Egoitz Mateos: “Gure aurtengo helburua ligan bandera batzuk irabaztea da”

Egoitz Mateos. (Maitane Subijana)

Egoitz Mateos. (Maitane Subijana)

Pasa den asteburuan Orion 3. postuan sailkatu zineten, eta aurreko estropadan bandera irabaztea lortu zenuten Donostian. Zer gertatu zen Orioko estropadan?

Azken asteetan gorakada bat antzeman genuen arraunlariok taldean; entrenamenduak gero eta hobeak ziren, eta espero genuen emaitzak ere hobera egitea. Ondarroak estropadaz estropada garesti jartzen du bandera irabaztea, baina, azkenean, Donostian bandera irabaztea lortu genuen. Oso gustura gaude. Orion hirugarren izan ginen, baina uste dugu maila oso ona eman genuela.

Itsasoan ibaian baina hobeto moldatzen al zarete?

Itsasoan faktore askok eragiten dute, eta, normalean, traineru batetik bestera dauden aldeak handiagoak izaten dira denborei dagokionean. Ibaian, aldiz, baldintza antzekoetan jokatzen dugu denok, eta talde batetik bestera denboretan aldeak txikiagoak izaten direnez edonor sartu daiteke tartean.

Arraunlari bezala zer moduz ikusten duzu taldea?

Taldea ondo ikusten dut. Prestaketarekin behetik gora goaz, eta denboraldiaren hasieran hainbat zalantzarekin hasi baginen ere, astean-astean hobetzen ari garela dirudi.

Taldeak azken urteotan bilakaera jasan duela uste al duzu?

Ni hasi nintzenetik gaur egunera asko aldatu da Getariako trainerua. Hasiera horretan oso talde desberdina ginen; gero eta gehiago gara Getariako arraunlariak, eta urtez urte proiektua egonkortzen joan dela uste dut. Dena dela, taldea mantentzeko zenbait arazo izaten ditugu denboraldiaren hasieran; urtero aldaketak izaten dira, eta taldea berregin behar izaten dugu.

Bertako traineruak bezala, KAE 1 liga ere indarra hartzen ari al da?

Liga oso polita dago, aurten sei talde banderarako lehian gabiltza, eta gutako edonork irabazi dezake bandera. Hala ere, Ondarroa oso indartsu dabil, eta gure aurtengo helburua ligan bandera batzuk irabaztea izango da.

Aurreko urteetan gertu izan duzue San Miguel liga jokatzeko aukera, baina azkenean ez zenuten lortu mailaz igotzea. Zer sentipen izan zenituzten?

Oso gogorra izan zen. Iaz itxaropentsu geunden, urtean zehar talderik indartsuena izan baiginen. Dena dela, play off-a asteburu batean jokatzen da, eta, sailkapen estropadetan, Zumaia gu baino indartsuagoa izan zen.

Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen al du?

Momentuan gauza asko pasatzen dira burutik, baina denborak konpontzen du dena. Azaroa iristen denean, entrenamenduak hasten direnean, berriro animatu egiten gara.

Aurten San Miguel ligara igotzeko itxaropenik ba al duzue?

Ez dugu horretan pentsatu ere egiten. Sailkapen orokorrean bigarren postuan gaude, eta horri heltzen badiogu play off-a jokatzeko aukera izango dugu. Dena dela, aurreko urteetan gertatutakoa ikusita, batek daki zer gertatu litekeen.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*