Beheko Larrainek ‘Atte hil aurretik’ antzezlana estreinatuko du Zumaian

Miren Tirapu da taldearen burua eta bera izango da oholtza gainean aktore bakarra. Saioa 22:00etan izango da Aita Mari aretoan eta sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan
Atte hil aurretik, Miren Tirapu, Aita Mari aretoa, Beheko Larrain

Miren Tirapu izango da oholtzara igoko den aktore bakarra. (Beheko Larraine)

Estreinaldiaren bezperan, Beheko Larraine taldeko kideak antzezlanari azken ukituak ematen aritu dira Zumaiako Aita Mari aretoan. Euskal antzerkigintza bultzatzeko eta konpainien eta programatzaileen arteko zubi lana egiteko asmoz sortutako ZUbi egitasmoari esker, aste bateko egonaldia egiten ari dira Zumaian. Gainera, herri honetan bertan egingo dute Atte hil aurretik antzezlanaren estreinaldia, bihar, 22:00etan. Eguna heltzeko “irrikitan” dagoela dio Miren Tirapu aktoreak eta Beheko Larraine taldearen buruak. “Antzezlan hau erditu nahi dut behingoz!”.

Zumaian erakutsiko den lan hau Tirapuren proiektu pertsonala da: “Proiektua nik sortu dut, nik idatzi dut eta oholtza gainean ni bakarrik nago. Zuzendaritza ere neuk hartu behar nuen, baina Maika Etxekoparri laguntza eskatu nion, kanpoko begirada bat izateko. Zuzendaritza lana bion artean egin dugu, baina zama handiena berak hartu du”.

Antzezlanaren historia baserri batean kokatzen da. Hobeto esanda, baserri horrek duen harategi batean. “Amonarena zen harategi hori, gaur egun bilobak eramaten du. Antzezlanean biloba eta amonaren arteko harremana kontatzen dut. Ane pertsonaia bere amonaren historia jakiten doa eta, harekin batera, baita ikuslegoa ere. Herri txiki batean kokatzen da trama, iragana eta orainaren artean, belaunaldi desberdinetan kokatuta. Ondasun material eta immaterialari ere garrantzia ematen diot, eta baita bizitzan hartzen diren erabakiei ere. Harremanen gizarte batean bizi gara eta erabakiak hartzeak gizarte horretan zer eragin duen kontatu nahi dut”.

Pertsona bakarra izango dugu Aita Mariko oholtza gainean, baina hiru pertsonaien azalean sartuko da. Erronka handia izan dela nabarmendu du Tirapuk. “Aspalditik nuen bakarkako lan bat egiteko gogoa, ordea, beldurra eta errespetua ere ematen zidan. Talde oso politaz inguratu naiz eta bi urteren ondoren irrikitan nago estreinatzeko», adierazi du. «Une bat heltzen da publikoa beharrezkoa dena, erreakzioak zein diren jakiteko. Ez dakit noiztik gauden pase osoak egiten, landu eta landu, baina publikoa behar da. Luhuson egonaldi bat egin genuen azaroan eta lizeoko haur batzuk etorri ziren. Publiko pixka bat izan genuen, eta beste energia bat nabaritu genuen”.

Antzezlanaren proiektua gauzatzeko Beheko Larraine izeneko taldea sortu du, eta Atte hil aurretik da lehen antzezlana. “Orain arte beste konpainia batzuekin lanean aritu naiz, baina orain nire bidea hartu nahi izan dut; nire proiektu batekin egin nahi nuen lan, nire ideiak lantzeko. Kasu honetan, lan honetarako, nire taldea Beheko Larraine da, eta antzezlan honetarako Maika Etxekoparrekin eta teknikari lanak egin dituen Atx Teatroarekin egin dut lan. Hurrengo baterako, agian, beste talde bat osatuko dut”.

Tirapu ez da hasiberria antzerki munduan; aurrez beste talde batzuetan ibili da, Artedrama kasu: “Kanpoan egon nintzen bizitzen eta itzultzean Artedramarekin jarri nintzen kontaktuan. Publikoari gorroto eta Hamlet bezalako antzezlanak egin nituen haiekin. Asko ikasi dut Artedramarekin, baina orain ari naiz benetan ohartzen zen den proiektu baten agintean jartzea”.

ZUbi egitasmoari esker, zenbait egonaldi egin ditu: Leioan, Donibane Garazin, Luhuson eta orain Zumaian dago. “Lanean buru-belarri murgiltzeko aukera ematen du. Estreinaldia oso berezia da eta eskertzekoa da estreinaldi hori egingo duzun lekuan entseguak egiteko aukera izatea. Azken finean zeurea egiten duzu espazioa; etxean jokatzea bezala izango litzateke”.

Antzezlanerako sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan, 6 euroan. 4 euro balio dute Gazte Txartelarekin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*