2017-01-17

Eneida Etxabe: “Uda guztiko lanaren emaitza izan da igandeko estropada”

Eneida Etxabe (Aiora Larrañaga/Hitza)

Eneida Etxabe (Aiora Larrañaga/Hitza)

ENEIDA ETXABE – Getaria-Zarautz traineruko entrenatzailea

Taldeak igandean egindako lanarekin gustura al zaude?
Oso gustura nago taldeak egin duen lanarekin, denboraldia bukatzeko modu onena hau izan da. Nik aurten ez dut arraunean egin, entrenatzaile bezala nabil, eta anaia dut laguntzaile.

Ezustekoa izan al zen igandeko emaitza?
Baietz uste dut. Entrenamenduetan ikusten genuen taldea hobetzen ari zela, eta forma polita hartzen ari dela. Udako estropadetan Donostiarrarekin lehian ibili gara, baina Orio, Hibaika eta San Juanengandik oso urrun, horiek koska bat gorago baitaude. Bestetik, denboraldian zehar Cabo gertu izan dugu, baina gu baino hobeak izan dira. Horregatik, guretzat ezustekoa izan da Donostiarra atzean uztea eta Cabori aurrea hartzea.

Zein izan zen gakoa?
Nik uste dut uda guztiko lanaren emaitza izan zela igandeko estropada. Neguan ezin izan dugu behar den bezala entrenatu, baina uda aurrera joan den neurrian forma hartzen joan da taldea, eta Donostiako Estropadara sasoi betean iritsi gara.

Behetik gorako bilakaera izan duzue, beraz?
Bai, taldea oso gaztea da. Talde batek denbora behar du egonkortzeko, eta hori arraunean eginez lortzen da. Alde batetik, arraunlari bakoitzak ikasi eta esperientzia hartu behar du, eta, bestetik, taldeak bere osotasunean egonkortu egin behar du. Ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, arraunean kilometro asko egin behar dira. Ez da denboraldi bakar batean lortzen, hainbat urteko bidea izaten da.

Zein helbururekin joan zineten Donostiako Estropadara?
Arrraunean ondo egitea eta egindako lanarekin gustura geratzea zen gure helburu nagusia. Helburua bete genuen, igandeko estropada bikaina izan zen. Arraunlariak eroso sentitu ziren estropadan zehar, eta hor dago gakoa.

Emaitzak taldeari bultzada eman al dio?
Urteko hitzordurik garrantzitsuenean denboraldiko estropadarik onena egin dugu. Horrek asko motibatu du taldea, eta entrenamenduetan antzematen da. Nolabait, aurrera jarraitzeko indarra eta grina eman digu. Uda oso luzea egiten zaie arraunlariei, eta igandeko emaitzak une gogorrak ahazteko balio izan du; une gozoa bizi dugu.

Igandean zein asmorekin joango zarete Donostiara?
Argi dago hiru traineruren artean dagoela bandera irabazteko lehia. Gu ohorezko txandan gaude, eta, gure lana ondo egiten eta gozatzen saiatuko gara. Laugarren postu horri eustea izango da gure helburua.

Uste duzu ohorezko txandan egoteak laugarren posturako lehian abantaila txiki bat emango dizuela?
Ez zait iruditzen. Agian, Caborekin txanda berean jokatzea, aurkariarekin buruz buru jokatzea, errazagoa izango litzateke. Ohorezko txandan gure estropada egin beharko dugu, erlojuaren aurkakoa izango da gure lehia.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*