Ibon Gaztañazpi: “Gertu ditugun pertsonak ez ditugu behar bezala ezagutu eta baloratzen”

Ia arnasa hartzeko denborarik gabe bizi da Gaztañazpi, Euskal Herriko txoko batetik bestera. Astero lagunekin Orioko pilotalekuan egiten duen pala saiora bidean aurkitu du HITZAk.
(E. Albizu Lizaso)

(E. Albizu Lizaso)

“Haizeak nondik jo, bide beretik” ibili izan da Ibon Gaztañazpi (Orio, 1977). Nekazal ingeniaritza ikasten hasi zen 18 urterekin, eta hiru hilabete igaro zituen horretan. Obran ere jardun zuen lanean; eta, gero, zuzenbidea ikasten hasi zen, “beroaldi horietako batean”. AEKn bi urte egin zituen, eta iraileko egun batean komunikazioa ikasi nahi zuela otu zitzaion: “Hasi eta segituan jakin nuen horixe zela niri gustatzen zitzaidana”. Arraunean ere aritzen zen, baina bi ogibideen artean aukeratzeko unea iritsi zitzaion: “Komunikazioaren alde egin nuen, eta proposatu zidaten estropadetan aditu gisa ibiltzea. Hortik aurrera, telebistan egin dut ibilbidea”. Orain, ETB1eko kirol emanaldietan edo Herri People saioan ikus daiteke.

Han eta hemen ibili ostean, non sentitzen zara erosoen?

Gauzak probatzen sentitzen naiz erosoen. Dena den, arrauneko lana gustatzen zait gehien; izan ere, arrauna bezala ez dut menderatzen beste gairik. Arazoa da denen gustuko gauzak ez ditugula esaten beti, eta ez dela egoera erosoa esatariarentzat. Giro gordina du arraunak: halakorik ez dut ezagutu beste kiroletan. Herri People-n ere oso gustura sentitzen naiz, batik bat, jendearekin presarik gabe hitz egiten dudanean.

(E. Albizu Lizaso)

(E. Albizu Lizaso)

Nola sortu zen Herri People?

Euskal Herria Zuzenean saioan genbiltzan orduan. Egunero, lau-bost minutuko zati bat egiten genuen, elkarrizketatuekin. Ekoiztetxeak proposatu zigun, elkarrizketa horiekin, ordubeteko saio bat egitea, ikus zezaten nola funtzionatzen zuen. Gustura aritzen naiz formatu horretan.

Hastapenetatik aldatu da formatua, ezta?

Bai, aurten tematikoagoa da. Uste dut lehengo formatoa freskoagoa zela, baina Prime Time-erako saioa sortzeko, hau da, ikusle gehien dituen ordu tartekoa, programatzaileen aginduak ere kontuan hartu behar dira.

Telebistan ezer ez da ziurra. Pantailan jarraituko ote duzun ez jakiteak eragiten du eguneroko lanean?

Aurten nabaritu dut presio hori. Zuzendari lanetan nago, lehen aldiz, eta telebistako alde txarrena ari naiz ezagutzen. Produktuen balorazioa, esate baterako, oso gogorra da. Izan ere, askotan, audientzia izaten da irizpide bakarra gure lana epaitzeko. Horrek baldintzatu egiten du lana.

Negozio huts bat da telebista?

Telebista publiko batean ari gara lanean, eta hori bereizi behar da. ETB1-ean mantentzen da, neurri batean, zenbait eduki eta formaturen aldeko apustua. Telebista publikoak egin behar du hori, eta zor die ikusleei. Kontua da lehiatzen ari garela negozio huts diren telebista kateen aurka. Horrek, askotan, baldintzatu egiten gaitu. Audientziak telebistaren munduan obsesio ere bilakatu dira. Burtsa bezala da, azkenean; horren baitakoa da produktu batek jarraitu edo ez.

Herri People nor da?

Epeleko Joxe Luix da Herri People: joan den urtean eta aurten atera den Oiartzungo (Gipuzkoa) gizon bat. Lantaldean gaudenean esaten dut: «Epeleko Joxe Luixen bila joan behar dugu». Zer du ba hark? Norbait anonimoa dela, hedabideetan oihartzunik izan ez duena, euskal hiztun aberatsa dena, apartetik gorako hiztuna, istorio pertsonal sendoa duena eta telebistarako grazia puntua izan dezakeena. Euskal Herri honetan ezaugarri horiek dituen herritar mordoa dago. Gainera, telebista oso gutxitan joan da haien bila. Herri people horiek ez dira aurkitzen Interneteko bilatzaileen bidez. Horretarako, herri batera joan behar duzu, eta jendeari galdetuta atera behar duzu aztarna.

Gertu ditugun pertsonak ez ditugu ezagutzen behar bezain beste?

Ez ditugu behar bezala ezagutu eta baloratzen. Gure saioekin ikusi dugu herritarrak hunkitu egin direla, iritsi egin zaiela gure mezua. Telebistan, beste batzuen formatuak saiatzen gara kopiatzen. Bitartean, hemen egin dezakegu geurea den zerbait, geure jendearekin.

(E. Albizu Lizaso)

(E. Albizu Lizaso)

Denboraldi honetan tematikoak dira saioak. Nola zehazten dituzue gaiak?

Programatzaileek emanda datozkigu. Gaia hartzen dugu, eta herritarrak aurkitzen ditugu. Dena den, hartzen ditugu lizentziak iruditzen zaizkigun elkarrizketak tartekatzeko, beti ere mamiarekin lotuta.

Saioa ikusten dute herritarrek, baina zer lan du atzetik?

Hasierakoa da lanik zailena eta garrantzitsuena: jendea aurkitzea eta haiekin elkarrizketak lotzea. Ondoren, hiru grabaketa egun izaten ditugu, eta saiatzen gara geografikoki multzokatzen elkarrizketak. Gero, edizioa, mozketak eta abar gelditzen dira. Lan azkarra da, beti presaka egin beharrekoa, baina gustura nago, Euskal Herria ezagutzeko aukera ematen ari zaidalako.

Euskaldunak prest daude kameraren aurrean hitz egiteko?

Jendea zenbat eta ezezagunagoa izan, orduan eta prestuago egon ohi da. Hala ere, bost pertsonatik bik, gutxi gorabehera, ezezkoa ematen digute. Dena den, gauza on bat ari zaigu gertatzen: programa ezagutzen duen jendeak baiezkoa ematen digu, oso gertuko ikusten gaituelako. Elkarrizketa proposamenak ere jasotzen ditugu herritarrengandik, hori oso positiboa da.

Zer ari zara ikasten herri people horiengandik?

Ikusi dut herri honetan sekulako gaiak, gaitasuna eta istorioak ditugula. Herri bizi bat da hau, eta talentu handia dago. Egunerokoan, hedabideetan ikusten ditugun albisteekin ez dute zerikusirik gure saioan parte hartzen dutenek, beste begirada bat da. Bestalde, oso hiztun aberatsak ditugu, eta hedabideetan ez dira existitzen batera eta bestera gabiltzanean entzuten ditugun euskarak. Horrez gain, ikusi dut baserrietan indar asko dagoela, kostan ere bai, eta udalerritik udalerrira jendea oso dela desberdina.

Programa norentzat egiten duzue?

Ez dakit norentzat egiten dugun, baina xedea da euskaldunek gu oso hurbileko sentitzea. Jendea identifikatuta sentitzea bilatzen dugu. Edadeko herritarrek ikusten gaituzte, eta gazteek ere bai. Gustatuko litzaidake herritarrek sentitzea komunitate baten zati garela.

Herri people da Ibon Gaztañazpi?

Ziur aski hala izango naiz. Denok izan gaitezke herri people. Gustatuko litzaidake euskaldun guztiak banan-banan elkarrizketatzea. Izan ere, denek dute beraien istorioa, seguru.

(E. Albizu Lizaso)

(E. Albizu Lizaso)

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend