Iñaki Segurola Puntuka: Ez zulokoa, ez sakonekoa

Azpeitia 1918an. (Ojanguren)

Azpeitia 1918an. (Ojanguren)

Gaur egunean, berez, berdintsu dio bat non bizi den, zeren bizitzaren jokoa, jolasa eta solasa pantalla batean kabitzen baitira, eta berdin baita pantalla hori non geolokalizatzen den. Eta, hala ere, sekula baino nabarmenagoa da bizilekuen ranking edo sailkapena: ideala da hiriburutik edo, bestela, hondartzaren batetik ordu-laurdenaz azpiko bidea egotea autoz. Hortik kanpora dena da, gradu desberdinetan, “zuloa” edo ezlekua.

Gizabanako garaikidea, beraz, urte osoan “itsasoari begira” bizi baldin badaiteke (eskuarki itsasoarekiko harreman platoniko-ikusmirantean edo, bestela, harreman neoprenodunean), irudituko zaio behar den lekuan dagoela edo bizi dela, eta orobat gertatzen zaio abenida, granbia edo jipxtergune batetik gertu bizi denari. (Aitamen hutsean geldi bitez gaurkoan hiriburu edo kapitalak kapitalismoarekin duen lotura, edo itsasertzaren idealizazioak turismoaren industriarekin daukana.)

Eta gu bizi garen ustezko ezleku edo herrietan zer? Zer gertatzen da Urola-ezKostan eta beste nonahi? Ba jende askok sinistu egin duela «zuloan» bizi dela, “isolaturik” bizi dela eta “gaizki komunikatuta” bizi dela. Bidenabar esanda, oraindik bada uste duenik horrexegatik ari dela atzeratzen gure herri hauetan euskararen desagerpena beste leku gehienetan baino gehiago: “zuloan” omen gaudelako! Eta ez: zuloan eta ezlekuan bizi gara erabaki zutenetik eta sinistu, duela mende erditsua edo, zuloak direla goien aitatutako idealetik kanpora daudenak; ordutik, beraz, eta ez lehenagotik, eta are gutxiago betidanik.

Eta, bestalde, zer da “gaizki komunikatuta” egotea? Zerekin gaude gaizki komunikatuta? Ba kapital gehiena eta izen gizen gehienak mugitzen diren guneetatik. Esan bedi hori argi, zeren ezin litekeena baita toki bat absolutuki gaizki komunikatuta egotea. (Oharra izen gizenari buruz: hirietako “anonimotasuna” famatzen duten horiek beroriek dira hirian beren izena gizentzera emanak bizi direnak.)

Beste gauza penagarri bat da “Gipuzkoa profunda” eta holako lerdokeriak entzutea kapitaleko lixtoen eta herrietako tontoen ahotik. Hondartzatik eta hiriburutik urrutiago eta orduan-eta profundago eta sakonago; gorago eta sakonago, aizue! Ezin litekeena da hori, baina halaxe sinistarazi nahi lukete. Gero haiei esan gu profundakoak baldin bagara, beraiek superfizialekoak izan behar dutela nahitaez, eta orduan ergel-mutur jator batekin gelditzen zaizkizu begira, dabiltzan bideak tonto-tonto harrapatzen dituelarik.

Esan ditzagun gauzak adar orokorretik. Hemen arazoa ez da lekua, ez da bizilekua; hemen arazoa bizia da, edo bizitza, edo bizimodua. Lehentxoago edo gerotxoago, jende gehienari bizitza txerrikei bat bihurtzen zaio; bizimodua hainbesteraino da urritzen, trixtetzen eta jakinekoa bihurtzen non jendeari iruditzen zaion bizi den lekua dela arazoa, eta orduan maiz sistemak idealtzat jartzen dituen bizilekuei begira jartzen da itsuturik, eta bere lekua zulotzat hartzen eta sentitzen du. Alfer-alferrik: ezagutu dugu jendea Bilbon, Bartzelonan eta Berlinen nazka-nazka egin eta leku horiek zulotzat eta ezlekutzat hartzeraino iritsi dena. Horrekin dena esanda dago.

Aitorpen bat, azkenerako: ni, garbi esanda, txuloputa bat naiz. Bo, gauzak diren bezala esanda, bipolarra naiz, munduan beste asko bezala, eta bipolartasunaren gorakoak eman eta txuloputatzen naizenean pentsatzen dut ni eta nere gustuko batzuk bizi garen herria dela munduan den leku interesgarriena eta onena, eta irekiena eta zabalena, eta biziena, eta dena. Eta nere herri hau inportantea dela ondo komunikatuta egotea… bere buruarekin!

Txuloputismo honetatik pixkat edukitzea opa diet neure herritar guztiei edo gehienei, badugu-eta premia pixka bat.

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Bittor Hidalgo
    8 urtarrila 2017 at 15:41 - Reply

    Ba, eskerrik asko, aizu! Zeoze behar diagu-eta entretenitzeko mundu honetan!