Jon Salsamendi: “Aldaketak kirol arloko erabakiak dira, taldearen onerako eginak”

Jon Salsamendi Orioko gizonezkoen traineruaren entrenatzailea. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Jon Salsamendi Orioko gizonezkoen traineruaren entrenatzailea. (Aiora Larrañaga/Hitza)

JON SALSAMENDI – Orioko traineruko entrenatzailea

Denboraldiko lehen entrenamendua egin zuten herenegun Orioko Arraun Elkarteko senior mailako gizonezko arraunlariek. Lehen saio horretan elkarteko gimnasioan arraunlariei azalpenak ematen aurkitu zuen Jon Salsamendi (Orio, 1970) Urola Kostako Hitza-k.

Denboraldia hasi duzue. Zein izango da lehen hilabete hauetako martxa?
Lehen hilabeteetako lana garrantzitsua izango da, baina ez da lehiara bideratutako lana izango. Taldearen oinarriak finkatu behar ditugu lehenengo, eta lana egiteko bide berrian murgiltzen lagundu behar diet arraunlariei. Horretarako, alde batetik, taldea berbideratu behar dugu. Eta, bestetik, lehen hilabete eta erdian arraunlarien gorputza egokitu behar da, urtarriletik aurrera ondo lan egin dezaten.

Zein da zure lan egiteko moduaren gakoa?
Prestakuntza prozesu bat bezala ulertzen dut, eta bilakaera horren helburua arraunlari bakoitzaren eta taldearen errendimendu onena lortzea da. Horretarako, arraunlari bakoitzari izan daitekeen arraunlaririk onena izaten laguntzen saiatzen naiz. Gero eta arraunlari hobeak izan, denboraldi hobea izango baitugu. Hori lortzeko, arraunlari bakoitzari jarraipen zehatza egin behar zaio; horregatik prestakuntzarako denbora, orokortasunetan galdu beharrean, bakoitzaren beharretan oinarritzen saiatzen naiz. Behin oinarria finkatuta dagoenean, talde lana joango da indarra hartzen.

Hainbat arraunlari berri etorri dira taldera. Dena dela, bloke nagusia lehendik Orion jardundako arraunlariek osatuko al dute?
Gaur egun arraun talde guztiek jakin badakite harrobia ezinbestekoa dela, eta gaindituta dagoen eztabaida da gainera. Dena dela, txalupa on bat osatzen saiatzeak ez du esan nahi harrobiari garrantziarik emango ez zaionik; bateragarriak dira erabat. Asko hitz egin da fitxaketez, baina argi utzi nahi nuke, guk iazko arraunlari guztiekin hitz egin dugula, eta, haien erantzunaren arabera, hasi garela taldea osatzeko arraunlari berrien bila. Sei baja zeuden eta horiek estaltzen saiatu gara. Ez da egon beste urtetan baino aldaketa gehiago.

Patroiaren aldaketak zeresana eman du herrian. Zer iritzi duzu?
Oriok patroi handia izan du azken urteetan, eta bera izan zitekeeen etorkizunean ere Orioko patroia. Dena dela, beste perfil bateko patroia behar nuela iruditu zait, eta horren atzetik ibili naiz. Elkarteari nire asmoa azaldu nion, eta izen batzuk ere jarri nituen mahai gainean. Hala ere, izen horien artean ez zegoen Gorka Aranberrirena, oso zaila ikusten bainuen bera Oriora etortzea. Hainbat faktore bat etorri dira Aranberri eta Azkue Orion izateko. Nik oso gustura hartu ditut, eta uste dut gainontzeko arraunlariek ere oso ondo hartuko dituztela.

Arraunlarien joan-etorria kirolaren parte al da?
Noski baietz. Egin ditudan aldaketa guztiak kirol arloko erabakiak izan dira, ez dute beste bueltarik. Ez dugu ahaztu behar, alderantziz ere gerta litekeela; entrenatzaileok saiatu gaitezke arraunlariren bat taldean izaten, baina hark erabaki dezake beste talde batera joatea.
Agian, beste talde batzuetan, aldaketek ez dute horrenbeste zalaparta sortzen. Jakin badakit, aldaketak ez direla beti ongi-etorriak izaten, baina entrenatzaile bezala argi dut, ezinezkoa dela denen gustuko erabakiak hartzea. Aldeketak taldearen onerako izango direlakoan egin ditut, eta denborak esango du asmatu dudan ala ez.

Oriok arraunean tradizio luzea du. Kanpotik begiratuta, zer uste duzu gertatu dela azken urteetan Orion?
Oriok traineru lehian urte arrakastatsu asko izan ditu, baina aurretik izan dira hamarkada eskasagoak ere. Azken hamar urteetako emaitzak aztertzerakoan, kontuan hartu behar da aurkarien errendimendua. Azken 15-20 urteetan arraunak eboluzio nabarmena egin du, eta, talde indartsu asko daudenez, gaur egun banderak irabaztea oso zaila da. Horregatik, hausnarketa ez da azken emaitzari begira bakarrik egin behar, faktore askok eragiten baitute. Bestalde, ez da ahaztu behar, elkarte berria egiten ari ziren bitartean, bi-hiru urte oso gogorrak izan zirela Orioko taldearentzat kirol arloan: egoitzarik gabe egon ziren arraunlariak, eta Orioko traineruak maila galdu zuen. Horri buelta ematea oso zaila da.

Helburuak jarri al dituzu denboraldi berriari begira?
Orain helburuak jartzeak ez du zentzurik, oinarrizko lanketa egin behar baitugu aurretik. Azken urteetan banderengandik 20 segundora ibili da Orio, eta alde hori murrizteko lana gogor egin beharko dugu neguan eta udaberrian; eboluzioa ikusi eta beharrezko hausnarketa egin ondoren zehaztuko ditugu helburuak. Dena dela, arraunlariek eta nik neuk, onena emateko ilusioz hasi dugu denboraldia.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*