2017-01-17

Heriotzaren alderdiak aztergai

Gipuzkoako Foru Aldundiko Meta! Kultura programako proiekturik arrakastatsuena izan da Mandalara elkartearen ‘Heriotza on bat bizitzea eta laguntzearen artea’ proiektua.
Mandalara, Meta! Kultura, programa, heriotza

Mandalara elkarteko Mertxe Talavera, Karmele Garmendia eta Amaia Gozategi. (Karkara)

Heriotzak herritarren artean sortzen duen ezinegonaz ohartuta, Mandalara elkarteko kideak aspalditik zebiltzan herrian heriotzaren gaineko formakuntza trinkoa eta osatua antolatu nahian. “Lau urtetan bila ibili gara, eta, azkenean, Heriotza on bat bizitzea eta laguntzearen artea ikastaroa ezagutu genuen, heriotza alderdi desberdinetatik jorratzen duen ikastaro trinkoa”.

Elkarteko kideak 2017an ikastaroa martxan jartzea aztertzen ari zirenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta! Kultura programaren berri izan zuten. “Inoiz ez genuen horrelako programa batean parte hartu, baina gure proiektua aurkeztera animatu ginen”. Ehun proiektutik gora aurkeztu ziren; foru aldundiak horietatik hogei interesgarrienak aukeratu zituen finantzaketa kolektiboan oinarritutako Meta! Kultura programan parte hartzeko. “Finantzaketa modu berri bat da. Proiekturen bat gustatuz gero, Goteo plataformaren bidez herritarrek beren ekarpentxo ekonomikoa egin zezaketen, eta herritarrek ematen zuten euro bakoitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak beste euro bat ematen zuen, 3.500 eurora arte”, azaldu du Amaia Gozategi Mandalarako kideak.

Orioko elkarteak kanpaina egin zuen bere proiektua herritarren artean zabaltzeko, eta hogei proiektuetatik arrakastatsuena izan zen Mandalararena. Hala, herritarren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker, asteburutik aurrera Mandalararen proiektua errealitate bihurtuko da.

Zortzi moduluko ikastaroa

Zaragozako Heriotza On Bat Bizitzea Fundazioko irakasleek eta Gipuzkoan heriotzarekin lotutako gaietan adituak diren hainbat profesionalek emango dute ikastaroa Orion eta Donostian. “Fundazio horrek psikologia klinikoaren arloan lan egiten du, eta normalean osasun arloko profesionalei eskaintzen diete formazioa, sendagile eta erizainei».
Dena dela, inguruko norbaiten heriotza herritar orok gertutik biziko duen esperientzia izango dela kontuan hartuta, gaiarekiko interesa duten herritarrei hausnarketarako eta lanketarako aukera eskaini nahi die. «Bidaia sakon bat izango da”, diote Mandalaratik.

Heriotza On Bat Bizitzea Fundazioak herritarren beharretara moldatu du ikastaroko gaitegia, zortzi modulutan banatuta. Bi hilabetetik behin landuko dute modulu bakoitza, asteburuko saio batean. Orioko Kultur Etxean egingo dute lehen saioa asteburuan, eta otsailean Donostiako ikastaroa abiatuko dute. Horrez gain, uztailaren amaieran lau eguneko bakarraldia egingo dute. 2018ko udaberrian amaituko da ikastaroa.

Landuko duten gaitegia “oso anitza” izango da. Lehen saioan heriotzaren inguruko sinesmena aztertuko dute. «Heriotza antropologiaren ikuspegitik aztertuko dugu. Izan ere, kultura bakoitzak modu batera edo bestera ulertzen du heriotza, eta herritarrek sinesmen horren arabera bizi dute ingurukoen heriotza». Hurrengo saioetan, berriz, heriotzako prozesuan fisikoki zein etapa ematen diren eta horiek zaintzeko modua landuko dute; horrez gain, dolua, hiltzen ari diren pertsonen egoera psikologikoa, eta horiekin eta haien familiakoekin komunikatzeko bidea jorratuko dituzte, “denek ulertu dezaketen hizkuntza erabilita”.

Gizartean hutsunea

Ikastaroak «gizartean dagoen hutsunea» beteko duela uste dute Mandalarako kideek. Taldekideak aspalditik ohartuta zeuden taldera jotzen zuten herritar askok heriotzaren batek sortutako egonezina zutela. «Jende askori asko kostatzen zaio maite duen pertsona baten heriotza gainditzea eta horrek min eta sufrimendu asko eragiten die eguneroko bizitzan». Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak heriotzaren gaineko proiektua aukeratu izana albiste ona dela uste dute Mandalarako kideek. “Erakundeak konturatzen ari dira gizartean badaudela lantzen ez diren, baina herritarrei zuzenean eragiten diguten hainbat gai. Orain arte tabua izan dira, inork ez gaitu heriotzarako, dolurako edo mina izateko prestatu, baina pixkanaka ikuspegi hori aldatzen ari da”.

Asteburuan abiatuko duten formakuntzatik, heriotzaren inguruko gaiak jorratuko dituen talde bat sortu nahi du Mandalara elkarteak, “heriotzarekin lotutako egoera zaila bizi duten herritarrek erreferente bat izan dezaten”. Mandalara elkartearen sortzaile Karmele Garmendiak “aspaldi” ikusi zuen horrelako talde baten beharra. Dena dela, orain arte ez dira ausartu era horretako talde bat martxan jartzera. “Guk ez genuen egoera hori bizi duten pertsonei erantzuna emateko nahiko formakuntza. Ikastaroa taldea sortzeko lehen urratsa izatea gustatuko litzaiguke”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*