Joseba Alberdiren GUTUNA: “Udalak ostrukarena egiteari utzi behar dio”

Matías Pratsek dioen moduanm, “perdonenme que insista”; izan ere, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.

963 zestoarrek zekorketek jarraitzearen aldeko iritzia eman zuten, eta, ondorioz, Zestoan zekorketak antolatzea hobetsi zen. Gustatu ala ez, erabaki demokratikoa da. Gehiengoaren jarrera zein zen argi gelditu zitzaigun. Egun alkatetza duen alderdiak 907 bozka lortu zituen azken udal hauteskundeetan. Gustatu ala ez, lau urteotan zerrenda bozkatuena izango da udalean agintean gurean.

Joan den astean 940 sinadura aurkeztu ziren Zestoako Udalean hondakinen egungo bilketa sistemaren alde. Orain hiru urte jarri zen martxan egungo sistema, herritarren parte hartzearekin eta udalean zeuden alderdien adostasunarekin, Udal Gobernuak aldatzea erabaki duen arte. Inongo eztabaidarik gabe doa aurrera, akordioan oinarritzen ez den erabakia da, eta, gainera, herritarron desadostasun zabala izan du parez pare. Aldaketarik bada, guztion artean adostutakoa izan behar duela sinatu dugun herritarrok erantzun hobea merezi dugu. Gustatu ala ez, 940 arrazoi ditu udalak eskaera horri bide emateko, eta, gutxienez, hondakinen mahaia jarrera eraikitzailearekin deitzeko eta akordioa bilatzeko borondatea agertzeko. Bestela, pentsa genezake herritarron iritzia komeni denean bakarrik dela baliagarria, eta hori ez da ona. Ez da ona elkarbizitzarako eta ez da ona udal agintarien aldetik herritarroi zor zaigun begiruneari dagokionez. Giro txarrik sortzeko inolako intentziorik gabe aritu gara uneoro herritarrok, eta bide onetik jarraitzea dugu helburu, baina udalak ostrukarena egiteari utzi behar dio.

Akordioan eta parte-hartzean oinarritutako erabaki batek 3 urte soilik irauten duen herrian, aldebakartasunez inposatu nahi diguten erabaki politiko batek 30 urterako hipotekatuko bagaitu, hemen zerbaitek huts egiten du. Ez da onargarria, ez jasangarria eta ezta demokratikoa ere.

Oraindik garaiz gaude atzera pausorik eman gabe, aurrera egiten jarraitzeko. Denon hobe beharrez aurrera, beraz.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend