Telmo Irureta Puntuka: ‘Bihar’

Puntuka. Telmo Esnal. Iritzia

«Hutsik daukat Word dokumentua. Txuri. Biluzik. Kurtsorea geldirik…» (Hitza)

Asteartea. Denbora gehiegi gabe jarri naiz ordenagailu aurrean. Ostegunean argitaratuko da artikulua eta bihar bukatuta egon behar du. Nereari bidaltzeko. “Aste honetan zure artikuluaren txanda da”, gogorarazi zidan hilero bezala atzoko mezuan. “Asteazken eguerdirako bidalita primeran”. Hutsik daukat Word dokumentua. Txuri. Biluzik. Kurtsorea geldirik. Barre egin dit aurpegira. Barre kurtsoreak, bai, ongi irakurri duzu. Marratxo beltz txiki eta intermitente hori pertsonifikatua ikusi dut une batez. “Dejas todo pa’ lo último y luego pasa lo que pasa“, esan dit harro-harro. «Luego viene Paco con la rebaja“.

Egia da dena azken momenturako uzten dudala, eta gero itota ibiltzen naiz. Baina ez dut ikasten. Askotan harrapatu nau zezenak. Baina behin eta berriz egiten dut estropezu harri berarekin. Ez naiz sekula espabilatuko? Batzuetan ez da nahikoa ondorioak ezagutzea. Batzuetan ohitura bihurtzen da noizbehinka estualditxo bat pasatzea. Eta azkenean denak berdin jarraitzen duela badakigunez, ia ezinezkoa zaigu aldatzea.

Aldatzeko handiagoa iruditu behar zaigu kaltea. Baina ez da inoiz tsunami baten pareko izango denboraz juxtu-juxtu ibiltzea. Zergatik utziko diogu goizero iratzargailuari beste hamar minutu eskatzeari tren-geltokira beti puntual iristen bagara? Komeni da trena galtzea. Edo trena galtzea kriston arazoa dela sinestaraziko digun lagun bat izatea. Beldurrak bultzatzen gaitu hobetzeko ahaleginera. Beldurrak bultzatzen gaitu zentzuz jokatzera. Beldurrak kontuz ibiltzera.

Nire arreba txikia txikia zenean, nire gelako Nekaneri gertatutakoak kontatzen nizkion. Gezurrak ziren, nik asmatutakoak, baina bihurrikerien ordainek ematen zioten zer pentsatua. “Bakizu ze pasatu zitzaion nere gelako Nekanei? Boligrafuan tinta txupatze zun ta egun batian mingaña erori zitzaion”. Eta nire arrebatxoak ez zuen berriro boligraforik txupatzen. “Nekane gaxua!” esanez bezala begiratzen ninduen pare bat urte pasa eta anekdota makabro/traumatiko bezain faltsu horiek sinesgarritasuna galdu zuten arte.

Kezkagarriagoa zen amak niri esaten zidana. Pixa praketan egiten nuen askotan, barre-algaren ondorioz gehienetan, eta hezetasunarekin pitilina eroriko omen zitzaidan. Baina ez nuen nahita egiten, ezin izaten nuen agoantatu. Eta pixagurak irabazten zuen borroka. Horregatik diot “kezkagarriagoa”, kontrola ezin nezakeen zerbait zelako. Beno, eta pitilina nirea (eta ez Nekanerena) delako.

Gezurrek batzuetan bakarrik funtzionatzen dute. Gaizki portatzen den haurrari Errege Magoak begira dituela akordarazteak ere ez du beti balio. 4-7 urte izan behar ditu umeak (edo atzerapen mental bat). Gertu egon behar du urtarrilaren 5ak. Inoiz funtzionatzen ez duena norberak bere burua engainatzea da. Engainatzea ala engainatzen saiatzea? “Bihar bertan hasiko naiz otsaileko artikuluarekin”. Niri behintzat kostatu egiten zait horrelakoak sinestea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*