke! Ez nukeen onartuko, gainera. Ni komunikazio arloan oso ondo sentitu izan naiz beti, oso eroso eta gustura». Urte askorako izan bedi.

Zenbakiak:

  • 41 Abesbatzako zuzendari daramatzan urteak. «Madrilera joatekoa nintzen ikastera, baina abesbatzako zuzendariak kargua utzi zuen, eta haren tokia hartzeko eskatu zidaten urtebeterako. 41 urte daramatzat».
  • 29 Meza igandero irratiz ematen daramatzan urteak. «Pello Zabalak eta biok ematen dugu, zuzenean, Euskadi Irratian. Abestiak grabatuta edukitzen ditugu, eta aldarea duen gela txiki batetik aritzen gara».
  • 4 Mende erdia Arantzazun bizitzeko falta zaizkion urteak. «46 urte daramatzat Arantzazun bizitzen. Txikitan beste hiru urte ere egin nituen hemen ikasten. Errezildarra naiz, baina hau da nire bizitokia».
  • 1501 Frantziskotarrak Arantzazura iritsi ziren urtea. «Fraideak janari eske ibili ohi ziren Euskal Herrian etxez etxe, eta etxe bakoitzean hizketan egoten ziren. Harreman horren ondorioek iraun egiten dutela uste dut».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend