Egungo hondakinen bilketa sistema mantentzea eskatzeko sinadurak biltzen jarraituko dute Zestoan

720 bat sinadura bildu dituzte gaur arte, eta udalaren jarreraren aurrean, gehiago biltzen segitzea erabaki dute.
Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Zestoan. (Danbolin.eus)

Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Zestoan. (Danbolin.eus)

Ondo egiten jarraitu nahi dugu lelopean, hondakinen bilketa sistema mantentzea eskatzeko elkarretaratzea egin zuten larunbatean dozenaka lagunek Zestoan. Joan den ekainean hasi zen herritar talde bat sistema mantentzea eskatzeko sinadurak biltzen, eta 720 firma baino gehiago bildu zituzten. Halere, datozen asteetan ere bilketarekin jarraituko dutela jakinarazi dute.
Honako testu hau irakurri zuten elkarretaratzearen ostean:
“Gaur hemen bildu gara udalari gure desadostasuna adierazteko. Maiatzean, inori kontsultatu gabe eta mankomunitateko teknikarien aurkako txostena eskuen artean zuela hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabaki zuen udalak. Saiatu gara bide bat baino gehiago erabilita udalarekin hitz egiten, baina ez du entzun nahi esateko daukaguna, ez du negoziatu nahi. Guk, berriz, berme batzuk izango dituen sistema bat nahi dugu, eta, gainera, guztion adostasuna izango duena.
Dakizuenez, sinadurak biltzen hasi ginen uda aurretik. Udalari esan nahi diogu ez gaudela ados hartutako erabakiarekin eta erantzuteko gai ez diren hainbat galdera luzatu dizkiogu. 720 herritarrek sinatu dugu eskaera hori, baina itxura denez, udalarentzat ez gara nahikoa, ez baitu entzun ere egin nahi esan dioguna. Hori dela eta, sinadura gehiago biltzea erabaki dugu eta horretarako zuen guztion laguntza behar dugu. Azken esfortzu bat egin eta bakoitzak bi sinadura lortzeko eskatu behar dizuegu. Bi gutxi izango dira agian, baina bi gehi bi, gehi bi… asko izan daitezke!
Bi sinadura lortzen dituzuenean, mesedez, itzuli paperak orain banatzen ari den norbaiti. Edo nahiago baduzue, urtarrilaren 5ean, arratsaldean, plazan izango gara zuen sinadurak jasotzeko prest!”
Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend