“Kudeaketa ona” egiteko prestatutako taldea aurkeztu du Azkoitiko EAJ-k

Hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Azkoitiko EAJk (Ane Olaizola)

Hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Azkoitiko EAJk
(Ane Olaizola)

“Pertsonak lehenetsiz, gobernu eta administrazio kudeaketa ona egiteko prestatutako taldea” osatu du Azkoitiko EAJk. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen alderdiak udal hauteskundeetarako zerrenda, eta Javier Zubizarreta alkategaiak adierazi zuen “herrigintzan” arituko direla, “karrera politikorik” egin gabe: “Ez dugu helburu politikorik. Pertsonentzat lan egin nahi dugu, herriarentzat. Borondate honek, noski, kudeaketa eta baliabideekin batera joan behar du”.

Hautagaiek besteak beste industria, merkataritza eta baserri munduarekin dituzte harremanak, eta horien inguruko diagnostikoa egina dutela adierazi zuten. Hain zuzen, euren hautagaiek “kudeaketa ona, gustuz egina eta planifikatua” dutela berretsi zuten. “Hori guztia errespetutik eta lortu ahal dugunaren konbentzimendutik egingo dugu, promes faltsurik eta inposaketarik gabe”. “Herriaren zerbitzura” egon behar dutela uste dute, horiek direlako “herriaren jabe bakarrak”; “euren eskubideak gauzatu eta betebeharrak beteko dituzten” herritarrez hitz egin zuen Zubizarretak.

Zubizarreta da zerrendaburua, eta honakoek osatzen dute lan taldea: “Ana Azkoitia Urteaga, Nekane Larrañaga Aizpuru, Miguel Angel Bastida Aranbarri, Angel Luis Martin Rodriguez, Sonia Vazquez Tejerina, Imanol Arrizabalaga Larrañaga, Asier Lizarralde Aramendi, Maitane Unanue Azkue, Mari Jose Arregi Etxeberria, Mikel Zubizarreta Orbegozo, Bakarne Usobiaga Txurruka, Mikel Juaritsi Izagirre, Yolanda Larrañaga Arrieta, Josemari Arrieta Juaristi, Mari Karmen Blazquez Jimenez eta Jexus Zubiaurre Olaizola. Aurkezpenean, Asier Aranbarri Azkoitiko Uri Buru Batzarreko lehendakariak— bera arduratu da lan taldea osatzeaz—, Mikel Zubizarreta egungo zinegotziak, eta Ana Azkoitia bigarren hautagaiak ere hitz egin zuten.

EAJren ustez, “hurbiltasuna” indartu behar da, “elkarbizitzarako bidea” hori delakoan. “Diplomazia gehiago eta istilu gutxiago behar dugu, jarrerak hurbiltzeko eta indarrak batzeko, interes orokorraren alde”. Azaldu dutenez, egina dute Azkoitirako proiektua, eta programarekin batera aurkeztuko dute, maiatzaren 7an, 19:00etan, Elkargunean.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend