Paradisu Zinemak ostegunean hasiko du urteko programazioa

Dead Slow Ahead. Dokumentala

‘Dead Slow Ahead’ dokumentala emango dute ostegunean. (Hitza)

Azpeitiko Paradisu Zinema zine kluba aste honetan itzuliko da Gabonetako oporretatik bueltan. Ostegunean, hilaren 12an, eskainiko dute urteko lehenengo filma. Dean Slow Ahead (Mauro Herce, 2015, Suitza) dokumentala ikusi ahal izango da 21:00etan, Soreasu antzokian. Horrez gain, ondorengo filmak zeintzuk diren aurreratu dute: Aloys, I Daniel Blake, Girlhood eta Merci, Patron. Era berean, bi gonbidatu berezi izango dituzte urtean zehar, filmak aurkezten. Batetik, Anari musikari azkoitiarra joango da Soreasura, eta berak aukeratutako film bat eskainiko dute gero. Bestetik, Koldo Almandoz zuzendariak Sipo Phantasma dokumentala aurkeztuko du.

Horrez gain, urteko bonoa salgai jarri du zine klubak. 30 eurotan eskuratu daiteke Sanagustin Kulturgunean eta Soreasu Antzokian, eta trukean urtean zehar eskainiko dituzten 14 film doan eta Mendi Tour jaialdiko bi saioak erdi prezioan ikusi ahal izango dituzte. Aurreratu dutenez, gainera, Zine klub eguna antolatzen ari dira, eta bonoak egitarau horretarako ere balioko du.
Paradisu Zinemak emango dituen filmen inguruko informazio gehiago www.kulturaz.eus atarian lortu daiteke. 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*