Berrerabilpena sustatzeko erakusketa ibiltaria Azpeitian izango da igandera bitartean

Hondakinak. Berrerabilpena. Birziklapena. Erakusketa

“Koktel ontzia” igandera arte egongo da Azpeitiko plazan. (Azpeitiko Udala)

Hondakinen Prebentzioaren Europar Astea da honakoa, eta horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen birziklapenaren eta berrerabilpenaren inguruko erakusketa ibiltaria abiatu du, Emausek gidatuta. Azpeitian gaur egin du geldialdia, eta igandera bitartean tailer eta ekintza desberdinak egingo dituzte plazan jarri duten “koktel ontzian”.

Ekimenaren bidez, antolatzaileen helburua da herritarrek hondakinen kudeaketaren eta kontsumoaren inguruko hausnarketa egitea. Batez ere berrerabilpena sustatuko dute, objektuek “bigarren edo hirugarren aukerak” eduki ditzaten. Izan ere, jakinarazi dutenez, hainbat ikerketen arabera, objektuen %80a behin besterik ez da erabiltzen.

Berrerabilpenaren eta birziklapenaren abantailak azalduko dituzte, ekonomia zirkularraren ikuspegitik. Hau da, “gureak ez diren baliabide naturalak” ez xahutzea eta “konpromisoan” ez jartzea eta ondorengo belaunaldiei ere ez kentzea haintzat hartuko dute. Horretarako, erakusketa toki bat, egonleku bat, tailerrak egiteko gune bat, “begiztatzeko denbora” bat, musika zuzenean entzuteko tokia eta objektuak ikusi eta erosteko gune bat egokitu dute plazan. Igandera bitartean, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era egongo da irekita gunea, eta tailerrak ostiral arratsaldean, larunbatean goizean eta arratsaldean eta igande goizean egingo dituzte. Ume eta helduentzat zuzenduta izango dira tailerrak.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend