Gora egin dute alokairurako diru laguntzen eskaerek

80 azpeitiarrek, 25 azkoitiarrek eta bi zestoarrek jaso zuten udalaren alokairurako diru laguntza 2016an. Hiru herrietan gora egin dute eskaerek. 2017an ere laguntzak banatuko dituzte
azkoitiko_diru_laguntzak_g

Gazteek dituzte zailtasun gehienak etxebizitza bat lortzeko. (Eneritz Albizu Lizaso)

Herritarrek etxebizitza bat ordaintzerakoan izan ditzaketeen zailtasunei aurre egiten laguntzeko, alokairurako diru laguntzak banatzen dituzte Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek. “Jakina da gaur egungo merkatuak, gazteen langabezia tasa altuak eta lan baldintza eskasek zail egiten dutela gazteek etxebizitza duin bat lortzea. Laguntza horien helburua da, batez ere, gazteei etxebizitzak alokatzeko aukerak eskaintzea”, adierazi du Ainara LarraƱaga Azpeitiko Gazteria zinegotziak.

Haren arabera, eskaerek erakusten dute gazteek laguntza horien “beharra” dutela. Izan ere, 2016an 80 azpeitiarrek jaso zuten alokairurako diru laguntza. 18 eta 35 urte bitarteko herritarrak izan ziren onuradun gehienak, laguntza eskatu zuten 86 lagunetatik 76 baitziren adin tarte horretakoak. 70 urtetik gorako bost lagunek eta banandutako zazpik ere eskatu zuten alokairua ordaintzeko diru laguntza. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, 86 eskari horietatik sei baztertu egin behar izan zituzten, “arrazoi desberdinengatik”.

Azpeitiko Udala 2014tik ari da alokairurako laguntzak eskaintzen, eta urtero 150.000 euroko diru partida jartzen du horretarako. Halere, urtetik urtera, geroz eta herritar gehiagok eskatzen du alokairua ordaintzeko diru laguntza. 2014. urtean, 47 lagunek jaso zuten laguntza; eta 2015ean, 68k. 2016an, berriz, 80 izan ziren onuradunak.

Azkoitian ere gora egin du alokairurako diru laguntzen eskariak. “2016an 50.000 euro jarri zituen udalak laguntza horietarako, baina ikusita zenbat eskaera zeuden, erabaki genuen partida 69.500 eurora igotzea, eskari guztiei erantzun ahal izateko”, adierazi du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak. Orotara, 26 eskari jaso zituzten, eta horietako bati ez zioten laguntzarik eman, “baldintzak betetzen ez zituelako”. Gainontzeko 25ek jaso zuten udalaren laguntza. 2015ean, berriz, 45.330 euro bideratu zituen udalak laguntza horietara, eta hemezortzi diru laguntza onartu zituen. Beraz, zazpi onuradun gehiago izan ziren iaz.

2017an 70.000 euroko partida jarriko du Azkoitiko Udalak laguntza horietarako. “Aurten pentsatzen dugu iritsiko garela kopuru horrekin herritarren beharretara, eta iristen ez bagara, hartuko dugu erabakiren bat. Izan ere, nahi dugu gazteei etxetik irteten laguntzea, bakoitzak bere bizimodua egin dezan”, azaldu du Azkoitiak.

Bestalde, Zestoan lehen aldiz banatu zituzten alokairurako diru laguntzak 2016an. 30.000 euro bideratu zituen udalak laguntza horietara, baina 9.000 euro soilik gastatu zituen. Izan ere, hiru eskaera baino ez zituzten jaso, eta horietatik bi onartu zituzten. Dena den, 2017an beste 30.000 euro jarriko dituztela esan du Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak: “Ea jendea etxetik irtetera animatzen den”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*