‘Ibarbia-sagarra Errezilen’ liburua aurkeztu du Errezilgo Errezil Sagarraren elkarteak

Elkartearen helburuak Errezil sagarra indartzea, kanpoan ezagutaraztea eta aztertzea dira. Horretarako, Errezil sagarra marka sortu nahi dute.
Errezilgo Errezil Sagarra elkarteko kideak liburuarekin. (Eider Bereziartua)

Errezilgo Errezil Sagarra elkarteko kideak liburuarekin. (Eider Bereziartua)

Gaur, igandea, aurkeztu dute Errezilen Ibarbia-sagarra Errezilen liburua Borondegin. Errezilgo Errezil Sagarra elkarteak egin du liburua, eta, hain zuzen ere, Iñaki Iurrebaso izan da idazlea. Liburuak 2015ean herriko baserrietan egindako Errezil sagarraren inguruko inkesten emaitzak islatzen ditu. 30 herritar baino gehiago izan dira liburuaren aurkezpenean.

Joxe Ramon Agirre Errezilgo Errezil Sagarra elkarteko kideak hartu du hitza aurkezpenean. Duela hiru urte-edo, Errezil sagarraren inguruan lanean hasi zirela gogoratu du, eta duela bi urte taldea osatu zutela. “Talde irekia” dela adierazi du, eta “edozeinek parte har dezakeela”. Gaurko egunean, batez ere, ekoizleek, dendariek eta Errezilgo Udaleko kideek osatzen dute taldea. Agirrek adierazi duenez, taldearen helburuak sagarra indartzea, aztertzea eta kanpoan ezagutaraztea dira. “Herritik kanpo ikusten ditugun Errezil sagarrak ez direla denak berdinak uste dugu. Ez dira guk Ibarbia bezala ezagutzen ditugunaren berdinak. Horregatik, aztertu behar dela uste dugu, eta horrekin batera Errezilgo Errezil sagarra marka sortu nahi dugu, kanpora begira. Behar bada ez da desberdintasunik egongo kanpoko sagarretatik Errezilgo sagarrera, baina ikerketa egin nahi dugu”, azaldu du.

Horren harira, datorren astean “agian balore gehiegi izango ez duen”dastaketa herrikoia egingo dute. “Hala ere, probatu nahi dugu”, esan du Agirrek. Horretarako, bi teknikari izango dira herrian, eta dastaketan herriko sagarrak eta kanpoko sagarrak izango dira. “Zaporean, kolorean eta horrelako gauzetan desberdintasunik dagoen” aztertuko dute. Horrez gain, baina, ikerketa aurrerra doala adierazi dute. Horrez gain, Errezilgo Errezil sagarra etiketa ere sortuko dute.

Elkartearen nondik norakoak aurkeztu ondoren, Iñaki Iurrebaso idazleari eman dio hitza. Bigarren horrek liburuan agertzen diren zifrak eta estatistikak agertu ditu. Bere hitzetan, oso nabarmena da sagarrak herrian duen garrantzia. Hain zuzen ere, 130 sagasti kontatu zituzten 2015ean Errezilen, eta 11.445 sagarrondo zeuden. Horien artean 50 mota baino gehiago izan arren, guztien %56,4a zen Ibarbia sagarra ematen zuen zuhaitza. Hain zuzen ere, “biztanleko 10,7 sagarrondo”. Horren ondorioz, sagarraren inguruko kultura herrian oso errotuta dagoela agertu du, besteak beste, sagardoa, dultzea eta mermelada egiteko erabiltzen dela sagar hori.

Etorkizunaren inguruan ere zifrak jaso dituztela adierazi du idazleak, eta ondorioetan Errezil sagarra indartu egingo dela aurreikusten dute. Egindako inkesten arabera, galdetutakoen %75ak uste du hemendik 10 urtera Errezil sagarraren ekoizpenarekin jarraituko duela. Horregatik, galdetutakoek uste dute merkaturatzeko aurrerapenak egin behar direla, eta marka bat sortu beharra dagoela sagarra indartzeko. Azaldu dutenez, herritarrek “komenigarri” ikusten zuten Ibarbia sagarraren inguruko elkartea sortzea.

Aurkezpenarekin amaitzeko, azaldu dute elkarteari “oso harrera ona” egin diola herriak, eta “gustura” agertu dira elkarteko kideak. Ondoren, herritarren artean liburuak banatu dituzte, eta hamaiketakoa egin dute ospatzeko.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend