Ikastaro ugari eskainiko ditu udalak ikasturte honetan

Lana bilatzen edo lanaren kalitatea hobetzen laguntzeko eta euskaraz ez dakitenek lanerako euskara ikas dezaten saioak antolatu dituzte. Horrez gain, aisialdirako, hezkuntzarako edo garapen pertsonalerako ikastaroak ere izango dira. Eskoletan parte hartzeko izen-ematea zabalik da dagoeneko.
Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziak. (Julene Frantzesena)

Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziak. (Julene Frantzesena)

Langabetuei eta landunei zuzendutako formakuntza ikastaroen eskaintza zabaldu du Azpeitiko Udalak ikasturte honetarako. “Langabeziari aurre egitea da udalaren lehentasuna, eta erronka horretan formazioak garrantzi handia du”, adierazi du Estitxu Elduaien zinegotziak. Horregatik, 200.000 euroko partida jarriko dute formakuntzaren arloa “sendotzeko”. Dena den, ikastaroek lana bilatzen laguntzeko ez ezik, “lanaren kalitatea hobetzeko” ere balio dezaketela uste du udalak. Hala, Deustuko Unibertsitatearekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta Banaiz Bagararekin elkarlanean antolatu dituzte ikastaroak.

Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean enpresa eta finantza arloko hainbat ikastaro antolatu dituzte. Bestalde, UEUrekin elkarlanean hasi da udala, eta ikastaroa antolatu dute software librea eta Ubuntu erabiltzen ikasteko. Horrez gain, euskaraz ez dakitenek lanerako ikas dezaten Euskal sukaldaritza zaintzaileentzat ikastaroa antolatu dute.

Berrikuntza horiez gain, aurreko ikasturteetatik martxan dauden ikastaroak eskaintzen jarraituko du, hala nola mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematekoa. Jada lanean ari direnek profesionalizazio titulu hori lortzeko falta dituzten moduluak eskainiko ditu udalak, eta langabezian daudenentzat ere titulu bera lortzeko ikastaroak eskainiko dituzte. Horrez gain, mendeko pertsonen zainketaren inguruko ikastaroak antolatu dituzte, Matia-Ingema elkartearekin elkarlanean.

Hamabi ikastarok osatzen dute Azpeitiko Udalak udazkenerako prestatu duen formazio eskaintza. Honako hauek dira ikastaroak, egutegiak eta ordutegiak.

  • ‘Enpresaren lege alderdiak. Oinarrizko esparru juridikoa’ (David Fernandez Retana, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 3, 5, 10, 17, 19, 24, 26 eta 31. 14:30etik 16:30era. Gaztelaniaz izango da.
  • ‘Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat’ (Angel Ardanaz, Deustuko Unibertsitatea). Azaroak 2, 7, 9, 14, 16, 21, 23 eta 28. 14:30etik 16:30era.  Gaztelaniaz.
  • ‘Gu eta besteak? Kulturak, identitateak eta lurraldeak gizarte globalean’ (Andrea Ruiz Balzola, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 16 eta 26 eta azaroak 2, 9, 16 eta 23. 16:00etatik 18:00etara. Gaztelaniaz.
  • ‘Euskal mitoak eta euskara’ (Manu Etxebarria, Deustuko Unibertsitatea). Urriak 4, 11, 18 eta 25 eta azaroak 8 eta 15. 16:00etatik 18:00etara. Euskaraz.
  • ‘Software librea eta Ubuntu: oinarrizko ikastaroa’ (Maider Likona, UEU). Azaroak 7, 14, 21 eta 28 eta abenduak 5 eta 12. 17:00etatik 20:00etara. Euskaraz.
  • ‘Euskal Herriko oroimen historikoa’ (Eztizen Miranda, UEU). Ikastaro hau on line emango dute, azaroaren 4tik abenduaren 2ra. 17:00etatik 19:00etara. Euskaraz.
  • ‘Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala’ (Rakel Gamito, UEU). Azaroak 12, 19 eta 26. 09:00etatik 12:00etara. Euskaraz.
  • ‘Elkarrekin sukaldean’ (Banaiz Bagara eta Lurdes Arteaga). Urriak 5, 12, 19 eta 26 eta azaroak 2. 15:00etatik 17:00etara. Euskaraz.
  • ‘Euskal sukaldaritza zaintzaileentzat’ (Banaiz Bagara eta Lurdes Arteaga). Azaroak 9, 16, 23 eta 30 eta abenduak 7 eta 14. 15:00etatik 17:00etara. Ele bitan.
  • ‘Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan, lanean daudenentzat’ (irakasle adituak). Urriaren 1etik abenduaren 20ra. 15:00etatik 18:30era. Ele bitan.
  • ‘Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan, langabezian daudenentzat’ (irakasle adituak). Ele bitan.
  • ‘Mendeko zaintzaileentzat ikastaroak’ (Ingema-Matia). Urritik abendura. Ele bitan.

Izen-ematea zabalik

Dagoeneko eman daiteke ikastaro horietan, udaletxera joanda edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Saioak Baigera Ieko 4. solairuan emango dituzte, udalak klaseak emateko egokitu baitzuen gela hori iaz.

Ikastaro batzuk doan izango dira, eta beste batzuk ordaindu egin beharko dira. Hala ere, Elduaienek azaldu duenez, ordaindu ezin dutenen matrikula bere gain hartuko du udalak. Ikastaroen prezioak ikusgai daude udalaren webgunean.

“Herritarrak animatu nahi ditugu ikastaro horietan izena ematera eta formatzera, bai langabezian daudenak, bai lana hobetu nahi dutenak eta baita gainerako guztiak ere”, adierazi du zinegotziak. Horrez gain, eskainitako ikastaroak “kalitatezkoak eta maila onekoak” izango direla azpimarratu du.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend