“Arralde izeneko herri txiki hartako istorioa bukatu egin da”

Ezkerretik hasita Pedro Otaegi azpeitiarra, Maite Bastos zarauztarra eta Abelin Linazisoro zumaiarra (Aitor Manterola/Hitza)

Ezkerretik hasita Pedro Otaegi azpeitiarra, Maite Bastos zarauztarra eta Abelin Linazisoro zumaiarra (Aitor Manterola/Hitza)

Asko uste ez zutela, ospetsu izateko lehen pausoa eman zuten 1993ko egun batez. Euskal Telebistan, Goenkale telesaila hasi ziren ematen, eta aktore ziren Maite Bastos (Zarautz, 1954), Pedro Otaegi (Beizama, 1938) eta Abelin Linazisoro (Zumaia, 1942). Ezustean izan zuten lan hartan aritzeko aukera, eta azkenean, urteak egin zituzten bertan. Orain denboraren talaiatik begira jarri dira, eta oroitzapen mordoa ekarri dituzte hitzetik hortzera.

Nola sortu zitzaizuen Goenkalen aritzeko aukera?
Pedro Otaegi: Kontxuk [Kontxu Odriozola] deitu zidan. Pertsonaia bat falta zela, eta konformatuko al nintzen. Hiru hilabeterako zela. Proba egitera joan nintzen, eta Andu Lertxundiren aurrean jarri, eta etxepeko kontuak esaten hasi ginen. «bale, bale, bale», berak, eta aurrera.
Maite Bastos: Bera entxufearekin sartu zen [barrez]. Gu casting batera aurkeztu ginen. 5.000 pertsona-edo ginen. Ikasten ari nintzen bikoizketa, eta irakasleak esan zigun. Denok aurkeztu ginen. Bestela enteratu ere ez nintzen egingo. Ez nuen espero, eta lasai joan nintzen, presiorik gabe. Gauzak hobeto egiten dira hala.
P.O.: Ni ere probatzera joan nintzen, ez pentsa.
Abelin Linazisoro: Andreak egunkarian ikusi zuen casting bat zegoela, eta joateko. Langabezian nengoen, eta nik ezetz, «aurpegi honekin nola hartuko naute ba!». Ezetza banuela, eta joan nintzen. Lasai nengoen, pentsatuz ez nindutela hartuko. Egoera bat eman zidaten, irakurriz interpretatzeko. Umetan egina nuen antzerkia. Eta zinema ikusten ikasi dut interpretatzen. Hartzea ezustea izan zen. Zuzendariak, Joseba Gardeazabalek esaten zidan: «Zu nigatik zaude barruan. Halako aurpegi arraroa izanda, honek barruan behar du» [barrez]. Etxera etorri eta andreari esan nion:»Ana Mari, 3 hilabeterako lana daukat!». Gustura nengoen.

Nolakoa izan zen grabatzen hastea?
M.B.: Orduan sortu zitzaizkigun kakalarriak, grabatzen hastean.
P.O.: Kareta grabatzea izan zen lehen lana. Orioko gainean egin genuen. Orduan pentsatu nuen: «Non sartu naiz?».
M.B.: Antzerki gutxi egindakoa nintzen, eta, gainera, ze aktore zeuden han: Kontxu Odriozola, Jose Ramon Soroiz… Kareta egitera joan ginenean konplexuz beteta joan nintzen, eta nola edo hala aurrera egin behar da. Hasieran lorik egin ezinda ibili nintzen.
P.O.: Kontxu garai hartan hemengo aktore onenetakoa zen. Jose Ramon Soroiz bestea. «Zer egin behar dugu hauen artean?», esaten nion neure buruari.

Noiz esan zizueten bakoitzaren pertsonaia zein izango zen?
M.B.: 40 urte neuzkan, eta esan zidaten nire pertsonaia katekista zela. Beste ezer ez zidaten esan, ez alarguna nintzen, alaia, tristea, ezer ez. Zer egin orduan? Kontxurekin eta Arantxa Gurmendirekin [Hortentxi] askotan egokitzen zitzaidan grabatzea, eta hirurok hasi ginen pertsonaiak moldatzen. Guk egin genuen plana. Kontxuk esan zuen bera eibartarra izango zela, pultserak, eraztunak eta halakoak; Arantxak esan zuen agintzailea izango zela, eta ni urduria izango nintzela erabaki genuen. Hala hasi ginen, eta  «perfekto» esaten ziguten.
A.L.: Guk ere geuk moldatu genituen pertsonaiak. Kultur elkarteko langilea nintzela esan zidaten, baina hortik aurrera ezer ez.
P.O.: Ni postaria nintzela esan zidaten, eta aurrera.

Hobea al da pertsonaia aktorearen esku uztea?
M.B.: Ez, ez. Nahiago dut bestela izatea, nolakoa izan behar dudan esatea. Gure pertsonaiak bigarren mailakoak ziren hasieran, baina gero jendeari gustatu egin zitzaizkion, eta lan gehiago eman ziguten.

Maite Bastos, aktorea (A.M.)

Maite Bastos, aktorea (A.M.)

“Antzerki gutxi egindakoa
nintzen eta, gainera,
zer nolako aktoreak zeuden han”
Maite Bastos
aktorea

 

 

Goenkale eztanda izan zen.
P.O.: Pentsa, hiru hilabeterako zen, eta azkenean hogei urte egin ditu, eta hor jarraitzen du.
M.B.: Bai. Kulebroia izan zen, aurrenekoa estilo horrelakoa, eta egunero ematen zuten.
P.O.: Egunero, eta egunean egunekoa. «Bihar Sanmiel eguna da, eta egun hartako zerbait sartu behar da kapituluan», esaten ziguten.
M.B.: Hasieran justu ibiltzen ginen denboraz; astebeteko tartea grabatu eta emititzearen artean. Gero hamabost bat egun lehenago-eta ibiltzen ginen.

Noiz hasi zineten lasaitzen?
M.B.: Inoiz ez, egia esan.
A.L.: Kamerari beldurra galtzen diozu, baina denborarekin.
P.O.: Lau urte neraman Goenkale-n, eta eszena bat grabatzen hastera gindoazen. Ni Boga Bogan sartzen nintzela hasten zen. Hantxe zen Ainhoa Aierbe [Leonor], mostradore atzean, eta eskatu nion zerbait, eta basoa eskuan dardarka neukan. Lau urte neraman ordurako, baina urduri hala ere. Ainhoak esan zidan: «Ze Pedro, urduri al zaude? Ni beti!!».
M.B.: Oso erritmo azkarra izaten zen, eta lasaitzeko lanak. Batzuk grabatzen, besteak entseatzen… Fabrikako erritmoan ibiltzen ginen. Hasieran bederatzi sekuentzia grabatzen genituen eguneko, eta gero, hamazazpi.
P.O.: Entsegua ordu laurdenekoa izaten zen, eta gero grabatzera.

Pedro Otaegi, aktorea (A.M.)

Pedro Otaegi, aktorea (A.M.)

“Hiru hilabeterako lana
zela esan ziguten, eta begira,
20 urte iraun du telesailak”
Pedro Otaegi
aktorea

 

 

Zer moduz moldatzen zineten testuekin?
A.L.: Gidoiak gaizki idatzita egoten ziren. Ritxi zuzentzailea zen artista [Ritxi Lizartza]. Gidoilarien hanka-sartzeak zuzentzen zituen.
P.O.: Gidoirik zailenak Andoni Egañarenak ziren. Goi mailako euskara erabiltzen zuen. Ritxik herri mailara ekartzen zituen.
M.B.: Pertsonaien arabera ere ezberdina izaten zen hizkuntza. Baina gidoiak antzekoak ziren. Nik neuk aukeratzen nuen esaldi bat nola esan, «nire pertsonaiak hau ez zuen horrela esango» pentsatuz.

Hiru hilabete pasata, noiz esan zizueten segi egingo zenutela?
M.B.: ETBk erabakitzen zuen hori. Hasi orduko konturatu ziren egundoko audientzia zuela, eta ziur zeuden luzatuko zutela.

Halako arrakasta lortuta, aldatu egin al zen eguneroko zuen bizitza?
P.O.: Mundua etortzen zaizu, gainera. Ume mordoa inguruan, eta esaten duzu: «Jodeee!». Zestoan, eskolatik deitu ziguten joateko zerbait kontatzera, eta ordu eta erdi igaro genuen autografoak sinatzen Koiote tabernan.
M.B.: Boom-a izan zen.
A.L.: Sekuentzia batetik bestera tartea nuenean, Donostira joaten nintzen, eta egun batean, gizon zahar batek esan zidan kalean, Xatur kultur etxetik astebeterako edo bidali zutela eta: «Lasai, Xatur, hartuko zaituzte segituan lanean» [barrez].
M.B.: Oraindik ere askok Margari esaten didate.
A.L.: Andrea eta biok Ondarroara joan, eta ehun bat ume etorri zitzaizkidan «Xatur, Xatur!» oihuka. Beste behin, Goenkale-ren hirugarren urtean edo, Errenteriara joan, eta hantxe bueltaka ibili nituen lauzpabost andre, «Xatur majo, majete» esanez.
M.B.: Batzuetan ondo hartzen dituzu halakoak, baina eramaten txarrena hori zen niretzat. Lehen, garai batean, joaten ginen Kilometroak eta halakoetara, eta moztu egin behar izan nuen.
P.O.: Umeen eta adinduen jarduna ondo hartzen nuen, baina gazteena… Kalean joan, ikusi badatoztela, eta gurutzatu eta gero hasi «Euxebio, atzo zer moduz…?». Horrek amorrua ematen zidan. Aurrez aurre eta zintzo zetorren jendearekin, bale, baina bestelakoekin…
A.L.: Herri Urratsen autograforen bat ere sinatu nuen ikusle baten bizkarrean, arropa gainean.
P.O.: Ohitu gabe geunden, eta gainezka egin zigun.
M.B.: Hankak lurrean izaten jakin behar da. Telebistan asko aldatzen da egoera egun batetik bestera: batean goian zaude, eta hurrengoan behean.
A.L.: Ez da ezer sinetsi behar.
M.B.: Jendeari esan izan diot igeltseroak bezala garela. Gurea beste lanbide bat da. Ez gara ezberdinak telebistan azaltzeagatik.
A.L.: «Nahikoa larru joko dek orain», esan zidan batek kalean. Pentsa.
P.O.: «Aberasten ariko zarete», batek baino gehiagok. Diruarekin lotzen zuen telebistako lana.
A.L.: Frankista batek esan zidan behin hau: «Egia al da 500.000 pezeta irabazten duzuela?». Eta esan nion, brometan: «Ez, 600.000 edo». Han joan zen…

Ospea bai, baina zuen lanak ziurtasun gutxi zeukan: gidoilarien mende zeundeten, eta egun batetik bestera kalera agian. Nola bizi zenuten hori?
A.L.: Urtero sinatzen genuen kontratua, eta atal batek Istorioak eskatzen badu zure pertsonaia kentzea jasotzen zuen.
M.B.: Ez zegoen kalte-ordainik. Askotan egun batetik bestera esaten zizuten ez zinela azalduko tarte batean. Joan ginen ba Mediterraneora grabatzera? Erroman, Maltan, Monakon… hor ibili ginen. Leku batzuetan ez genuen grabatzeko baimenik, eta erdi ezkutuan grabatzen gintuzten. Egun osoa ibiltzen ginen mozorrotuta. Erroman ere ez zuten baimenik grabatzeko, eta esan zidaten: «Fontana Trevin egin ezazu zoroarena. Ezin da koska horretara igo, baina igo eta egin zoroarena». Jaitsiarazi egin ninduten, eta grabatu genuena, bere horretan bota zuten. Han ez zegoen gidoirik. Koliseoan soldadu baten ondoan jartzeko eskatu zidaten, eta «egin ezazu tuntunarena». Ia jan ninduen soldaduak ezpata aterata. Dena egin, eta esan zidan zuzendariak: «Ez duzu lanik hilabete batzuetan. Sentitzen dut». Sekulako berotua hartu nuen.
A.L.: Arrazoi politikoak tarteko bidali ninduten ni kalera. Idatzi nuen iritzi artikulu bat Berria-n eta Gara-n, salatuz terrorismoa salatzen zutenek ez zutela besteena salatzen. Astebetera aurpegi luzexkak ikusten hasi nintzen grabazioetan. Hilabetera zuzendaria etorri zitzaidan. Euxebio eta Margari maiteminduta zeuden, eta Xatur adarrekin zegoen. Aukera zuten gidoi harekin segitzeko lau urtez nahi izanez gero, baina zuzendaria etorri eta esan zidan: «Gidoilariak asmatu ezinda dabiltza zure pertsonaiarekin». Esan nion: «Hi ez haiz tontoa, ni ere ez, eta badakik eta bazekiat gidoilariengatik balitz, ni egunero egongo nintzatekeela hemen. Esan zidan: «Gerenteak esan dit ezin duzula segitu». Nik uste gerenteak iritzi artikuluaren berri eman ziela bere gainekoei. Zazpigarren denboraldian izan zen. Kanpora joan zen Xatur, eta gaur arte.
M.B.: Gu ere, Margari eta Euxebio Benidormen gaude, berez. Lanean zabiltza, eta ez duzu arrastorik datorren astean jarraituko duzun edo ez. Estresa sortzen dizu horrek. Esaten zizuten «ematen du urte osoa jarraituko duzula». Baina ezin ziur jakin. Gainera, ezin genuen beste lan batean aritu. Goenkale-n soilik jardun behar genuen. Hospital Centralen atera nintzelako egundokoak bota zizkidaten. Asteko plana begiratu nuen, eta bi egun nituen libre, eta Madrilgo aukera ere bi egunekoa zen. Baina Goenkaleko aldatu egin zidaten bezperan, eta esan nien Madrilera nindoala. Haserretu egin zitzaizkidan arduradunak, eta alde egin nuen handik. Itziar Zeberiorekin egundoko bronka izan nuen. Ez zizuten esaten berriz hartuko zintuzten.
P.O.: Aktore emakumezko bat negarrez ikusi nuen grabatzen hasi aurretik. «Esan didate banoala, ez dudala segitu behar, eta etxea oraintxe hartu dut».

Abelin Linazisoro aktorea (A.M.)

Abelin Linazisoro aktorea (A.M.)

 

 

“‘Lasai, hartuko zaituzte berriz lanean’,
esan zidan gizon batek,
Xatur kultur etxetik bota berritan”
Abelin Linazisoro
aktorea

 

 

Aipatu duzue presaka ibiltzen zinetela lanean. Horrek eragina izaten al zuen interpretazioan?
A.L.: Testua balekoa bazen, aurrera segitzen zuten. Hau da: grabazioan testua ondo esana bazegoen, aurrera jotzen zuten. Eta ni igual gustura geratu ez interpretazioarekin, baina nola azkar atera behar zen, aurrera.
P.O.: Ni sekula ez nintzen gustura geratzen egindako lanarekin.
A.L.: Mikel Garmendia zenak [Joxe Mari] entsegua sekulako ondo egin zuen, eta gero grabazioan atera ez, baina aurrera egin behar sekuentzia harekin.
M.B.: Ardura izaten zenuen, gaizki eginez gero, beste askoren lana izorratzen zenuelako. Kezka puntuarekin ibiltzen nintzen beti.
P.O.: Audioarena ere handia zen gero. Sartu naiz Boga Bogan, eta audioaren arduradunak: «Hemen hots arraro bat entzuten da. Moztu!». Patrikan eskuak sartuta, autoko giltza nuen bertan, eta tiki-taka ari nintzen soinua ateratzen. Soinu hura entzuten zen.

Nolakoa zen giroa lan taldean?
M.B.: Gure artekoa oso ona zen.
P.O.: Familia baten pareko ginen. Lehengo batean Iñaki Perurenari galdetu nion giroaz, eta esan zidan orain eskasagoa dela.
M.B.: Orain jende asko pasatzen da serietik, eta denborarik ere ez da izaten giroa sortzeko.

Lehengo eta oraingo Goenkale berdinak al dira?
A.L.: Oraingoak gangster hiria ematen du. Polizia tiroka, pistolak… Hori New Yorken gertatzen da, ez hemengo herri txiki batean. Lehen herri txiki batekoa zen, Euskal Herrian zegoen girotua, eta hemengo errealitatea azaltzen zen. Jendea errazago identifikatzen zen.
P.O.: Arraldeko istorio hura bukatu egin da.
M.B.: Thriller modukoa da orain. Lehen jendeak esaten zidan: «Etxekoa zara, egunero egoten zara gurean afaltzen». Sekulakoa da hori. Oilo ipurdia jartzen zitzaidan, malkoak atera ia.

Zenbat denbora egin zenuten zuek Goenkale-n?
M.B.: Nik 15 urte.
P.O.: Nik 11. Madrilen bukatu nuen neska baten atzetik, eta han ibiliko da oraindik Euxebio.
M.B.: Pribilegiatuak izan gara, hainbeste denboran aktore leku batean ezin baita egon egun.
P.O: Balantza batean gauza onak eta txarrak jarrita, gauzak onak gehiago izan genituen.
M.B: Denok hori pentsatzen dugula uste dut. Gustuko lana eta ordaindutakoa gainera, luxua da hori.

Etxean ikusten al zenuten gero?
M.B:  Hasieran bai, gero ez. Jendeak kalean galdetu egiten zidan honetaz eta hartaz, eta ni txoroarena egiten, ez nekiela… Gure etxean ez ikusten hasi ginenean, denok egin genuen paso.
P.O: Nik beti ikusten nuen. Jendeak nola segitzen zituen istorioak…  Komeni zitzaidan istorioak nola segitzen zuen ikustea. Orain ez dut ikusten, eta jendea harritu egiten da horrekin.

Harrigarria ez al da jendeak nola sinesten zituen Goenkaleko egoerak?
P.O: Egia da hori, jendeak zenbateraino sinesten zuen han gertatzen zena… Mikel Garmendiari emakume batek hau esan zion behin harategian: “Aizu Joxe Mari, zergatik ez duzu egurtzen zure andre hori mostradore atzera joanda?!. [barrezka].
M.B:  Kalean behin esan zidan batek: “Zer egin diozu Xaturri, kulparik ez dauka”. “Xatur ze, non da? A ze jeta daukazun!”, esan zidaten beste behin.
P.O:  Behin, Loiolan gertatu zitzaidan hau niri. “Atzo ikusi hintudan ohean txoroarena egiten. Holako andre polita edukita zer habilek!”, esan zidan lagun batek. Eta han gurekin egoten zen adar-jotzaile batek azkar erantzun: “Lasai Fidel. Ez al zenuen ikusi tapakiaren gainean zituela eskuak? Horrela ez dago ezer egiterik!”. (barrezka).
M.B:  Ni ezkondu nintzen normal-normal, eguneroko arroparekin. Bada, Xaturrekin ezkondu nintzeneko argazkia amak dauka gordeta nire benetako ezkontzako argazkia balitz bezala. “Ama gezurra dela!”, esaten diot nik. Eta berak: “Berdin zait, oso ondo zaude horrela”.
A.L: Ni ere antzera ezkondu nintzen, zu bezala Maite… eta amak esaten zidan: “Telebistan behintzat ondo ezkondu zara. Zuen artekoa ez zen ez ezkontza eta ez ezer izan!”.

Itzuliko al zinakete Goenkale-ra deituz gero?
P.O:  Ez. Testuak ikasi eta ikasi hasi behar hori… Testuak luzeak dira, eta zailak!
M.B: Alfergura latza ematen dit! Testuei dagokienez, nireak mortalak ziren; hiztuna zen-eta Margari. Testua ondo ikasita eraman behar zenuen. Disziplina handia zen.
A.L: Gero, baziren testu desegokiak ere. Felipe Juaristiren testu batean, esaterako, “arrantzaleak San Juan de Luzera, Frantziara” jartzen zuen, eta Ritxiri esan nion aldatu egingo nuela, eta baietz hark. Ertzainen aldeko testu bat ere bai behin, eta nik nola esan ba, hura? Ritxik utzi egiten zidan nahi nuen bezala esaten.
P.O: Testuen harira, hik Abelin, badaukak ba anekdota polita Gardeazabal zuzendariarekin, andarika gora eta behera…
A.L:  A bai! Joseba Gardeazabali behin esan nizkion Zumaiako hitz batzuk… andarika eta. “Behin egingo dugu grabatu, Euskaltzaindiako hiztegia eman eta hasi bilatzen andarika hitza”. Ez zen azaltzen. “Ez zagok, Euskaltzaindiako hauek ideiarik ere ez daukate”, esan behar nuen sekuentzian. Harena izan zen ideia, zuzendariarena, ofizialari, kasu honetan Euskaltzaindiari, kontra egiteko.
P.O: Niri Joseba horrek “todo eso en la mitad de tiempo”, nik makal hitz egiten nuen eta.

Izango dituzue anekdota mordoa kontatzeko…
M.B: 40 urte neuzkan Goenkale hasi zenean, eta Margarik 60 bat zeuzkan. Pasa ziren urteak, eta gaztetu egin nintzen seriean. Ez neuzkan 80 urte, pertsonaiari tokatzen zitzaion bezala. Izoztu egin nintzen denbora batez. [barrezka].
P.O:  Hartze faltsuak gustura ikusten nituen nik. Behin, Paul Zubillaga [Goenkalen Xabier] grabatzen ari zen Miramon kanpoan… eta atzeko pareta gurpil gainean egoten zen. Bada, “5,4,3…grabatzen”, eta pareta haize kolpeak mugitu zuen [barrezka].
.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend