Ines Osinaga, Gose taldeko abeslaria: “Jendeak nabari du egiten duguna erraietatik ateratzen zaigula”

Ines Osinaga Gose taldekoa (Saioa Gauilunak)

Ines Osinaga Gose taldekoa (Saioa Gauilunak)

Gose musika taldea Zarauzko Udaberri Fest jaialdian izango da larunbat honetan kontzertu bat eskaintzen. Trikitixa eta musika elektronikoa uztartzen aintzindaria izan da talde arrasatearra, eta Goseko abeslari Ines Osinaga (Arrasate, 1982) hamarkada bateko ibilbideaz aritu da UROLA KOSTAKO HITZArekin.

Udaberri Fest jaialdian joko duzue Zarautzen. Entzuleak dantzan jartzeko prest joango al zarete bertara?
Guk beti esaten dugu: geuk eskenatoki gainean nahi duguna egiten dugun bezala, eskenatokiaren aurrean daudenek ere nahi dutena egin behar dutela. Hala ere, kontuan izan behar da dantzatzen dagoen herri bat ez dela inoiz hilko; dantzatu ezin bada, ez dela gure iraultza.

Zer eskainiko duzue larunbateko kontzertuan?
Azken diskoak presentzia handia du bira honetan. Nik uste dut musikariok beti saiatzen garela azken lana defendatzen. Dena dela, gure disko guztiak ditugu maiteak, eta bost diskoetako kantuak eskainiko ditugu. Kantu lasaiagoak, abesti kañeroekin nahastuko ditugu. Izerditu egingo gara, eta saiatuko gara kontzertura hurbiltzen dena entzuten; guztiaren gainetik, zerbait berezia eskaintzen. Gose entzun egiten da, ikusi egiten da eta batzuetan ukitu ere egiten da. Zarautzen jotzeko irrikaz gaude, eta aurten gogo berezia dugu udaberriaz gozatzeko.

Ia etxean bezala sentituko zara, zeuk harreman berezia baituzu eskualdearekin, ezta?
Bai, astelehenetik ostegunera getariarra naiz. Trikitixako eskolak ematen ditut han, eta oso gustura nago. 40 ikasletik gora ditut, neska pila ari da trikitixa ikasten, eta lan pila bat egiten. Trikitixako irakasle bezala, nahiko nuke beraiengan fruitua emango duen hazi bat ereitea hemendik urte batzuetara. Alegia, urte batzuk barru hartu dezatela soinua nahi dutenean eta hori jotzea izan dadila beraiek barruan dutena argitaratzeko eta ondo pasatzeko bidea.

Gose ezaguna da trikitixa musika elektronikoarekin uztartzen aintzindaria izateagatik. Zenbaitentzat erokeria izan liteke nahasketa hori?
Ez dugu inolako konplexurik, gure hautua da trikitixa nahastea ordenagailuekin, sintetizadoreekin eta mota horretako makina guztiekin. Guk beti esaten dugu, makinak eta arima nahasten ditugula. Ikusten ez direnak, baina sentitu eta entzuten direnak makinak izango lirateke, eta bestetik, arima alderdi humanoa izango litzateke. Gu, alegia.

Zergatik animatu zineten trikitixa eta musika elktronikoa uztartzera?
Guri Maurizia gustatzen zaigu, baina baita Prodigy ere. Beraz, zergatik ez? Nik beti esaten dut kalimotxoa asmatu zuenari ere nahasteka aldrebesa egiten ari zela esango ziotela, eta orain ohituta gaude ardoa kola freskagarriarekin nahastera. Niri ardoa asko gustatzen zait, eta erokeria handiagoa iruditzen zait kalimotxoa, trikitixa musika elektronikoarekin nahastea baino. Ni trikitixa mundutik nator, eta trikitixa jotzen dut, baina Laja eta Landakanda ez diren talde asko ditut gustuko. Gose aukera izan zen gustatzen zitzaizkigun bi mundu uztartu, eta sudur puntan jartzen zitzaiguna egiteko, aurreiritzi eta konplexu guztiak alde batera utzita. Egia da, zenbaitentzat ezinezko nahasketa bat dela, baina hamar urteko ibilbidean frogatu dugu ezinezkoa ez dela; jendeari gustatzen zaio, gainera.

Askotan kosta egiten da gauza berritzaileak egitea, ezta?
Euskal Herrian ez dago talde askorik trikitixa eta musika elektronikoa uztartzen dituenik; guk orain arte ez dugu besterik aurkitu. Dena dela, uste duguna baino talde gehiagotan erabiltzen dute ordenagailua beste musika tresna bat bezala, eta zenbaitetan gizakiz mozorrotutako makinak ere badituzte. Guri hori ez zaigu gustatzen, makina makina da, eta gizakia, gizakia. Guk sintetizadoreak erabiltzen ditugu, baina ez ditugu ahotsak distortsionatzen.

Uztarketak nolako jendea erakarri  du?
Badago jendea trikitixa asko gustatzen zaiona eta Gose gustatzen ez zaiona; baita musika elektronikoa gustatuta Gose gustatzen ez zaiona ere. Eta izango da jendea trikitixa eta musika elektronikoa gustatu ez, eta Gose atsegin dutena. Hala ere, egia da Gose jende askorengana iritsi dela; hasieran zenbaitentzat erokeria zenak sinesgarritasuna eta errespetua irabazi du. Laborategiko talde bat gara, baina zuzenean benetan izerditzen gara. Estudioa da gure laborategia eta disko bat egitean gustatzen zaigu baliabide guztiak erabiltzea, baina zuzenean ez gara DJ bat. Zuzenekoetan askoz gertuago gaude talde punki batetik, DJ batetik baino. Jendeak antzematen du egiten duguna erraietatik ateratzen zaigula.

Ez dago iruzkinik

Send this to friend