Bailaran ez dago bermatuta euskarazko osasun arreta

Azpeitiko, Beizamako, Zarauzko eta Zumaiako 42 medikuetatik 18k ez dute hizkuntz eskakizuna betetzen. Uemak, hizkuntzari dagokionez, osasun zerbitzuan kalitatea eskasa dela salatu du.
Uemako udalerri batzuetako alkateak eta zinegotziak, joan den ostiralean egindako agerraldia. (UEMA)

Uemako udalerri batzuetako alkateak eta zinegotziak, joan den ostiralean egindako agerraldia. (UEMA)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) euskararen arnasgune diren hainbat udalerritako osasun-etxeetan euskararen hizkuntz eskakizunik ziurtatuta ez duten medikuen eta pediatren datuak jakinarazi ditu. Guztira, Uemako kide diren herrietan, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko; lautik bat.

11 herrik osatzen dute Urola Kosta, eta Uemako kide dira zortzi (Aia, Azkoitia eta Errezil ez dira). Aizarnazabalen, Getarian, Orion eta Zestoan euskarazko zerbitzua bermatuta dago osasun-etxeetan. Aldiz, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko arazoak dituzte Azpeitian, Beizaman, Zarautzen eta Zumaian. Azken lau herri horietan 42 mediku daude, eta horietatik 18k ez dute hizkuntz eskakizuna betetzen; ia %43k. Josu Labaka Uemako lehendakariaren hitzetan, “zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu”.

Uemak Osakidetzaren eta Osasunbidearen plantilletako datuak herriz herri kontrastatu ditu. Labakak azaldu duenez, 2013tik 2016ra “hobekuntzak” izan badira ere, udalerri batzuetan egoera “larria” da oraindik. “Lankidetzarako proposamena egiten diegu Osakidetzari eta Osasunbideari egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun”.

Udako ordezkapenak

Joan den udan, ordezkapenetarako, euskaraz ez dakiten medikuak hartu zituzten herri askotan. Azpeitiko Udalak, Errezilgo Udalak, Uemak eta Natul euskara taldeak salatu zuten egoera hura. Uemak eskaera zehatza egin du halako kasuak saihestea eskatuz: “Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan profesional euskaldunak kontrata daitezela”.

Datuak
Dagokien hizkuntz eskakizuna ziurtatuta ez duten medikuak.

AZPEITIA
Medikuak. 9 medikutik 2k ez dute ziurtatuta. Horietatik bat euskara ikasten ari da, eta lehen hizkuntz eskakizuna du.
Pediatrak. 3tik 1ek ez du ziurtatuta.
Larrialdiak. 4tik 3k ez dute ziurtatuta.

BEIZAMA
Azpeitira edo Alegira joan behar dute medikuarenera. Alegian pediatra bat dago, eta ez du hizkuntz eskakizuna bermatuta.

ZARAUTZ
Medikuak. 14tik 8k ez dute ziurtatuta.
Pediatrak. 4tik 2k ez dute ziurtatuta.

ZUMAIA
Medikuak. 6tik 1ek ez du ziurtatuta, baina badaki euskaraz.
Pediatrak. 2tik 1ek ez du ziurtatuta, baina hitz egiteko gai da.

AIZARNAZABAL, GETARIA, ORIO eta ZESTOA
Denek betetzen dute eskakizuna.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend