Felix Aizpurua: “Inoiz baino gazte gehiago datoz arraunera Urola barnealdetik”

Etorkizuneko arraunlariak prestatzeko lanetan dabil Felix Aizpurua Telmo Deun-eko gazte mailetako koordinatzailea beste lau entrenatzailerekin batera. Aurten inoiz baino haur eta gazte gehiago dauzkate taldean.
Telmo Deun, arrauna, Zumaia, koordinatzailea

Felix Aizpurua. (Gorka Zabaleta)

Beti senior mailako traineruei begiratzen zaie, baina Telmo Deun bezalako klubentzat ezinbestekoa da oinarri sendoa izatea gazte mailetan. Nola dago Telmo Deun?

Haur eta gazte asko etorri zaizkigu aurten eta oso pozik gaude. 60tik gora gara infantil, kadete eta jubenil mailak aintzat hartuta. Infantil mailan (12-13 urte), 18 neska eta beste horrenbeste mutil dauzkagu; kadete mailan, 15 mutil eta zortzi neska; eta jubeniletan sei neska eta sei mutil. Bost entrentzaileren artean arduratzen gara entrenatzeaz.
Hasiberriak izango dira gehienak, eta ez da erraza izango dakitenekin nahastea. Hori nola antolatzen duzue?
Bakoitzak bere kategorian egin behar du arraun, baina egia da hasieran ezagutzaren arabera ere antolatzen ditugula; adibidez, ezer ez dakien kadete bat jar dezakegu infantilekin, pixka bat trebatu arte, oinarrizko kontuak ikasi arte behintzat.

Eta zenbat entrenamendu egiten dituzte astean?

Urrian hasi ziren entrenatzen, gazteenak hiru aldiz astean eta besteak lau aldiz. Hiru hilabetez egon dira ikasten eta orain urtarrilean hasiko dira Gipuzkoako Ligako estropadetan lehiatzen.

Telmo Deuneko arraunlari gazteak. (Gorka Zabaleta)

Telmo Deuneko arraunlari gazteak. (Gorka Zabaleta)

60tik gora haur eta gazte dauzkazue, eta horietatik asko Zumaiatik kanpokoak dira. Azken urteotako joera al da hori?

Bai, nabarmena da. Lehen egoten zen Azpeiti edo Azkoiti aldeko bat edo beste, baina azken urteotan inoiz baino gazte gehiago datoz arraunera Urola barnealdetik. Aztertu beharko litzateke zergatik den, klubak ez baitu ahalegin berezirik egin. Gaur egun, gazte mailetan erdia baino gehiago dira Zumaiatik kanpokoak: azpeitiarrak, azkoitiarrak, zestoarrak, itziartarrak… Eta berdin mutilak zein neskak.

Nesketan traineruak izan duen arrakastak erakarrita, agian?

Baliteke. Gero, egia da, etortzen diren berriek badutela lehendik probatu duen gertukoren bat, eta haiek animatuta-edo etortzen dira asko.

Zumaiarrak erakartzea zailagoa al da?

Zumaiarrak ere badauzkagu, baina egia da hemen kirol aukera asko dagoela eta denontzat ez dagoela nahi adina gazte. Baina pozgarria da ikustea inguruko herrietan badagoela arraunarekiko interesa.

Asteburuan hasiko da batelen denboraldia. Batelen estropadei ez al zitzaien garrantzia handiagoa ematen garai batean?

Dudarik gabe. Lehen batelen estropadak arraun denboraldiaren parte garrantzitsua ziren, kontuan hartzen ziren irabazitako banderak, eta jarraitzaileak mugitzen ziren estropadak ikustera. Orain ia dena dago antolatuta traineru denboraldiari begira. Talde seniorrek batelak erabiltzen dituzte gehiago prestaketa modura, eta lehiaketa haur eta gazteentzat gelditu da.

Zenbat batel izango ditu aurten Zumaiak lehian?

Izena emanda, hamabi dauzkagu. Horietatik hamar izango dira estropada guztietan parte hartuko dutenak. Senior mailakoek ikusiko dugu zenbatetan hartzen duten parte.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend