“Lana errazteko giltza” dira pistak

Erreakzio soka luzea eragin du Aralarko pisten proiektuak. Juan Mari Zinkunegi eta Miren Barandiaran artzainek uste dute pisten erabilera "ondo arautzea" dela gakoa
Aralar, pista, artzain, Miren Barandiaran, Juan Mari Zinkunegi

Juan Mari Zinkunegik eta Miren Barandiaranek borda dute Aralarren. (Izaro Zikunegi)

Aralarko pisten proiektuak hautsak harrotzen jarraitzen du. Joan zen urtearen hondarrean hasi ziren pistak eraikitzen, eta aldeko nahiz kontrako iritziak sortu dituzte lanek. Enirio-Aralar mankomunitateak urriaren 19ko batzarrean eman zion onespena pista gehiago egiteko proiektuari, aldeko hamar bozekin eta kontrako bostekin, eta erreakzio soka luzea ekarri du horrek ere. Gainera, Aranzadi zientzia elkarteak agerraldia egin zuen urtarrilaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean. Elkartekoek, 2002an egin zuen azterketaren tesiari eutsiz, Enirio-Aralar mankomunitateak pista gehiago eraikitzeko hartutako erabakiaren aurkako jarrera agertu zuten. Besteak beste, Aranzadikoek uste dute parke naturalaren barruan egin nahi diren bide berriek “naturaren eta gizakiaren arteko oreka suntsituko” dutela. Horrez gain, esan zuten pisten eraikuntzak “inpaktu gogorra eta atzeraezina” eragingo lukeela gune horretan.

Aranzadiko ordezkarien adierazpenekin “harrituta” agertu ziren handik egun gutxira EHNE eta Enba nekazal sindikatuetako ordezkariak. Haiek azaldu zutenez, Aranzadikoek “datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak” plazaratu zituzten. Dena den, nekazal sindikatuetako kideek “positiboki” baloratu zituzten Paco Etxeberria Aranzadiko kidearen hitzak. Hark esan baitzuen artzain bakoitzak bere txabolara tajuzko sarrera izatea babesten dutela. Gainera, mankomunitateak hartutako erabakiak “mendian lan egiten duten abeltzainen bizi baldintzak hobetuko” dituela esan zuten.

Horixe da, hain zuzen ere, Aralarren lan egiten duten artzainek eta abeltzainek eskatzen dutena: “Lana duin egiteko bitartekoak bermatzea”. Juan Mari Zinkunegi (Errezil, 1955) eta Miren Barandiaran (Etxarri-Aranatz, 1967) senar-emazteak dira, eta urte ugari daramatzate Aralarrera joaten. Zinkunegi duela 42 urte hasi zen artzain Aralarren. “Maiatz hasieratik urriaren bukaera aldera arte egoten gara han ardiekin”.
Errezilen bizi den bikoteak borda bat dauka Aralarren, baina txabola ez dela beraiena zehaztu dute. “Enirio-Aralar mankomunitateari kuota ordaintzen diogu hura erabiltzeagatik”. Beren bordaraino pista badutela ere jakinarazi dute, baina eguraldi txarrarekin bertaraino ezin dutela iritsi diote. “Gainera, Errezildik hara iristeko, behartuta gaude Nafarroa aldetik joatera, eta etxetik txabolara ordu eta erdiko bidea daukagu. Beraz, pistak egiteak denbora aurreztea eragingo liguke guri, baina badira guk baino premia larriagoak dituztenak. Izan ere, 2017. urtean butanoak-eta txabolara mandoarekin igo behar izaten dituzte batzuek edo mendian egindako gazta mandoarekin jaitsi beste batzuek”.

Haien ustez, pistek eragingo duten inpaktua ez da “hainbestekoa”. “Bideak behar den bezala eginez gero, lurra ez da hainbeste kaltetzen, kotxeak handik bakarrik ibiliko direla bermatzen delako eta horiek ez dutelako ingurua kaltetuko. Bide batzuk hutsetik hasita egin behar dira, baina, gure kasuan, Eniriotik bordara arteko bizikletentzako pista autoentzat zabaltzeak ez du inpaktu handirik eragingo”.

Barandiaranen aburuz, konpontzen dituzten pisten erabilera “ondo arautzean” dago gakoa. “Guk eskatzen ditugun pistak txaboletarako irisgarritasuna bermatzeko eta abeltzainen lana errazteko helburuz diseinatuak dira. Ez dugu eskatzen mendiko edozein puntatara kotxearekin joatea”. Gainera, pistak ez dituztela beren beharrak asetzeko soilik eskatzen adierazi dute: “Etorkizunean sektoreak Aralarren segitzeko aukera izatea nahi dugu”.

Bi milioi euro aldundiak

Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile Imanol Lasak atzo jakinarazi zuen aldundiak bi milioi euro bideratuko dituela Aralarren mendi bideak egiteko proiektura. Lasak esan zuen Enirio-Aralar mankomunitateko herri gehienen babesa dutela pista berriek, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengoak ere bat egiten duela proiektuarekin. Hark esan zuen artzainek eta abeltzainek egindako lanari esker dela Aralar natur parkea, eta haiei «etorkizun duina» izateko aukera bermatu behar zaiela.

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Juanjo
    2 otsaila 2017 at 10:00 - Reply

    120 dira Aralar erabiltzen dutenak eta hoietatik 50 azpitik dira lanbide dutenak artzantza eta abelzaintza, besteak afizio edo hoby bezala dituzte abereak, etekinik gabeko, etekin negatibo edo etekin oso eskaseko afizioak. Beraz soberan dauden abere kopuruak kenduta, profesionalentzat nahiko bazka, inguremanrentzat behar beharrezko diren zuaitzak jartzeko nahiko leku. Kamionero, internazional bidaietakoa, aukeratzen baduzu lanbide bezala, ezin dezakezu egunero etxean lo egieteko serbitzua eskatu, ¿ Nork behartu du Etxarri eta Errezilko artzai bat Aralarreraino etortzea ? AHT berezi bat jarri beharko diegu Aralartik urrun bizi direnei ?, ¿Ez dago nahiko abere eta ardi Aralar inguruko herrietan? ¿Ze artrzanta modelo da hau?, ¿artzaien arazo handienak pixtarekin konponduko dira ?….

  • Send this to friend