Bizi kalitatea hobetzea helburu, agintarien laguntzaren zain daude familiak

Mari Karmen Seijasek Eusko Legebiltzarrean hitz egin zuen astelehenean. Hainbat gurasok Donostia Ospitaleko onkologia pediatrikoan somatzen dituzten gabezien berri eman zuen batzordean. "Oso urduri geunden, baina dena oso ondo joan zela uste dut", azaldu du. Joan den abendutik dabil ospitalera bueltaka semearekin.
Mari Karmen Seijas bere bi seme-alabekin, atzo, Azkoitian. (Ana Abarisketa)

Mari Karmen Seijas bere bi seme-alabekin, atzo, Azkoitian. (Ana Abarisketa)

Seme-alabak minbiziak jota dituztenek bakarrik dakite halako egoera bizitzea zer den. Horrexegatik, hain zuzen, elkar babesten dute Donostia Unibertsitate Ospitaleko onkologia pediatrikoko arloan. Azkoititik hara bueltaka dabil semearekin Mari Karmen Seijas joan den abendutik hona. Orduan esan zioten semeak leuzemia zuela.

Umearen gaixotasunari aurre egiteaz gain, beste borroka bat ere hasi zuten orain hilabete batzuk: Donostiako erietxeko pediatria arloan duten leku falta saihestea. Eta pauso handi bat eman du aste honetan bertan. Herenegun, astelehenean, Eusko Legebiltzarrean hitz egin zuen Seijasek Osasun Batzordean, EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko legebiltzarkideek egindako eskariei atxikita. “Oso urduri geunden, baina dena oso ondo joan zela uste dut”, azaldu du hark. “Politikariak hunkitu ere egin ziren”. Ez zen bakarrik izan Legebiltzarrean, Olatz Oregik ere hitz egin zuen.

“Egia esan, latza da toki faltan nola gauden ikustea”. Atzo bertan izan zuten azken gertaera. “Hiruzpalau eguneko tratamendua jasotzera joan zen ospitalera ume bat, eta lau ordura itzultzeko eskatu zioten familiari, tokirik ez zutelako”. Ospitaleratze hura programatuta zuen familiak, baina logela bat bera ere ez zegoen hutsik une hartan. “Ume horrek makina bati lotuta egiten du lo”.

Seijasek esker ona besterik ez du ospitaleko onkologo, erizain eta garbitzaileentzat. “Lanez gainezka daude”, dio. Joan den otsailean bildu zen ospitaleko zuzendariarekin: “Geroz eta ume gehiago dagoela eta arazoa handitzen ari dela esan nion”. Diru falta argudiatuta arazoa ezin zutela konpondu erantzun zion zuzendariak. Hark azaldu duenez, zazpi logela daude ospitalean; bost bakartuak eta bi bakartzetik kanpo. Guzti horiek beteta daude ia beti, izan ere, hamabost bat familia inguru dabiltza hara bueltaka orain.

Logela gehiago izatea ez da familia horiek eskatzen duten aldaketa bakarra, garrantzitsuena bada ere. Unitatean haurrentzako toki ludiko bat izatea ere nahiko lukete, gai diren umeak bertan jolas dezaten. Oraingoz, ez dute halakorik.

Familiak, itxaropentsu

Mari Karmen Seijasek laguna du Ainara Goenaga Azkoitiko EH Bilduko zinegotzia. Hari, behin baino gehiagotan azaldu dizkio ospitaleko gorabeherak, “lagun bezala”. “Halako batean, deitu zidan esanez udaletxean aurkeztu zuela gaia, eta Rebeka Uberarekin bilera bat antolatu zutela”. EH Bilduko legebiltzarkidea da Ubera, eta Azkoitira joan zen Seijasekin biltzera. “Hark esan zidan parlamentuan aurkeztu behar zela gaia, eta tramite guztiak berak egin zituen”.

Orain, Osasun Batzordean hitza hartu ostean itxaropentsu daude familiak: “Posible da egoera hau aldatzea. Pediatrian tokia badago, baina itxita”.

Herritarren babesa

Azken hilabeteotan ingurukoen eta herritarren babesa gertu sentitu du familiak. “Asteak, hilabeteak eman ditugu ospitalean nahiko gaizki, eta jendeak dena eman digu. Halere, esaten diet: ezin duzue ezer egin”. Egunerokotasunean, eta beste alabarekin laguntzeko, beti omen ditu gertukoak esku bat botatzeko prest.

Aspanogi, Minbizia duten haurrak dituzten familiak batzeko Gipuzkoako elkarteko kideak ere badira. Horien azken ekimena izan da herriz herri gailetak saltzea, eta Azkoitian buru-belarri ibili da Seijas.

Hain justu, ekarte horrek ere baditu eskakizunak Donostiako Unibertsitate Ospitalean hobekuntzak egin daitezen. Joan den hilean egon ziren horiek legebiltzarrean, sare publikoaren barruan haur eta guraso guztientzako arreta psikologikoa bermatzea eskatzeko. Seijasek zera esan zuen herenegun legebiltzarrean: “Askotan animoak hanka azpian izaten ditugu, eta adituen gomendioak gustura jasoko genituzke. Guretzako batetik, baina baita umeei nola lagundu jakiteko ere”.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend