2017-01-17

Sabin Juaristi ‘Torre’: “Gaur egungo espetxe politika mendeku klabeetan dago eraikita”

Sabin Juaristi (Azkoitia, 1975) Sareko kidea itxaropentsu da larunbatean presoen eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin. 17:30ean hasiko da mobilizazioa Casillatik abiatuta.
Sabin Juaristi 'Torre'

Sabin Juaristi ‘Torre’. (Julene Frantzesena)

Salatzen dut da Sareren kanpainaren leloa. Zer salatzen du Sarek?

Bost urte pasatu dira ETAk armak uztea erabaki zuenetik. Konponbide eta bake agertoki bat eraikitzera bidean hartu den erabakirik garrantzitsuena izan da, nahiz eta batzuek urrats gehiago eskatzen dituzten behin eta berriz. Denbora tarte honetan ez da urratsik izan Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik, eta Sarek erabaki zuen ezin zela jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala. Erabaki genuen urratsa ematea eta salatzeko jauzia egitea. Horretarako, behatz akusatzailearen sinboloa aukeratu genuen, zentzu batean tonua altxatzeko eta jendeari jakinarazteko egoerari irtenbidea eman behar zaiola.

Zeintzuk dira Sareren lehentasunak?

Sarek ibilbide lerro bat dauka, eta hori sinplifikatzen da giza eskubideetan, konponbidean eta bakean. Lehentasunen barruan dago gaurdanik giza eskubideak errespetatzea. Gaur egungo espetxe politika mendeku klabeetan dago eraikita, eta konponbide klabeetara eraman behar da. Duela gutxi aurkeztu genuen giza eskubideen urraketen urtebeteko balantzea, eta garbi ikusten da sakabanaketa eta urrunketa politika bere horretan mantentzen dela. Gainera, areagotu egin da beren herritik 800 kilometro baino gehiagora dauden presoen kopurua. Gaixorik dauden presoen zerrendak ere gora egin du. Horrez gain, zigor batuketa kontuan hartu ez zaien presoen kopurua ere hazi egin da. 7/2003 salbuespen legedia dago hor, nolabait presoek beren eskubideen jabe egiteko duten oztoporik handiena. Harritzar bat da Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela sortu zuten ingeniaritza juridikoa, eta espainiar estatua eskubide urratzailea dela adierazten du. Frantzian ere bada hainbat presori eragiten dion salbuespen legedia bat. Mapa horrek guztiak erakusten du ez diola erantzuten egoera aldaketari. Konponbideari begira, astakeria bat da.

Blokeo egoera nola hauts daiteke?

Sareren bigarren lehentasuna hori da. Giza eskubideetatik haratago, konponbideari begira hasi behar dugu lanean. Helburua ez da lehenengo giza eskubideak errespetatu eta gero konponbidea lortu; izan ere, gauzak ez dira ordena horretan etorriko. Lehentasunezko kontua da giza eskubideena, baina presoen, iheslarien eta deportatuen egoera ere gatazkaren ondorioa da, eta irtenbidea behar du. Sarek lan egin behar du konponbideari begira ere. Uste dugu konponbidea lortzeko bidean urratsak egiteko borondatea badagoela. Euskal gizarteak bidegalun izan behar du.

Espainiako eta Frantziako gobernuek entzungor egiten dutela salatu izan duzue.

Eroso daude, eta badirudi ez zaiela interesatzen bake agertoki batera joatea. Egoera bere horretan mantenduz eta presoak bahitu moduan erabiliz, eroso daude. Urratsak egin beharrean, jarrera oztopatzailea, hertsia eta blokeatzailea dute. Espainiako Barne ministro berriak, Juan Ignacio Zoidok, hartu duen jarrera oso adierazgarria da. EPPKren eztabaida begi onez eta interesarekin hartu beharrean, aurre baldintza gehiagorekin erantzun du. Uste dugu baldintza horiek ez dutela zentzurik legearen ikuspegitik.

Manifestaziora begira, zer giro nabaritzen duzue?

Perspektiba oso ona dago, eta orain arte egin den handienetakoa izango dela esatera ausartuko nintzateke. Agian, tronpatuko naiz, baina sentipen hori daukat. Sarek indartsu hasi zuen ibilbidea, baina zaila dena da indar hori piztuta mantentzea. Manifestazioa izango da termometro moduko zerbait, eta balioko du ahotsa altxatzeko, Madriletik eta Parisetik entzun gaitzaten eta arazoari irtenbidea emateko. Giza eskubideen aldeko aldarria gero eta handiagoa da, eta konponbidearen alde geroz eta jende gehiago ari da agertzen. Euskal gizartean bake nahia dago.

Atxikimendu ugari ari da jasotzen manifestazioa.

Sentsibilitateak batzen ari dira. Atxikimendua eman duten lagunek ordezkatzen dituzte euskal gizarteko ia ideologia guztiak. Biolentzia desberdinak pairatu dituzten biktimek eman dute atxikimendua, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaturik dauden sentsibilitate politiko desberdinak batzeko gai izan gara; horietako asko norbanako mailan. Bestalde, nabari daiteke buruzagi politikoek ere beste jarrera bat hartu dutela. Horren erakusle dira hainbat politikarik egunotan egin dituzten adierazpenak. Katarsia ematen ari da, eta jendea ari da esaten honek ez duela zentzurik eta irtenbidea eman behar zaiola egoerari.

2017a erabakiorra izango da?

Gure nahia hori da.  Bost urte dira Aieteko konferentzia egin zela, eta fitxa asko daude taularen gainean. Ahalegina egin beharko dugu denok: Foro Sozialak eta hango partaideok, alderdiek, instituzioek… Orain arte gai hauek aurkaria edo arerioa ahultzeko erabili dira, eta, orain, ahalegindu behar dugu ezberdintasunak alde batera uzten. Eta ari gara. Izan ere, argazki oso esanguratsua izan zen Luhusoko gertakarien ostean hainbat alderdi eta sindikatutako ordezkariek ateratakoa. 2017an taulako piezak mugitzeko urratsak egin behar ditugu, bakoitzak bere esparrutik, baina amankomunean. Eta uste dut aukera onak zabal daitezkeela estatuen borondateak mugiarazteko. Sarek lan egingo du herritarrak matxinada demokratiko batean inplikatzeko, presoen auziari irtenbidea emateko eta bakearen eta konponbidearen ibilbide orria agendaren erdigunean jartzeko.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*