Xabier Madina abeslaria hil da

Bakarlari gisa zein musika taldeetan aritutakoa zen Madina. Bilbon jaio, baina bost urterekin Azpeitira etorri zen bizitzera. Madinaren hileta elizkizuna bihar, osteguna, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da, 19:00etan.
Xabier Madina 2008ko argazki batean. (Uztarria)

Xabier Madina 2008ko argazki batean. (Uztarria)

Xabier Madina (Bilbo, 1945) abeslari eta musikaria hil da gaur, asteazkena. Jaio eta lehen bost urteetan Bilbon bizi ostean, Azpeitira etorri zen bizitzera familiarekin.

Musika munduko lehen pauso garrantzitsua 1969an eman zuen; izan ere, Iruñean egin zen Espainiako Kantu Txapelketan hartu zuen parte eta bigarren egin zuen. Ondoren, bakarlari gisa aritu zen eta disko batzuk ere kaleratu zituen.

Bakarlari gisa hasi aurretik, baina, Juan Mari Lasa eta Luis Mari Galdosekin El Trio Belter hirukoan aritu zen. Ondoren, Egan taldea martxan zela, Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiekin, Iñaki Arenasekin eta Xabier Saldiasekin aritu zen emanaldiak egiten. Lehena, Gau Txorin egin zuten. 1975 inguruan, berriz, Akelarre taldean sartu zen Madina. 1982an utzi zuen.

Gaixotasun bat zela medio, Xabier Madinak koma egoeran 22 egun egin zuen 1990ean. Egoera horretan zela, 1990eko abuztuaren 28an, Euskadi Irratian haren kantu bat jarri eta hil egin zela jakinarazi zuten.

Madinaren hileta elizkizuna bihar, osteguna, izango da 19:00etan, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend