Pago eta arteek ia 20 hektareako eremu bateko pinudia ordezkatu dute Izarraitzen

IZARRAITZEN_PAGO_ETA_ARTEA-2 IZARRAITZEN_PAGO_ETA_ARTEA-3Izarraitz mendira begiratu, eta paisaia desberdina ikus daiteke azken hilabeteetan. Hango pinudi handia botata dago, eta horrek «nahasmena» sortu du hainbat azkoitiarren artean. «Oso nabarikoa da aldaketa, herritik garbi ikus daiteke. Jende asko etorri zaigu basoa bota egin dugula kexu, eta zer gertatu den galdezka. Udaletxera ere jo omen dute batzuk», esan dute Pello Eizagirre eta Juan Jose Astigarraga hango lurren jabeek. Horren aurrean, eskuartean duten proiektua argitu nahi izan dute biek, eta jakinarazi dutenez, «zuhaitz autoktonoak» landatzeko asmoz kendu dituzte pinuak.

Hogei hektareako sail pribatua dute biek, baina hemezortzi hektarean ari dira egiten landaketa, eta pinuaren ordez pagoa eta artea landatzen ari dira. Esan dutenez, Gipuzkoako halako landaketarik handiena da egiten ari direna, eta horrek «balio natural handia» emango dio herriari. Eizagirrek eta Astigarragak lur saila bi zatitan banatuta dute, eta otsailean hasi ziren proiektuarekin: «Hogeita hamasei urtetan eduki dugu pinua sartuta. Egun, ordea, pinuak ez du baliorik, eta gainera gaitzak jota dago Gipuzkoan eta Bizkaian. Azpeititik Zumaiara artean ikusi besterik ez dago pinudi guztiak gorri-gorri daudela».

«Pinuak ez du etorkizunik, gurean ez behintzat. Berriro zuhaitz hori landatzea alferrikakoa izango litzateke», esan du Astigarragak. Horregatik jo dute arteara eta pagora. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzen bidez ari dira lanak egiten, eta teknikariek hainbat azterketa egin dituzte hasi baino lehen. Azterketa horien arabera ebatzi zuten lur horietan «oso aproposa» zela pagoa eta artea landatzea, lur jabeen esanetan. 13.000 zuhaitz berri ari dira sartzen, eta lan guztiak eskuz ari dira egiten. 500 metro baino gehiagotan pagoa landatuko dute, eta gainontzekoan bi zuhaitzak nahastuko dituzte.
Dagoeneko eremurik handienean egin dute landaketa, eta gainontzekoa datozen hilabeteetan amaitzea aurreikusten dute. Era berean, eremu osoa hesitu egingo dute, ibilgailuak eta animaliak sartu ez daitezen. Gainera, duela 34 urte egin zuten pista bat ere garbitu egin dute landaketaren aurrean.

Balio naturala
Orain gutxira arte ohikoa zen pinuak landatzea, baserritarrentzako sostengu bide zirelako. Oraindik orain ere pinudi asko ikus daitezke inguruetan, baina egun, ohiturak eta ikuspegiak aldatzen ari direla diote: «Azken urteetan nekazariak ari dira egoeraz ohartzen, eta lehen pinua sartzen zen bezala, orain lizarra, haritza… landatzen dute. Aldundia ere ari da zuhaitz autoktonoak sustatzen». Lur jabeak kritiko dira pinuen egoerarekiko, eta orain arte «kontrolik gabe» landatu izan direla diote. «Lurra asko kaltetzen dute, eta suteren bat ere gertatzen bada, oso arriskutsuak dira».

Mende bat barru helduko dira landatutako arteak eta pagoak: «Batzuk hostoa ateratzen denerako gozatzen hasten dira. Zuhaitzak txikiak egonda ere, lehengo lur idorra orain eremu aberasgarria izango da». Izan ere, landaketarekin «ondorengo belaunaldiei» begiratu badiete ere, irabazi ekonomikorik ez dutela izango adierazi dute. Beraz, halako tamainako landaketa batek herriari emango dion balioan jarri dute atentzioa, «naturari dagokionez handia izango delako».

Ez dago iruzkinik

Send this to friend