Jose Mari Sarasola: “Hiru arima ibiltzen dira beti nire atzean”

‘Gaixotasuna, bizitzaren aliatua’ hitzaldia emango du bihar Jose Mari Sarasolak, 16:30ean, Soreasu antzokian. Gaixotasuna onartu, eskertu eta besarkatu egin behar dela dio, harengandik ikasteko.
Joxe Mari Sarasola. (Ihintza Elustondo)

Joxe Mari Sarasola. (Ihintza Elustondo)

Jose Mari Sarasola (Azpeitia, 1981) gidari dituen hiru arimarekin ibiltzen da beti. “Gaur hemen bi daude, baina ez naiz kezkatzen, badakit hirugarrena etorriko dela”. Horregatik, inoiz ez daki hitzaldi batean zer esango duen. “Gidari horiek esaten didate bide batetik edo bestetik jo”. Terapia energetikoa, emozionala, fisikoa eta espirituala egiten ditu, eta bihar Gaixotasuna, bizitzaren aliatua hitzaldia emango du Azpeitian. Gaztelaniaz izango da saioa, “kanpotik jende asko etorriko delako”. 16:00ak aldera zabalduko dute leihatila.

Zer adierazi nahi duzu izenburu horrekin?

Gaixotasuna gugandik kanpo dagoen gauza bat bezala hartuko dut. Pertsona batek lau eremu ditu: energetikoa, emozionala, fisikoa eta espirituala. Lau horiek ondo badaude, pertsonak ez du inolako arazorik. Baina, askotan, eremu emozionalak eragiten digu beste arlo denetan. Hitzaldian ariko gara alzheimerraz, antsietateaz, depresioaz, leuzemiaz… Batez ere, alzheimerra landuko dut, gauza oso kurioso batekin konturatu naizelako.

Zer da gauza kurioso hori?

Ama hil eta agurtu ez dugunean edo ondo agurtu ez badugu sortzen dela alzheimerra. Orduan, burua galtzen joaten gara amarekin konexioa egin arteko momentura arte. Prozesu hori hitzaldian azalduko dut. Alzheimerra opari bat da.

Opari bat?

Hainbeste maitasun dago alzheimerraren atzean… izugarria da. Hainbeste maitasun dio gaixoak bere bizitzari eta ondorengoei… Konfiantza osoa du beren senideengan. Eta horregatik ahazten zaizkio gauzak. Bestalde, prostatako arazo denak ere leku beretik datoz, katarro guztiek ere beren funtzioa dute… Beste adibide bat jarriko dut: ume bat katarroa ezin sendatuta etorri zen kontsultara, eta konturatu nintzen aitonari lagun bat hil zitzaiola. Aitonaren tristura ari zen jasotzen biloba, eta horregatik ez zion katarroari bueltarik ematen. Tratamendua aitonari jarri genion, eta ez bilobari.

Gaixotasuna, bizitzaren aliatua. Ez al da izenburu ezkor samarra?

Ez, gaixotasunik ez dago eta. Gaixotasuna sintomatologia bat da, eta horren atzean beti dago oso indartsua den sinesmen bat. Sinesmen hori desmuntatzera iristea da gakoa. Bizitza honetan jaiotzen gara ikasteko, eta ikasteko, agian, gaixotasun bat behar duzu. Gaixotasun hori onartzen baldin baduzu, aurre egiten diozu. Baina, askotan, gaixotasunari uko egiten diogu.

Eta hori ez da egin behar?

Ez dago gaixotasunari kontra egin beharrik. Egin behar duzuna da lehenengo gaixotasuna onartu, eta, gero, eskertu, besarkatu eta horri buelta eman.
Hori gaixotasun guztiekin da posible?
Bai, denekin.

Lehen leuzemia aipatu duzu…

Bi edo hiru kasu ezagutu ditut, eta denek oinarri bera dute.

Sendatzea beti da posible?

Kontua da zergatik nahi dugun sendatu, eta erantzuna da gaixotasuna txartzat hartzen dugulako. Baina gaixotasuna ikasteko etorri baldin bazaizu, zergatik nahi duzu kendu? Ikas ezazu berarekin, barruan zerbait indartsua baitago. Kontra egiten diozun unean, indartu egiten da gaixotasuna. Onar zaitez zaren moduan, osotasunean. Agian, gaixotasun hori zure parte da, eta ez da pasatzen ezer. Kontua da gaixotasunaren barruan sinesmen bat dagoela: “Hil egingo naiz”. Baina hiltzea txarra al da, ba?

Baina inork ez du hil nahi, ezta?

Inork ez du hil nahi ez dakielako zer den hiltzea.

Eta zer da, ba?

Nire birramonak esaten zuen bezala, bizitza honetan dena ikasi duzunean, graduatu zara, eta unibertsitatera pasatzeko fase bat da heriotza. Dena ikasi duzunean, ematen dizute graduatu eskolarra, hau da, heriotza, unibertsitatean lanean segitzeko. Eta hori arima bezala egiten dugu.

Gaixotzeari beldurra dio gizarteak?

Gaixotasun baten aurrean esaten dugu: “Honek ez luke horrela izan beharko”. Gure bizitzak nolakoa izan behar duelako ideia dugu. Eta egoera ezberdin bat etortzen zaigunean frustratu egiten gara. Zenbat jenderi entzuten diodan kontsultetan: “Honek ez luke horrela gertatu beharko”. Baina horrela gertatu da, eta onartzea besterik ez duzu. Bizitzak hori jarri baldin badizu aurrean, zer arazo dago onartzeko?

Onarpen eza al da gaur egungo arazorik handiena?

Handiena ez nuke esango, baina handia bai. Niretzako gaur egungo arazorik handiena da ez dugula errespetatzen bizitza. Gure birramonek eta birraitonek esaten zuten: “Bihar arte, jainkoak hala nahi badu!”. Beti eransten zuten amaiera hori, “nik hau ez dut kontrolatzen” esanez bezala. Eta gaur egun kalean entzuten dena da: “Bihar arte!”. Bihar ikusi egingo bagina bezalaxe.

Bizitzaren gaineko kontrola hartu nahi du gizakiak?

Hala da, baina ezin du. Zer gertatzen da intseminazio artifizialarekin? Pila bat egiten da gaur egun, baina denek ez dute funtzionatzen. Gizakiak ezin du hori kontrolatu.

Orduan, medikuntza konbentzionalak ez du balio?

Ez dut esango ezertarako balio ez duenik. Baina analitiketan pertsona baten egoera emozionala sartzen ez duten bitartean, analitika horiek ez dute ezertarako balio. Ikusi ditut kontsultan analitika denak primeran izan arren, barrutik oso gaizki dauden pertsonak. Zergatik? Agian, bere anaiarekin gatazka bat duelako eta ezin diolako horri buelta eman. Horrek izugarrizko amorrua sortzen dionez, gibelean eragiten dio eta digestio aparatua erabat kaltetuta dauka. Pertsona hori gertatzen zaiona ulertzera iristen denean, baretu egiten da askotan. Ideala izango litzateke medikuntzan duten teknologiak eta jakinduriak bat egitea.

Kasu denetan jakin daiteke nondik datorren eritasuna?

Askotan, bai. Kontua da pertsona ulertzeko prest dagoen edo ez. Edo nahi duen ulertu ala ez.

Norbait zure kontsultara joaten denean, zer egiten duzu?

Pertsona bat etortzen denean, bere arimarekin konektatzen dut, eta hari galdetzen diot jakin behar dudan dena. Horrela ohartarazten diot beste pertsonari non dagoen blokeatuta bere bizitza. Blokeo horretaz kontziente egiten den momentuan, gauzak aldatzen hasten dira.

Nola jakin zenuen hori egiteko gaitasuna zenuela?

Izan nuen gaixotasun batengatik; antsietateagatik. Erantzunik bilatzen ez nion galdera bat nuen buruan, eta terapiak egiten hasi nintzen, jende asko ezagutu nuen, pila bat entrenatu nintzen… Cristina Caceresek erakutsi zidan nire gidekin nola konektatu. Nire atzean beti hiru arima ibiltzen dira, eta horiek esaten didate bide bat edo bestea hartu.

Gauza hauetan sinestea beharrezkoa da terapiak funtzionatzeko?

Ez. Jende oso eszeptikoa ikusi dut, eta hurrengoan beraiek ekarri dute sinesmenik handiena.

Jendea asko harritzen da?

Noski. Ezagutzen ez duzun pertsona batek zure bizitza azaltzea pixka bat harrigarria da.

Beharbada, ez da hobe gauza batzuk ez jakitea?

Bai, batzuetan, askoz hobeto bizi da jendea, eta errespetagarria da erabat. Ni zein naiz zure esperientzian sartzeko,ez badidazu baimenik ematen?

Kritikak ere jasoko dituzu egiten duzunaren harira…

Oraindik ez zait tokatu. Agian, esango dute: “Ero hori!”. Baina niri ez didate esan.

Edozeinek egin dezake zuk egiten duzuna, edo ahalmen berezi bat duzu?

Saiatuz gero, denok ikasten dugu bizikletan ibiltzen, ezta? Pertsonek, jaiotzen diren unetik, sentitzen dakite, ezta? Orduan, denok egin dezakegu. Kontua da zenbat entrenatzen zaren.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend