Eta Txapasek irratia esan zuen

(Argazkia: Aitor Manterola/Hitza)

(Argazkia: Aitor Manterola/Hitza)

Pilotakada bakoitza gozatu egin behar du pilotariak, azkena bailitzan bezala. Momentuan momentukoa. Horretaz badaki zerbait Iñaki Elorzak (Azpeitia, 1952), zientoka partida ikusia delako eta ikusten baititu pilotalekuetan. Euskadi Irratian berea da pilotaren ahotsa azken urteetan. Sanferminen kontakizunean ere bera ibiltzen da, baita Bilboko jaien hasieran ere. Eta aurretik, futbolean, txirrindularitzan, arraunean… kirol emanaldiak egiten egin zen ezagun. «Bizitzak azkenean jarri behar zaituen lekuan jartzen zaitu, eta momentukoa bizi behar da»; pilotariak pilota gozatu behar duen bezala, azken finean.

Ez zuen asko usteko 1980ko maiatzaren 31 hartan bizitzak zer zeukan beretzat gordeta. Burutik pasatu ere ez zitzaion egingo. Egun hura izan zen gero etorri zaion guztiaren hasiera. «Omenaldia egin zioten egun horretan Joxe Anjel Iribarri San Mamesen. Jendetza bildu zen, eta bildutako dirua euskara indartzeko erabili behar zela erabaki zuen Iribarrek berak». Horrelaxe sortu zen euskarazko kiroletako hiztegia lantzen hasteko aukera. «Uzeira jo zuen Iribarrek, euskaraz trebatua zen jendea zelako. Baina kirola ezagutzen zuen jendea behar zuten, eta niri deitu zidaten. Haiekin hasi nintzen lanean, testu zaharrak arakatzen euskarazko kirol lexikoa osatzeko. Basarriren testuak-eta asko begiratu genituen».

“Eskaintzari baietz esan,
eta hurrengo egunean
lanean nintzen Herri Irratian;
27 urte nituen”

Horretan ari zen Jaxinto Setien ere, eta hau esan zion egun batean: «Realaren partidak kontatzen eta grabatzen hasi behar duk. Eta horrela, Atotxara joan, eta bertan grabatzen hasi nintzen. Neure buruarentzat hasi nintzen». Baina gero, zabaldu egin ziren, eta «jendeari gustatu nonbait». Hura izan zen lehen mugarria Elorzarentzat. Bigarrena geroxeago etorri zitzaion: «Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren bidez, Herri Irratiak laguntza jaso zuen euskarazko emanaldiak egiten hasteko. Egunean sei ordu emititu behar zituen euskaraz: albisteak, saioak, kirola… Joxe Mari Oterminek, gerora Euskadi Irratiko zuzendari izango zenak, jakin zuen bazela gazte bat Atotxan Realaren partidak euskaraz kontatu eta grabatzen zituena. Eta galdetu zidan gordetzen nituen grabazioak. Eman nizkion, entzun zituen, gustatu, eta hark segituan: Nahi al duk irratian lan egin?».

Aparejadorea irratira
Galdera potoloa izan zen hura Elorzarentzat. Izan ere, beste bide eta norabide batetik joateko asmotan zen. «Ikasketaz aparejadorea naiz, eta karrera bukatu berri, Mexikora nindoan lanera». Ez zen inoiz joan. Irratian aritzeko eskaintzari baietz esan zion. «Eta hurrengo egunean irratian nengoen lanean, Herri Irratian. 27 bat urte izango nituen orduan». Ondo gogoan ditu hasiera haiek: «Realaren partidak Joxean Alkorta zenak kontatzen zituen, gaztelaniaz. Euskaraz ere emititu behar zituen Herri Irratiak, erakundeen laguntza jasoko bazuen, eta ni hasi nintzen harekin batean. Hark bi minutuz jarduten zuen gaztelaniaz, eta gero ni atzetik, euskaraz minutu batez edo. Ondo funtzionatu zuen, gustura hartu zuen entzuleak».

Egun batetik bestera irratian ari zen lanean. «Bizitzaren oparia» izan zen berarentzat. «Irratia ume-umetatik maite nuen asko. Hamar urterekin abiatu nintzen etxetik ikasketak egitera, eta beti izaten nuen alboan irratia». Horra arrazoi handienetekoa Oterminen eskaintzari baietz esateko. Bigarrena euskara izan zen. «Euskaraz lan egiteko aukera zen». Eta hirugarrena, kirolean aritzeko aukera: «Kirola asko gustatzen zitzaidan, eta neure kasa kanpora joaten nintzen kirola ikustera. Gogoan dut Zaragozan, Bartzelonan eta izan nintzela atletismo probak ikusten. Hori dena irratiko aukera atera aurretik izan zen». Ezin zion ezetzik esan lan eskaintza hari, eta ez zaio damutu ez: «Pribilegiatua sentitzen naiz ofizio honetan aritzeagatik».

Euskadi Irratira salto
Herri Irratitik Euskadi Irratira eman zuen pausoa. «Sorreratik nago hemen, 1982 hartatik. Pentsa, zaharrenetakoa naiz gaur egun irratian». Irrati publikoa sortu beharra zegoen, eta garai hartan, euskaldun kazetari
asko ez zegoen ikasketaz, eta irratigintzan zebilen jendeari deitu zitzaion. Iñaki Elorza zen bat: «Hasi ginen bezala hasi ginen… Jendea prestakuntza handirik gabekoa zen, eta gu ginen aurretik irratigintzan ibiliak ginenak. Erreferentziak ginen jende harentzat, neurri batean». Garai hartan, hasiera haietan, «denetarik egiten nuen, ez zegoen oraingo espezializaziorik. Nik kirola egiten nuen eta beste gauza batzuk ere bai».

“Maradonarekin egin nuen bidaia,
baina ezin elkarrizketa egin,
euskaraz behar zuelako izan”

Baina ondoen kirolean ibiltzen zen. «Hitz berriak eta txertatu genituen lexikoan; esaterako, itzulia. Guk asmatua da, eta horrelakoak ondo hartu zituen entzuleak». Baina hitz zaharrak ere erabiltzen hasi ziren euskarazko kirol emanaldietan. «Nola esan, esaterako, futboleko ateko larguero? Baserri giroan eta asko erabiltzen zen langa edota langeta, eta horrela aukeratu genuen hainbat hitz. Txirrindularitzan, adibidez, avituallamiento nola esan? Basomutilek egun osoko jatekoa eramaten zuten basora, eta anoi esaten zitzaion horri. Ezin egokiagoa zen txirrindularitzarako, egun osoko jatekoa eramaten baitute txirrindulariek».

Kontakizunak egin, kontatzeko hitzak aurkitu… eta bidaiatu ere bai lanbideari esker: «Realaren ea Athleticen Europako partidetara joaten nintzen esatari lanetan. Leku askotan ibilia naiz: Frantzia, Italia, Ingalaterra,
bi Alemaniak, Bielorrusia…». Gogoan du bidaia batean egokitu zitzaion pagotxa, gerora hainbesterako izan ez zena, halabeharrez. «Maradonarekin egin nuen bidaia bat. Alboko eserlekuan izan nuen, eta solasean aritu ginen. Baina ezin elkarrizketa egin, euskaraz behar zuelako izan, eta jakina, Maradonarekin ezin ba».

Futbolaren baitan egindako bidaia horietatik, ondo gogoan dauzka bi entrenatzaile: “Alberto Ormaetxea zen Realeko entrenatzailea orduan, eta Javier Clemente Athleticekoa. Beti zeuden euskarazko hedabideari laguntzeko prest, eta asko inplikatu ziren. Clementek, esaterako, niri bakarrik aurreratzen zidan partidako hamaikakoa. Idazten nion paper batean euskaraz atean, atzekaldean, erdian eta aurrean, eta berak nik idatzitakoa ahoskatuz jokalarien izenak esaten zizkidan, bakoitzak zelaian zuen lekua aipatuz».

“Gure ofizioan asko balio du isilik egoteak,
konplizitateak eusteko;
ni isilik egitekoa naiz”

 Elorza Txapas

(A.M./Hitza)

Hasierako urte haietan ez zituzten oraingo baliabideak. Tokitan zeuden egungo telefono mugikorrak, Internet eta halakoak: «Telefono finkoa bakarrik geneukan, eta nola edo hala moldatu behar izaten genuen. Norbaiti elkarrizketa egin behar, eta etxera deitzen zenion: Aizu, 13:00etan deituko dizut, eta etxean egongo al zara? Baietz, baina gero, deitu 13:00etan, eta bera etxean ez».

Garaiak aldatu egin dira orain baliabideei dagokienez, eta erosoagoa da orain kazetariarentzat edo esatariarentzat. Pilotako emanaldiak egiten harrapatu du teknologia berrien iraultzak Elorza. Hortxe dabil azken urteetan. «Pilota aurkikuntza izan da niretzat», hasi da kontatzen. «Niretzat pilota ematea ez da soilik leku batera joan eta ikusten ari zena kontatzea; askoz gehiago da. Jantzia egon behar duzu mundu horretan, eta aukera daukagu horretarako, lehen ez bezala». Aldaketa handienetako bat honetan antzeman dio: «Lehen, kazetaria ez zen denera iristen».

Jantzita egon behar horretan, hemerotekari garrantzia ematen dio Elorzak. «Astero egiten dut pilotari buruzko Katedra saioa, eta hor tartea ematen diot hemerotekari. Badugu entzule multzo bat 70 urteren bueltakoa, eta amorratzen egoten dira lehengo kontu zaharrak entzuteko; azken batean, haiek bizi eta ikusi izandakoak dira». Hemeroteka lantzeak esan nahi du kontu zaharren berri jakin behar duela, eta horretan ordu asko egiten ditu. «Auskalo zenbat ordu ez dizkiodan eman lan horri. Koldo Mitxelenara joan eta garaiko egunkarietan begira ibiltzen naiz». Ez zaio partida jakin bateko emaitza bakarrik interesatzen. «Emaitzaz gain, ikusle kopurua zenbatekoa izan zen, pilotarien botilleroak zein izan ziren eta abar… gauza asko daude jakiteko».

Lehengo kazetarien ereduari jarraitzen dio Elorzak. «Mugitu egin ziren. Pilota enpresetako agintariekin egoten ziren, pilotariekin, artekariekin, ikusleeekin…». Bera ere hor ibiltzen da batera eta bestera. Horrek azken batean beste aukera bat ematen dio kazetariari: «Konplizitatea sortzen da eragile horiekin, eta beren laguna bihurtzen zara. Gero, gauzak kontatu egiten dizkizute». Baina konplizitateak badu beste alderdi bat ere: «Batzuetan, zerbait kontatzen dizu besteak, baina segituan esaten dizu ez zabaltzeko, ez botatzeko irratian. Gure ofizioan asko balio du isilik egoteak. Laguna galdu nahi ez baduzu, konplizitate hori galdu nahi ez baduzu, isilik gorde behar, eta ni isilik gordetzekoa naiz».

Gorde behar horretan, badu hala ere, pena handi bat: «Julian Retegirekin gertatu zitzaidan. Lagunak gara, askotan joaten gara elkarrekin bazkaltzera edota afaltzera. Eta esan zidan nola zihoan uztera pilota. Sekulako albistea zen, baina ezin nuen kontatu. Gero zer gertatuko, eta beste medio batek eman zuen albistea. Gertatzen dira halakoak, kirolariak, pilotariak edo dena delakoak kazetari bat baino gehiago izan ditzakeelako laguntzat».

Kirol sailaren arduradun
Kazetari eta esatari ez ezik, beste zeregin batean ere aritu izan da Elorza urte hauetan guztietan Euskadi Irratian. «Kirol sailaren arduraduna izan nintzen 26 bat urtez». Beste ardura batzuk dira agintzeari dagozkionak: «Agintean izateak beste zerbait dakar. Hasteko, erabakiak hartu beharra, eta jakina da erabaki batek ezin dituela denak gustura laga. Saiatzen zara batzuen gustoa egiten, baina konturatzen zara enpresa batean zaudela, eta enpresaren gustua dela bete beharrekoa. Eta jakina, enpresaren gustoa eta langilearena ez dira bat etortzen askotan».

“Umetatik maite izan dut irratia;
ikastera joan nintzenean ere
beti izan nuen ondoan irratia”

Berriz ere esatari edo kazetari bakarrik da, eta horretan segituko du. Noiz arte? «Auskalo. Sekula ez dago jakiterik. Berez, errelebo kontratu horietan sartzeko zerrendan nago, eta 61 urte dauzkat. Baina gustura nabil oraingo lanetan, eta gustura nabilen artean…». Baina helduko zaio erretiroa hartzeko garaia noizbait. «Pentsatu izan dut zer egingo dudan. Garbi daukat ni ez naizela gauza gutxi egiten dituenetakoa. Ez naiz egunero txikiteoan ibiliko, adibidez». Betiko zaletasun batean jarri du gogoa: «Beti izan naiz saltseroa, eta beti ibili izan naiz apunteak eta hartzen. Esaterako, Realaren hamaikako guztiak dauzkat gordeta, Olinpiar Jokoetako datuak, eta nola ez, pilotakoak. Buruz
buruko final guztiak gordeta dauzkan bakarra naizela uste dut. Agian, artxibo horiei guztiei forma emateko baliatuko dut erretiroa».

Horra Iñaki Elorzaren laneko bizimodua eta ibilbidea. Iñaki Elorza, Txapas. Ezizena ez da irratian duen jarioagatik, ez da Koldo Mitxelenan sartzen dituen ordu pilagatik. «Izan zitekeen, baina ez da» [barrez]. Ikasle garaian jarri zioten, Iruñean. «Literaturako klasean geunden, eta Jose de Esproncedaz ari zen Kixote deitzen genion irakaslea.
Hizketan ari nintzen albokoarekin, eta irakasleak harrapatu.

Callate Txapalangarra! bota zidan. Joaquin de Pablo zen Txapalangarra, karlistadetako generala, Esproncedaren garaikoa». Uda hartan, Azpeitira itzuli zenean oporretan, bere ezizenarena herriraino heldua zen. «Herrian denok daukagu ezizena, eta onartu egin behar nirea, ez da ezer gertatzen». Pilotaren munduan ibiltzeko ere egokia da Txapas ezizena. Gorria edo urdina izan ohi da. Elorzaren kasuan Txapa ez zen koloreduna izan: irratia atera zen.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend