Haustura batek loratutako pasioa

Olatz Alkorta azpeitiarrak bere lanekin osatutako lehen erakusketa jarri du Aisialdi tabernan. Hamar artelan eskegi ditu hango hormetan, eta otsailaren bukaerara arte egongo dira ikusgai.
Olatz Alkorta, margolaria, erakusketa, Aisialdi

Olatz Alkorta, Frida Khaloren koadroa atzean duela. (Julene Frantzesena)

Ezkerreko besoko ukondoa hautsi eta beste eskuarekin pintatzeari ekitea, biak bat. Igeltsuarekin zela «beste ezer egin ezin», eta txikitatik gustuko zuena egiten hasi zen Olatz Alkorta (Azpeitia, 1988). Lehen ere margotzen aritutakoa zen, eta duela urte gutxi berriz heldu zion “deskonektatzeko eta lasaitzeko” balio dion denborapasari. Halere, urratsa eman, eta oraintsu jarri du bere lehen erakusketa. Hain zuzen ere, otsailaren bukaerara arte Azpeitiko plazako Aisialdi gastrotokian izango dira haren lanak ikusgai. Jendea “harritu” egin dela dio Alkortak: “Ez zekiten pintatzen nuenik”.

Erakusketa “kasualitatez” jarri duela dio, tabernaren jabeei berak galdetu baitzien lanak bertan erakusterik ba al zuen. “Taberna ederra iruditzen zait erakusketak jartzeko, sartu orduko lan guztiak ikusten baitira”. Bada, baina, koloreengatik-eta tabernaren ataritik ere atentzioa ematen duen lan bat: Frida Khalorena. Ez da kasualitatea; izan ere, Alkortak oso gustuko du Khalo: “Istripu bat tarteko hasi zen margotzen, eta kostatuta lortu zuen ospea. Gustatu egiten zait. Margolan oso ederrak ditu, eta haren autoerretratuak oso koloretsuak dira”. Khaloren irudiei belarritakoak jartzen dizkie Alkortak: “Erakusketa honetan jarri dudan lanak anaiak Danimarkatik ekarri zidan eta parerik gabe nuen belarritako bat dauka itsatsita. Ez nuen nahi botatzea, eta koadroan sartu nuen. Khalo marraztu dudan gainerako margolanei ere jarri dizkiet belarritakoak, eta baita oihal zatiak ere”.

Teknika mistoak

Alkortak dioenez, “normalean Interneten” aurkitzen ditu koadroetarako irudiak. “Ilustrazioak ikusi eta gustuko ditudanak gorde egiten ditut. Ondoren, haiek inprimatu, egurraren gainean itsasi, eta papela kendutakoan, lantzen ditut”. Margolanak transferra erabilita, margo akrilikoekin, olio-pinturekin, akuarelekin, kafearekin edo «parean» daukanarekin egiten ditu. Azpeitiarrak dio “barre” egiten badiote ere, “probatzea” dela kontua. “Teknika batekin aspertzen banaiz, beste bat probatzen dut. Horretan berezi samarra naiz. Ezin izaten dut beti teknika bera erabili”.
Lan batzuetan, gainera, teknika desberdinak erabiltzen ditu, pinturak eta oihalak nahasiz. Alkortak dio koadroak ikustea ez ezik, ukitzea gustatzen zaiola, eta horregatik erabiltzen dituela oihalak: “Normalean museoetan ez ukitzeko jartzen die lanei, baina atentzioa eman zidan Londreseko Brithis Museumen ikusi nuen kartelak, ‘mesedez, ez irten eskulturak ukitu gabe’ jartzen baitzuen”.

Hori bai, Alkortaren margolan gehienetan koloreak dira nagusi: “Kolore biziak eta argiak asko gustatzen zaizkit. Jendeak esaten du koloreak aldartearen arabera aukeratzen direla, baina ez dut uste hori horrela denik. Triste egon naizenean ere, kolore argiak erabili izan ditut. Kolorezalea naiz, eta, gainera, kostatu egiten zait zuri-beltzean margotzea. Baditut hala egindako lan batzuk, baina gutxi dira, zaila iruditzen baitzait beltzaren eta zuriaren arteko tonuak ateratzea”.

Kezkak kezka, harrera ona

“Kritika negatiboen beldur” bazen ere, eman du lehenengo pausoa Alkortak, eta ez du baztertzen erakusketa gehiago jartzea. “Banuen egindakoa jendeari gustatuko ote zitzaion kezka. Lanak nire gustukoak dira, eta gustuko ditudalako egin ditut, baina ez nekien jendeari zer irudituko zitzaizkion”.

Kezkak kezka erizaintza du ogibide Alkortak. Hark dio amari behin baino gehiagotan esan diola bere garaian Arte Ederrak ikasi behar zuela, baina amak hala esaten omen dio: “Horrek ez du beti jaten ematen”. Eta ikasten hasteko behin ere ez da berandu; izan ere, Alkortaren aita ere animatu da: “Amak hala dio, dagoeneko etxean hormarik ez duela gure lanak eskegitzeko”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*