Imanol Urbietaren ‘Bakarrik eta libre’ omenaldi diskoa aurkeztuko dute bihar

Bakarrik eta libre badoa. Bakarrik eta libre gaztea. Poltsikoan eskuak, oinak arrastaka. Luzea da bidea. Luzea da Imanol Urbietak haurrei zuzendutako musikagintzan eta pedagogian egindako ekarpena. Aitzindaria, oparoa eta eskerga. Urtetako lana aitortze aldera, merezitako hamaika omenaldi egin dizkiote han eta hemen, eta oraindik etorriko direnak. Zarauzko Udaleko Kultura Sailak omenaldi disko berezia prestatu dio, Elkar etxearen babesean argitara emango duena. Berezia da bilduma bat delako, baina ez nolanahikoa. Gaur egungo pop-rock taldeek eginiko bertsioz osatutako tributu diskoa, Bakarrik eta libre deiturikoa.

Mikel Kazalis eta Eñaut Elorrieta, Fidelenea estudioan, grabazio prozesuan (Argazkia: Mikel Kazalis)

Mikel Kazalis eta Eñaut Elorrieta, Fidelenea estudioan, grabazio prozesuan (Argazkia: Mikel Kazalis)

Kultura Sailak eskatuta, Mikel Kazalisek hartu zuen proiektuaren ardura eta koordinazioa urte hasieran. «Pixka bat harrituta jaso nuen proposamena. Erantzukizun potoloa zela konturatzen nintzen, baina, aldi berean, ohore bat. Lan polita, eta gogoz egingo nukeena, Urbietari diodan errespetuagatik eta miresmenagatik». Hamalau abesti jaso dituzte, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Su Ta Gar, Mursego, Anari, Fermin Muguruza eta Joseba Irazokiren ahotsean. «Oso harro nago osatu dugun zerrendarekin».

Prozesu luzea
Taldeak aukeratzea edo parte hartuko luketenak lotzea, ordea, ez da lan makala izan. «Otsailean hasi nintzen artistei posta elektronikoak bidaltzen, eta oraintsu bukatu du­gu diskoarekin», azaldu du Kazalisek, prozesu nahiko luze joan dela agerian utziz. «Hasieran, udalak ekainerako nahi zuen diskoa, baina epeei dagokionez ezinezkoa zela ikusi nuen, musikari asko beren lanak grabatzen edo prestatzen ari zirelako. Ondorioz, udazkenera atzeratzea erabaki genuen».

Itxaroteak merezi izan du, euskal musikagintzako artista esanguratsuak elkartu ahal izan dutelako. «Izen horiek lortu izanak bultzada handia eman dio diskoari. Horiez gain, beste batzuk ere eduki nahi genituen, Ruper Ordorika, Berri Txarrak edo Delorean, eta horiekin guztiekin hitz egin nuen, baina kontu bategatik edo besteagatik ezin izan zuten. Alde horretatik, gonbidatuak aukeratzerakoan ez ginen kikildu». Hala nola, herrikoak ere ahaztu gabe: Lou Topet, Pariak Bai, Makala Jazz Funk Band eta Matxura. «Hasierako ideia ere hori zen, herrikoren bat edo beste sartzea. Ez zen lehentasuna, baina ordezkaritzaren batek egon behar zuen».

Askotariko bertsioak
Denetariko musikariak bildu dituzte, era askotariko proposamen musikalekin. «Ikaragarri zabala da, eklektikoa esaten dena. Abesti bakoitzak ez du zerikusirik hurrengoarekin. Grabatzen ari nintzen heinean, xehetasun horretaz konturatzen nintzen. Kanta guztiak egile berarenak dira, baina guztiz ezberdinak». Horrek ere kezka apur bat sortzen duela onartu du proiektuaren koordinatzaileak. «Taldeei horrelako proiektu baterako deitzerakoan ez dakizu zerekin etorriko diren. Zorionez, ezusteko polita jaso dut. Txundituta geratu naiz taldeek zeinen ongi jakin izan duten haurrentzako abestiak beren estilora eramaten, eta, zentzu horretan, txapela kentzeko lana egin dute. Azkenean, diskoaren ideia hori zen. Horren harira, taldeen artean besteek zer egin duten jakiteko gogoa sortu da».

'Bakarrik eta libre' diskoaren azala

‘Bakarrik eta libre’ diskoaren azala

Artistak aukeratzea bezala, abestiak hautatzea ere ez da lan erraza izan. Imanol Ubietaren bikotekide Kontxi Aizarnarekin elkarlanean, abesti zerrenda bat osatu zuten musikariek erreferentzia bat izan zezaten. «Askatasuna eman diegu nahi zuten abestia hartzeko. De­na dela, errepikatzeko arriskua zegoen, eta hori gertatuz gero, negoziatu egin behar zen. Zorionez, kasu bakarra izan dugu, eta segituan konpondu genuen». Fermin Muguruzak, adibidez, Kalera, kalera abestia grabatu du. Askorentzat abesti herrikoia bada ere, musikaren egilea Imanol Urbieta da, eta hitzena Josu Txapartegi Txapas. Bitxikeria modura, abesti hori disko batean jaso duten lehen aldia dela jakitera eman du Kazalisek.

Diskoan ageri diren abesti guztiak Kazalisen ardurapean grabatu dituzte Fidelenea estudioan, hiru izan ezik. Pirritx eta Porrotx pailazoen eta Andoni Egañaren Manolo abestia, eta Split 77 eta Aiora Renteriaren Txiki, txiki, txikia aurretik grabatuta zeuden; eta Su Ta Gar taldeak bere disko berriaren grabazio saioak aprobetxatu ditu, Haizearen herrira-ren moldaketa jasotzeko.

Haur helduentzat
Haurrei zuzendutako abestiak dira Urbietarenak, baina disko honek publiko zabalaren belarrietara iritsi nahi du. «Hasieran batzuk zalantzak zituzten, haurrentzako disko bat ote zen ala ez. Elkartu ginen musikariak eta bakoitzak jorratzen duen musika kontuan hartuta, argi zegoen ezetz. Baina batek daki. Agian, egungo haurrek oso gustura entzuten dute. Nolanahi ere, ohiko haur-musika kontzeptu horretan ez da sartzen. Gehiago da abesti horiek entzunez hezi ginenok nola berrikusten ditugun, gure modura eginda».

Hala eta guztiz ere, haurren ahotsak entzun daitezke bilduman; esaterako, Anarik egindako Gitarra bat abestian. «Hasieran, bere horretan ongi zegoela iruditu zitzaidan. Anarik, ordea, haurren ahotsak sartu nahi zituen, eta bere taldeko kideen seme-alabak ekarri genituen estudiora, baita nireak ere, eta kantuan jarri genituen. Azken emaitza entzunda, sekulako magia gehitu diote haurrek abestiari». Matxurak, bere aldetik, Kalabera abesti originalaren zatiak sampleatu ditu bere moldaketan.

Antza denez, Urbietak berak entzun ditu bere abestiak zaharberrituta. «Badakit ahalegin bat egiten ari dela diskoa asimilatzeko. Beretzat ez da erraza izango, harmonia klasikotik datorrelako, eta abestien egilea izanda, horietako zenbait iraulita daudelako. Bertsio libreak dira eta, ondorioz, normala da berari zail egitea. Baina, orokorroan, gustura eta oso pozik dagoela uste dut. Kontxi bikotekideak, behintzat, lan ona egin dugula esan digu».

Grabazio-prozesuaren dokumentua filmatu egin du Kazalisek, Hodei Estebanen laguntzarekin. Orain, muntaia txiki bat osatu nahi dute, bihar Donostian eta asteartean Zarautzen egingo duten aurkezpen saioetan erakusteko. Modelo aretoan, gainera, bildumako talderen batek zuzenean joko du; ekitaldia 19:00etan hasiko da. Diskoaren azala Jose Luis Zumeta artistak egin die, eta Kazalisen ustez, «luxu» bat izan da. «Diskoa biribiltzeko ginga hoberena izan da».

Ez dago iruzkinik

Send this to friend