Fikzioa errealitate bilakatu nahian

Iñaki Aliste ilustratzaile azpeitiarrak telesailetako etxeen planoak egiten ditu, eskuz. Denbora-pasa moduan hasi zen zeregin horretan, baina, egun, hortik bizi da. Lanez lepo dabil, gainera.
Iñaki Aliste, telesailak, plano

30 ordu edo gehiago eman ditzake Iñaki Alistek telesail bateko etxearen planoa sortzen. (Iñaki Aliste)

Errealitatea eta fikzioa elkarrengandik gero eta hurbilago dauden bi fenomeno dira. Telebistan agertu ohi diren pertsonaiek erabiltzen dituzten objektuak idealizatu egiten dituzte zenbaitek, eta, itsu-itsuan, horiek eskuratu nahi izaten dituzte. Nolabait, fikziozko mundu horretatik gertuago egoteko. Orain, beste pauso bat eman dute jarraitzaile batzuek: telesailetako pertsonaien etxeen planoak erosten hasi dira. Sherlock, Sex and the City, Friends, The Big Bang Theory, The Simpsons, Two and a Half Men eta beste hainbat telesailetako etxeen planoak egiten ditu Iñaki Alistek (Azpeitia, 1970), eta ez denbora-pasa huts moduan. Horiek saltzetik bizi da.

Barne diseinatzailea da Aliste izatez. Hogei urtez hori izan zuen ogibide, baina duela lauzpabost urte lanik gabe gelditu zen. “Orduantxe hasi nintzen kontu honekin. Ate bat ixten denean leiho bat zabaltzen dela esaten dute, ezta? Ba horixe da. Lanik gabe gelditu, eta denbora-pasa bezala hasi nintzen telesailetako etxeen planoak egiten. Pixkanaka, proiektuak eskatzen hasi da jendea, eta lana pilatzen joan zait. Orain, ja, hau da nire denbora guztia hartzen duena, eta nahikoa diru ematen dit”.

Frasier telesaileko etxearen planoa izan zen egin zuen lehena. “Oso etxe elegantea eta polita da, eta egin egin nuen. Eta hor gelditu zen, kuriositate bezala. Gero, Sex and the City telesailaren oso jarraitzailea den lagun batek esan zidan hango etxearena egiteko. Eta beste batek ea Friendsekoa zergatik ez nuen egiten. Eta gero beste bat, eta gero beste bat…”.

Iñaki Aliste, telesail, plano

Iñaki Aliste. (Iñaki Alistek utzita)

Normalean, Internetetik jaisten ditu telesailak, eta arreta handiz begiratzen ditu bertan agertzen diren etxeak. “Datu guztiak hartzen joaten naiz, zirriborro batzuk egiten…”. Haren arabera, xehetasun guztiak ondo biltzea da gakoa: ea komuna non dagoen, kuxinak nolakoak diren, sofak… “Jendeari detaileak gustatzen zaizkio. Zu telesail baten oso zalea bazara, dena ezagutzen duzu: ezin dituzu aulkiak beti lauki formakoak egin; berezia egin behar duzu, bere kolorearekin, formarekin… Hori da jendeak preziatzen duena”.

“Fanen kontuak”

Telesailetako planoak etxeko paretan jartzeko ohitura izateak afizio bitxi samarra eman dezake. Baina Alistek «fanen kontua» dela dio: “Jende askorentzat Sex and the City telesaileko neska ikono bat da, eta haren etxea eduki nahi du. Planoa paretan jarrita imajinatzen du etxe horretan bizi dela. Harry Potterren baritak erosten ditu jendeak, baita posterrak ere. Eta zergatik ez du erosiko ilustrazio bat?”.

Telebistan errealak dirudite etxeek, baina, izatez, ez dira. Alistek, ordea, errealak balira bezala sortzen ditu planoak, eta, horregatik, hainbat akatsekin topo egin ohi du lanean ari dela. Batzuetan, esaterako, informazioa falta izaten zaio –komunak edo logelak falta dira…–, eta berak osatu behar izaten du. “Nire lana da plano koherente bat lortzea”. Halere, etxe batzuk egitea “ezinezkoa” dela dio. “Batek, adibidez, kanpotik bi pisu ditu eta barrutik hiru. Harry Potterreko Howards egiteko ere eskatu izan didate, baina handiegia da”.

Enkarguz egiten ditu lanak azpeitiarrak, eta haietako bakoitzarekin 30 ordu edo gehiago eman ditzake. Eskuz egin, eta lan originalak saltzen ditu Internet bidez, bere webgunean. AEBetan, Ingalaterran, Japonian, Alemanian, Australian, Kanadan… ditu bezeroak, baina Euskal Herrian, bat bera ere ez.

Ezin esan dezake lanik falta zaionik. Gabonetan Interneteko denda itxi egin behar izan du, ezin zuelako lan gehiago hartu. “Gaur ere gaupasa eginda nago. Lanean, marrazkiak egiten pasatu dut gaua. Nire errua da, gaizki kalkulatu nituen lanerako behar nituen orduak. Normala bihurtu da gaupasa egitea niretzat. Gero errekuperatuko ditut lo orduak beste egunen batean”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*