Esapideak ez galtzeko saiakera

'Azpeitiarrez natul' egitasmoa jarri dute martxan, herrian erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak jasotzeko. Herritarren ekarpenak jaso nahi ditu Natul euskara taldeak.
'Azpeitiarrez natul' egitasmoa sustatzeko egin duten bideoaren irudi bat. (Natul euskara taldea)

‘Azpeitiarrez natul’ egitasmoa sustatzeko egin duten bideoaren irudi bat. (Natul euskara taldea)

Karrerie, etxepekue edo zumetayue. Txermena, puntapaxa ala taxixe. Azpeitian sarri erabiltzen diren hitzak dira horiek, azpeitiarrek hitzean eta hortzean erabiltzen dituzten esamoldeak eta hitzak. Eta horiek eta gehiago jasotzen ari da Natul euskara taldea, herriko “ondarea” biltzeko asmoz. Egitasmoari Azpeitiarrez natul izena jarri diote.

Natul taldeko kideetako bat da Eneritz Albizu, eta hark adierazi duenez, “aspalditik” ari ziren ideiari bueltaka. “Garbiñe Bereziartua Natuleko kideak Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo tesia egin zuen duela urte batzuk. Lan hori osatzeko  hainbat nerabe elkarrizketatu zituen, eta orduan jabetu zen belaunaldien artean bazirela aldeak hizkuntzari dagokionez. Ikusi zuen esapide desberdinak erabiltzen zituztela nerabeek, eta atentzioa eman zion horrek”.

Ideia gustatu, eta lantzen hastea erabaki zuten Natuleko kideek. Gainera, Albizuk dioenez, beste herri batzuetan ere egin dituzte gisa horretako egitasmoak. “Ondarroan eta Azkoitian, esaterako, eta interesgarria iruditu zitzaigun gurean ere horrelako zerbait egitea; izan ere, Azpeitian euskara oso bizirik dago eta asko erabiltzen da, eta esapide eta hitz berriak sortzen dira”.

Natuleko kideek adin desberdinak dituzte, eta Albizuk dio beraien hiztegien artean ere “desberdintasunak” badirela. “Nik, adibidez, ez nituen ezagutzen taldekide batzuek erabiltzen zituzten esapideak, eta beraiek ere ez gure adinekook erabiltzen ditugunak”. Horregatik erabaki zuten webgunea sortzea, “belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko”. Horrez gain, “azpeitiarreraren ezagutza zabaltzen eta euskararen prestigio soziala altxatzen ahalegindu” nahi dutela dio Albizuk, “euskarari duen balioa emateko”.

Haren arabera, “garrantzitsua” da horrelako lanak egitea. “Hitz eta esapide berriak sortzen diren gisan, zaharrak gal daitezke, eta horrelako lanak egiteko inoiz ez da berandu. Adin guztietako herritarrek erabiltzen dituztenak biltzen ahaleginduko gara, gerora ere jasota egon daitezen”. Lanaren oinarria azpeitiarrera bada ere, Albizuk nabarmendu du ez dutela ezer “euskara batuaren” aurka. “Euskara batua eta euskalkiak, biak dira garrantzitsuak. Bakoitzak bere funtzioa betetzen du, euskalduntzeari eta euskara bultzatzeari dagokionez. Euskara batua oso garrantzitsua izan da euskararen garapenerako, eta herritar askoren euskalkia euskara batua da. Hori baloratu egin behar da, gerora alfabetatu diren zein gune erdaldunagoetan bizi diren pertsona askori aukera bat eman dielako euskara batuak”.

Herritarren ekarpenak

Dagoeneko dozenaka hitz eta esamolde jaso dituzte www.azpeitiarreznatul.weebly.com webgunean, baina Natuleko kideek bilketarekin jarraitzeko asmoa dute. Herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte proiektua gorpuzteko: “Taldeko kideoi bururatzen zaizkigun hitzak-eta webgunean sartzen ditugu, baina herritarrek ekarpena egitea nahi dugu. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto, lana osoago eta aberatsago izango delako”.

Herritarrek webgunean bertan egin ditzakete ekarpenak, parte-hartzeko jarri duten atalean formularioa beteta. Horrez gain, Natul taldeko posta elektronikora, natul.euskaraz@gmail.com-era, idatz dezateke. Eta bide horiez gain, Gabonak bukatzean, herriko hainbat tabernatan postontziak jarriko dituzte ekarpenak jasotzeko. Bestalde, herriko ikastetxeekin ere egin nahi dute lan, haurrek etxeetan bil ditzaten esapideak, eta eragileekin eta pertsona jakin batzuekin ere jarriko dira harremanetan Azpeitiarrez natul egitasmoa osatzeko.

Lan sakonagoari bide

Webgune horretan biltzen dituzten Azpeitiko esapide eta hitzen proiektuak lan sakonago bati bide eman dakiokeela azaldu du Albizuk. Hau da, norbaitek bilketa lan horri jarraipena eman edo lan osatuagoa egin nahiko balu, bilketa lana hor izango dela azaldu du: “Denontzako da hiztegia”.

Azpeitiarrez natul kanpaina sustatzeko bideoa ere egin dute, eta ikus-entzunezko horretan parte hartu dute Xanti Agirrezabala eta Ane Arenas aktoreek. Bideoaren edizio lanak, berriz, Anartz Izagirrek egin ditu.

Hona hemen, Natuleko kideek jaso dituzten hitz batzuk:

Captura de pantalla 2017-01-04 a la(s) 10.11.18

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Azpeitiarrak berriz 'ostiyena jotzen' • ZUZEU
    4 urtarrila 2017 at 16:24 - Reply

    […] sare sozialetan eta kultur munduko jende askok bota zuen Azkoitiaren esanen aurkako aburua. Gaurko Urola Kostako Hitzan berriz ere ekarri dute gaia azalera. Oraingoan “Azpeitiarrez Natul” izeneko ekimen […]