2017-01-17

Txotx sasoia hasteko prest dira sagardotegiak

Asteburu honetan zabalduko dute aurtengo txotx denboraldia Aiako Satxota eta Azpeitiko Añota sagardotegietan. Izetan, berriz, San Sebastian egunez estreinatuko dute denboraldi berria.

Txotx denboraldi berria hasteko prest dira sagardotegietan. Aurtengo uztako sagardoa dastatzeko aukera gertu da, aste hau eta hurrengoa bitartean zabalduko dituzte txotxak Urola Kostako sagardotegietan. Toki horietan ez ezik, hainbat elkarte gastronomikotan ere sagardoa txotxetik dastatzeko aukera ipiniko dute. Txotx denboraldia «oihartzun eta arrakasta handiko ohitura» dela nabarmendu dute sagardogileek.

Eskualdeko sagardotegiei dagokienez, Azpeitiko Elosiaga auzoko Añota sagardotegiak ostiralean zabalduko du txotx denboraldi berria. 20:30ean hasiko dute irekiera ekitaldia eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak parte hartuko du bertan. Horrez gainera, bertsolariak eta erromeria ere izango dituzte bertan. Hurrengo egunean, larunbatean, Aiako Santio Erreka auzoko Satxota sagardotegian zabalduko dute txotx denboraldi berria. Hilaren 20an, San Sebastian egunez, Aiako Urdaneta auzoko Izetan egingo dute txotx garai berria hasteko ekitaldia, kasu honetan ere trikitilariak eta bertsolariak izango dira.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik azaldu dutenez, Euskal Herrian lurraldeka oso uzta desberdina izan da. Esaterako, Gipuzkoan sagar gehien kostaldean izan da. Izeta sagardotegikoek Urola Kostako Hitzari adierazi diotenez, “sagar asko” izan dute, eta, horregatik, sagardo gehiago egin dute aurten. Elkartetik gaineratu dute sagar ugari izan den tokietan “kalitate oso onekoa” izan dela. Uzta atzeratu egin da, ordea: “Lehorteak eraginda ondo gozatu ezinda egon da zenbait lekutan”.

Euskal Herriko datuak eman dituzte sagardogileek, eta, guztira, 12,5 bat milioi litro sagardo egin dira; horietatik 12 bat milioi litro egin dituzte Gipuzkoan, aurreko urteko antzeko kopurua. Gipuzkoan sagardogileek sagardoa egiteko bertako sagarra %45 inguru erabili dute eta %55 kanpotik ekarritakoa. Gehiena Frantziatik ekarri dute, eta Galiziatik ere bai zati bat.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik jakinarazi dutenez, lurraldean ekoizten den sagardoa bertako sagarrarekin egin ahal izateko ahalegin berezia egiten ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta: “Sagasti berriak landatzen ari dira Gipuzkoan eta aurreikusten da datozen urteetan sagasti berri dezente izatea. Horrez gain, orain dauden sagastietan ere hobekuntza planak egin nahi dira, eta guzti honen helburua da %100 bertako sagarrez egitea hemengo sagardo guztia”.

Bestetik, Euskal Sagardoa jatorri izena sortu dute. Euskal Herriko 35 sagardotegik eman dute izena, tartean Aiako Izeta eta Satxotak, Azpeitiko Añotak eta Zestoako Iruretxikik.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*