Begiak irekitzeko bidaia bat

‘Jendartean bidaide: inklusioaz formatu txikian’ antzezlana interpretatzen dute Agirrezabalak eta Iruretak. Ikusleei erakutsi nahi diete pertsona denek dutela zerbait berezia besteei emateko.
Telmo Irureta eta Xanti Agirrezabala

(E. Albizu Lizaso)

Usurbilen ikusi zuten elkar lehen aldiz Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) eta Telmo Iruretak (Zumaia, 1989). Leku berera zihoazen, nahiz eta ez zuten inoiz elkarrekin hitz egin. Tren beretik irten ziren, eta Alex Tello zuzendariarekin zuten hitzordura abiatu ziren. Segituan sortu zen harmonia ona bien artean, eta solasean iritsi ziren lantaldearengana. Jendartean bidaide antzerkia prestatzeko bildu ziren lehen aldiz; bidaiaren hasiera zen hura.

Dena den, bazuten elkarren berri bi gazteek; izan ere, oso gertutik ezagutzen dute biek ala biek antzerkiaren eta telebistaren mundua: esperientzia dute bi esparruetan, eta Dantzerti arte dramatiko eta dantzako eskolako ikaslea da Agirrezabala. “Xanti Agirrezabala jarri nuen Youtubeko bilatzailean, eta horrela identifikatu nuen”, azaldu du barre artean Iruretak. Agirrezabalak, berriz, telebistatik ezagutzen zuen zumaiarra.

Telmo Irureta eta Xanti Agirrezabala

(E. Albizu Lizaso)

Dozena bat lagunek osatzen dute Jendartean bidaide antzezlaneko taldea, Atea konpainiaren barruan. Joan den irailean estreinatu zuten obra. Aniztasunaren eta inklusioaren inguruko lana da; eta, Iruretaren hitzetan, erakutsi nahi dute “pertsona guztiak desberdinak direla”. “Denok dugu besteei eskaintzeko moduko zerbait, eta guzti-guztiok ikas dezakegu zer edo zer ondokoarengandik: hori ikusarazi nahi dugu”, esan du.

Ideia berari jarraiki, obra “soildua” sortu dute, Jendartean bidaide: inklusioaz formatu txikian antzezlana. Zuzendari bera dute bidelagun, baina Agirrezabala eta Irureta dira aktore bakarrak. “Obra handia oso zaila zen mugitzeko, eta mezua aprobetxatuta, lana sinplifikatu genuen”, azaldu du Agirrezabalak. Ezingo lukete genero batean sailkatu antzerkia: “Ez da komedia, ez da drama… barreak, haserreak eta emozioak dituen lana da, antzerkigintza klasikotik urruntzen dena”.

Halere, bi obrak “desberdinak” direla azaldu dute. “Formatu handian prestatu genuena bisualagoa da; bigarren honetan, hitzek eta elkarrizketek dute pisua”, adierazi dute. Jendartean bidaide “publiko guztientzat” eginiko lana da; baina formatu txikian prestatutako obrak “ulermen gehiago” eskatzen du. “Antzekotasunak badituzte ere, guretzat obra berri bat eraikitzea bezala izan da”, azaldu du Agirrezabalak. Apirilean hasi ziren prestaketekin, Zumaiako Gaztetxean egositako antzezlana da: “Gustura eta erraz egin dugu lana elkarrekin”.

Iruretak nabarmendu du “oso eroso” sentitu dela inklusioaz hizketan: “Gertu tokatu zaidan esperientzia bat da niretzat, neu naiz, azken finean, pertsonaia. Horrek lasaitasuna ematen du”.

Hausnarketa helburu

Telmo Irureta eta Xanti Agirrezabala

(E. Albizu Lizaso)

45 minutuko obrarekin, hamaika gai lantzea lortu dute aktore gazteek. “Generoa, urritasuna, bullying-a, menpekotasuna eta mendekotasuna eta abar ukitu ditugu”, esan dute. Ikus-entzuleak hausnarketara bideratu nahi dituzte. “Bi lagunen arteko elkarrizketa bat da, hasiera eta bukaera finkorik gabe. Finean, bizitzaren zatitxoak dira, jendeari zer pentsatua eman diezaioketenak”, azaldu du Iruretak.

Izenburuak berak dioen moduan, inklusioaren garrantzia azaleratu nahi dute: “Egunerokoan nola bizi garen, eta konturatu gabe zer aurreiritzi eta jokabide ditugun ikus dezakegu”. Aktoreen arabera, guztiek esan dezakete inklusioa praktikatzen dutela edo horren alde daudela, baina antzezlanak balio du norberaren hutsuneak ikusteko: “Adibide bidez ulertuko dute non huts egiten duten edo zeren inguruan ez duten nahikoa pentsatu”. “Begiak irekitzeko ariketa da”, esan du Agirrezabalak. Azpeitiarrak interpretatzen duen pertsonaiak uste du aniztasunean bizi dela, eta kontziente dela “gizarteko joerez”, baina Iruretak irekitzen dizkio begiak, eta erakusten dio asko duela ikusteko, ikasteko eta pentsatzeko.

Herritarrak ukitzeko lana

‘Jendartean bidaide: inklusioaz formatu txikian’ antzezlana interpretatzen dute Agirrezabalak eta Iruretak

(ATEA konpainia)

Ikusleen eta antzezleen artean “lotura berezia” sortzeko asmoz, zenbait baliabide izan dituzte kontuan. Esate baterako, beraien hitzak zeinu hizkuntzara itzultzen dituzten bi emakume dituzte lankide gisa. “Inklusioaz jardutean, ezin zuen bestela izan”, nabarmendu du Iruretak. Formatu handian nahiz txikian, bietan dituzte itzultzaileak. Bestalde, betaurreko beltzak erabiltzen dituzte “txantxa gaiztoak” egiten dituztenean: “Horrela ere lortzen dugu ikusleengana iristea, badakitelako betaurreko beltzak ditugunean umoretik ari garela, edo ez garela benetako gu”. Hitza ez den komunikatzeko beste modu batzuk aurkitu dituzte, beraz, antzezleek.

Horregatik ere, agian, jaso dituzte “kritika onak” ikusleengandik. Azpeitiko Sanjuandegi auzoan, Agirrezabalaren bizilekuan, obra egin zuteneko gaua dute gogoan: “Kalean egin genuen, horrek ekar ditzakeen zailtasunekin, eta jendea oso ondo portatu zen, guztiak egon ziren isil-isilik eta adi-adi”.

Ilusioz heldu zioten joan den uda hasieran Jendartean bidaide lanari eskualdeko bi gazteek. “Lagun asko eta onak” ezagutu dituztela azaldu dute, eta eskerrak eman dizkie aukera horregatik Tello zuzendariari. Bien artean, zuzendariaren laguntzarekin, hasi zuten bide berria Aste Santuaren ostean. Aniztasuna baliatu dute bikote magikoa osatzeko, bidaia jarraitzeko.

Hitzorduak zain

Lau aldiz egin dute Jendartean bidaide: inklusioaz formatu txikian lana jendaurrean: Donostiako Kirol Egokituko Federazioan, Azpeitiko Sanjuandegi auzoan, Adunan eta Orion. Beste bi hitzordu ere finkatuta dituzte dagoeneko: Bergaran, irailaren 20an; eta Zumaian, irailaren 30ean. Horrez gain, urriaren 7an, Orion egingo dute formatu handiko lana.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend