Edukiontzi horia “behar bezala” erabiltzeko deia egin du Azkoitiko Udalak

Udal Gobernuko kideek esan dute "aurrerapauso nabarmena" egin den arren, hondakinak bereizterakoan "ahalegin handiagoa" egin daitekeela eta "egin behar" dela.

Azkoitiko Udalak herritarrei eskatu die hondakinen edukiontzi horia “behar bezala” erabiltzeko. “Ontzi arinak, plastikozko botilak edo bilgarriak, latak nahiz brickak botatzeko dira edukiontzi horiak”, zehaztu dute. Halere, Udal Gobernuko kideek esan dute “aurrerapauso nabarmena” egin den arren, hondakinak bereizterakoan “ahalegin handiagoa” egin daitekeela eta “egin behar” dela. “Edukiontzi horira botatzen den material desegokiaren kantitateak aurreikusitakoa baino handiagoa” dela jakinarazi dute. “Ziur nago jende askok behar ez diren hondakinak botatzen dituela ontzi horira, jakin gabe gaizki egiten ari dela. Ondo goaz, eta herritarrak bide beretik jarraitzera animatzen ditugu. Baina, edukiontzi horiaren kasuan, gure aldetik gehiago jarri beharrean gaude”, azaldu du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak.

Arazoari konponbidea emateko eta “hondakinak ondo bereiztearen garrantziaz jabetzeko”, aurki sentsibilizazio kanpaina jarriko dutela martxan adierazi dute. Udalak esan du gainerako edukiontziekin ez dagoela arazorik, “modu egokian botatzen” direla.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend