Batukada, kontzientzia hartzeko tresna bezala

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek batukada ikastaroa antolatu zuten duela hilabete batzuk elkarlanean eta, orain, bigarren deialdia zabaldu dute. Ainara Sarasketa azkoitiarra eta Arantxa Vicedo dira irakasleak.
Ainara Sarasketa azkoitiarra batukada irakaslea da. (Ana Abarisketa)

Ainara Sarasketa azkoitiarra batukada irakaslea da. (Ana Abarisketa)

Batukada ikastaroan izena emateko epea zabaldu dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek. Ikastaroa indartzeko asmoz indarrak batzea erabaki zuten bi udalek eta batukada ikastaroa sortu. Hamabi eskolaz osatuta dago ikastaroa, erdiak egin dituzte jada eta, orain, azken seietan izena eman daiteke. Azkoitiko Elkargunean egingo dira denak.

Duela lau urte hasi ziren Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo batukada ikastaroak ematen. Ustekabean izan zen, Sarasketaren hitzetan. “Arrasaten hasi nintzen batukada irakasle bat behar zutelako, orain, goraka doan zerbait da”. Azkoitian ez ezik Zarautzen ere aritzen dira.

Ikastaroa berdintasun sailek antolatu dute, elkarlanean: “Batukada feminista ikastaroa da, batukada bera tresna bat da guretzat, izugarrizko indarra du gainera. Baina klaseetan ez da musika bakarrik lantzen; emozioak lantzen ditugu, elkar zaintzeko balio digu”. Oinarrizko helburua da emakume bakoitza bere buruaren jabe izatea lortzea. “Askorentzat ikastaro terapeutikoa da”, dio.

Klaseetan dinamika ezberdinak lantzen dituzte: “Musika-tresna bat jotzen ikasteko musika eskolara joan behar da, gure helburua bestelakoa da: musika tresna bat jotzen erakusten dugu, baina ikasketa prozesu horrek zerbaitetarako balio izatea nahi dugu, nork bere burua ezagutzeko eta kolektiboki ere zerbait egiteko”.

Kaleak hartu

Batukada ikastaroak talde lana sustatu nahi du, eta lan kolektibo horren barruan sartzen da “kaleak okupatzea”. Abenduaren 3an, Euskararen Eguneko egitarauaren barruan, batukada soinuak kalera atera zituzten. Euskal Herri osora zabaltzen den batukada sare bat dago osatuta. Kale ekitaldi bat antolatzen dutenean beste herrietakoei zabaltzen die deialdia. Sare hori Euskal Herriko II. Batukada feministak antolatzen ari da orain, otsailerako.

Emakumeen arteko lana

Batukada ikastaroa parte hartu nahi duen edozein emakumeri zuzenduta dago. “Emakumeok lotsa galtzea nahi dugu, zarata ateratzen duten instrumentuak jotzen ikastea, dena kontrolpean izan gabe geure burua ezagutarazten; hori da gure helburua, eta horrexegatik dago emakumeei bakarrik zuzendua”. Behin lanketa hori egin ondoren, denek lukete taldera batzeko aukera.
Ikastaroan izena emateko idatzi berdintasuna@azkoitia.eus-era edota parekidetasuna@azpeitia.net-era.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend