Nola azaldu hitzez barruko mina

'Francoren bilobari gutuna’ antzezlaneko lantaldea Azpeitian egonaldia egiten ari da larunbatera arte. Hilaren amaieran estreinatuko dute frankismoaren inguruko lana.
'Francoren bilobari gutuna' antzezlaneko entsegu bat, Azpeitiko Soreasu antzokian. (Ihintza Elustondo)

‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlaneko entsegu bat, Azpeitiko Soreasu antzokian. (Ihintza Elustondo)

Frankismoa aipatu, eta amaiezina bilakatzen da giza sarraskien zerrenda. Gernika. Torturak. Erailketak. Bortxaketak. Kartzela. Haur abandonatuak. Gerra ageri da oroimenean, bere gordintasun osoan. Sufrimendua eta mina. 1936ko gerra amaitu bazen ere, haren zama bizkarrean suma daiteke oraindik, motxila bat bailitzan. Eta horri guztiari hitzak jartzea, min hori azaleratzeko modu bat izan daiteke, nolabait. Aurrera jarraitzeko bide bat. Asmo horixe du Francoren bilobari gutuna antzezlanak. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek elkarlanean sortu dute.

Duela bi urte inguru hasi ziren Ximun Fuchs zuzendariak buruan zerabiltzan ideiei forma ematen. Ordutik, egonaldika ari dira egiten sormen prozesua, eta, aste honetan, astelehenetik larunbatera, Azpeitian da lantaldea. Goiz eta arratsalde egiten dituzte entseguak Soreasu antzokian, eta herrian gelditzen dira gaua pasatzen. Lehen Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba zenak eta orain Kulturaz denak sustatzen ditu halako egonaldiak. «Euskal antzerkigintza bultzatzea da asmoa, herrian dagoen azpiegitura bati probetxua ateraz», adierazi du Aitor Bengoetxea Kulturazeko programatzaileak. Azpeitiko egonaldiaren ostean, Luhusora (Lapurdi) lekualdatuko da lantaldea, eta han estreinatuko dute obra, hilaren 31n. Azaroaren 4an Azpeitian taularatuko dute, eta, ekaina bukaerara bitartean, beste 50 bat emanaldi dituzte lotuta.

Trama ospitale batean garatuko da. Pertsonaiak gaixorik daude, baina badute berezitasun bat gaixotasun horiek: indibidualak bezain kolektiboak dira. Harreman zuzena dute Euskal Herriko historiaren atal batekin: 1936ko gerran dute jatorria.

Antzezle bakoitzak pertsonaia bat baino gehiagoren rola jokatuko du. Baina bi dira gehien xehetuko direnak. Horietako bat Erika Olaizola aktore azpeitiarrak interpretatuko duen Iñaki haurra da. Hark gutun bat idatziko dio Francoren bilobari. “Ekintza bat martxan jarriko du, eta gero ez dakigu ekintza horrek nora eramango gaituen. Horretan da abentura”, adierazi du Manex Fuchs aktoreak.

Ispiluaren efektua

“Ispilu lana” egingo du antzezlanak, Olaizolaren esanetan: “Pertsonaiek bizi dutena denoi gertu geratzen zaigu. Bakoitzak bere erara, baina denok jaso ditugu horrelako milaka istorio etxean. Azkenean, denok daramagu motxila hori gainean; pisatu egiten digu, arnastu egiten dugu. Eta guk aurrera jarraitu ahal izateko, oso garrantzitsua da horri guztiari leku bat egitea”.

Dena den, Fuchsen arabera, helburua ez da frankismoaren auzia egitea. “Auzi horiek ez dira egin oraindik, eta egin beharrekoak dira, baina auzitegietan. Guk antzerkia egiten dugu, eta gure helburua da norbanakoari aukera ematea bere motxila pausatu eta barnekoak ateratzeko. Bakoitzari aukera txiki hori ematea. Gaur egun, auzi horietatik bat ere egin ez denean, nahiz eta oraintxe hasten ari diren Argentinako epaile bati esker, guri, antzerkilari gisa, iruditzen zaigu garaia badela hitzak askatzeko”.

Gaia bezala, ikuskizuna ere “hunkigarria” izango da, Olaizolaren esanetan. Baina, Fuchsen arabera, osagai asko izango ditu, bizitzak berak bezala. “Bizitza ez da tragedia bat eta punto. Bizitza ez da komedia bat eta punto. Bizitza izatekotan tragedia bat da, ze denok dakigu zuloan bukatuko dugula nahi eta nahi ez. Eta arau kategoriko horren aurrean, umorez bizitzen saiatzen gara. Uste dut pertsonaiak ere halakoak direla. Denak dira gure herri honen tragediak baldintzatuak, eta, aldi berean, bizitasunez, noizean behin umorez, eta besteetan haserrez saiatzen dira oztopoak gainditzen”.

Testua Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi dute, eta Fuchs eta Olaizolaz gain, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Zoila Berastegi, Urko Redondo eta Pako Revueltas ariko dira aktore lanetan. Hilabete besterik ez zaie falta obra borobiltzeko, eta Olaizolak orain arte bizitakoaz hitz egin du. “Niretzako opari bat izan da talde honekin lan egiteko aukera izatea. Inoiz ez nengoen modu honetan lan eginda, eta, egia esan, pertsonalki eta aktore moduan, oso aberasgarria izaten ari da”.

Hona hemen antzezlanaren aurrerapen bideoa:

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend