Haurrentzako boxeo ikastaroak eskainiko ditu klubak urtarriletik aurrera

Gipuzkoan haurrentzat sortzen den lehen boxeo eskola izango da. Teknikak erakutsiko dira, baina kontakturik gabe. Eskola Kirolean sartzeko ahalegina egin zuten arren, ez dute lortu
Boxeo, ikastaro, umeak, Cuba Bocing

Ruben Arredondo, boxeo klubeko arduraduna. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Cuban Boxing elkarteak beste urrats bat egin du Zumaian eta Urola aldean boxeoa zabaltzeko. Dagoeneko 34 heldu dauzkate boxeoa praktikatzen, eta orain haurrekin hasi nahi dute lanean. Horretarako, urtarriletik ekainera arteko ikastaroa prestatu dute, eta izen-ematea zabalik dago.

Ruben Arredondo boxeolari ohi kubatarra da Zumaiako elkarteko arduraduna eta irakaslea. Berak adierazi duenez, haurrei egokitutako ikastaroa izango da: “Garrantzitsua da azpimarratzea ikastaroan ez dela kontaturik egongo, ez dute elkar joko. Haurrei boxeo teknikak erakutsiko zaizkie, nola mugitu behar diren, mugimenduak, kolpea nola eman, nola ekiditu… Eskuzorroarekin, zakuarekin edota sokarekin arituko dira, baina elkar jo gabe”.

Ikastaroak 2002tik 2005era bitartean jaiotako haurrei daude zuzenduta. Hasiera batean, Eskola Kirolean sartzeko eskaera egin zuen klubak, baina ez dute eskolen adostasuna lortu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du baimena eman. Zenbait gurasok ere agertu dute kezka, baina boxeo elkartetik aurreiritziak uxatu nahi dituzte: “Kuban txikitatik erakusten zaie boxeoa haurrei, eta ez dago inolako arazorik. Kirola egiteko beste modu bat da, diziplina zer den ikasten dute, eta erakusten zaie arduraz jokatzen, besteak errespetatzen. Ez dago kontaktu fisikorik, eta beste kirol bat ezagutzeko aukera eskaintzen zaie”. Zentzu horretan, haurrentzat aspalditik eskaintzen diren judo edo karate ikastaroekin pareka daiteke.

Ekimena hil honetan jarriko dute abian eta ekaina aldera amaituko da: “Gurea izango da Gipuzkoa mailan jarriko den haurrentzako boxeo eskaintza bakarra”. Ikastaroetan parte hartu nahi izanez gero, elkarteko telefonora deitu behar da: 606-10 76 33.

Orain arte helduekin egin du lan Ruben Arredondok, eta pixkanaka talde polita osatzea lortu du. Batzuk, gainera, dagoeneko ari dira lehiaketetan parte hartzen: “Une honetan 34 lagun ditut klubean, hauetatik hiru emakumezkoak”. Kirolari hauetako batzuentzat hurrengo erronka otsailean jokatuko diren Gipuzkoako txapelketetan parte hartzea izango da.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend