Cristobal Balenciaga Museoko bisitari kopurua %13 igo da 2016an

Getariako Cristobal Balenciaga Museoa. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Getariako Cristobal Balenciaga Museoa. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Cristobal Balenciaga Museoak 2016ko balorazioa egin du, eta Miren Vives zuzendariak positibotzat jo du arlo desberdinetan eman den hazkundea. Izan ere, 2016an Getariako Cristobal Balenciaga Museoak 45.000 bisitari izan ditu, iaz baino %13 gehiago. Horretaz gain, hezkuntza programen erabiltzaile kopurua ere %17,5ean hazi da.

Bisitarien jatorriari dagokionean, museoa bisitatu duten herritarren %46a atzerritarra izan dela nabarmendu dute. “Azken urtetan progresiboki goruntz joan da atzerritik datozen bisitari kopurua, batez ere frantziarrena, estatubatuarrena, Erresuma Batuko herritarrena eta alemaniarrena”, adierazi dute.

Bisitari kopuruaz gain, beste hainbat adierazle ere kontutan hartzen dituzte museoko arduradunek urteko balorazioa egiterakoan. “Besteak beste, bisitarien iritzia, bisitariek bataz beste museoan igarotzen duten denbora, eta bertako edukien bidez jasotzen duten ezagutza ere kontutan hartzen dugu”.

Nazioartean oihartzuna

Bestalde, Cristobal Balenciaga Museotik nabarmendu dute, nazioartean museoak duen presentzia eta eragina ere handitzen ari dela urtez urte. “Nazioarte mailan haztea gure helburu estrategikoa da”, eta hainbat lan lerro erabiltzen dituzte horretarako.

Alde batetik, munduko beste hainbat museorekin lankidetzan proiektuak garatzea garrantzitsua iruditzen zaie museoko arduradunei. Hala, martxoaren 18tik irailaren 18ra bitartean, Balenciaga, parpailaren bidez erakusketa ikusgai izan da Getariako museoan; hau Calaiseko (Frantzia) La Cité International de la Mode et la Dentelle izeneko museoarekin elkalanean sortu zuten.

Bestalde, Getariako museoko hainbat pieza Mexikon eta New Yorken izan dira ikusgai. Alde batetik, Mexikoko Arte Modernoaren Museoan Balenciaga erakusketa izan dute, eta horrek 120.000 bisitari izan ditu. Bestetik, New Yorkeko (AEB) Metropolitan Museoko Jantziaren Institutuak antolatutako Manus & Machina erakusketak, Cristobal Balenciagaren hainbat pieza bildu ditu.

2017ko aurrekontua
2017 urteari dagokionean, Cristobal Balenciaga Museoak 1.689.000 euroko aurrekontua izango du, eta arduradunek jakinarazi dute egun museoaren autofinantziazioa %29koa izatera iritsi dela. Gainera, azpimarratu dute aurten handitu egingo dela Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo duen ekarpen ekonomikoa.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend