Euskaldun zaharrak zergatik egiten dio erdaraz euskaldun berriari?

Euskara, bestela ez gara hitzaldia

Atzoko hitzaldiko irudia. (Argazkia: Baleike.eus)

Taberna batean egin dute topo lehen aldiz. Ez dute elkar ezagutzen. Adinean aurrera doa bat, gaztea da bestea. Bertako euskaran hasi dira biak berriketan, firin-faran, zaharrak gazteari nongoa den galdetu dion arte: “Hemen bizi naiz, baina Alacantekoa naiz berez”. Zaharraren buruan mekanismo ezkutuak klik egin du, eta automatikoki erdaraz jarraitu du solasaldia. Euskaldun berriek egunero bizi duten esperientziatako bat baino ez da, atzo Estibaliz Amorrortu eta Ane Ortega ikerlariek Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloaren estreinaldian kontatu zutenez.

Euskara etxean modu naturalean ikasi duenak ez daki euskaldun berriak egunero gainditu behar izaten duen oztopo lasterketaren berri. Eta gauzak nola diren, euskaldungoa osatzen dugunon multzoan, dagoeneko euskaldun zaharrak bezainbeste dira hiztun berriak. Eta joera nabarmena da: 2036an 40 urtetik beherako %80 izango da euskalduna, gehienak euskaldun berriak. Jaurlaritzak egin duen prospekzio ariketaren arabera, hirietan biziko dira gehienak, gaztelaniaz hobeto moldatuko dira euskaraz baino, eta euskara ulertu bai baina hitz egiteko gaitasun mugatua izango dute. Eta berez euskaldunak diren eremuetan ere nabarmena da euskaldun berrien gorakada: adibidez, Zumaian, 25 urtean 900 euskaldun berri daude (gehienak eskolan ikasi duten haurrak eta gazteak).

Beraz, errealitate hori aintzat hartuta, euskaldun berriek egunerokoan bizi dituzten esperientziak aztertu dituzte Estibaliz Amorrortuk eta Ane Ortegak, euskara erabiltzeko dauzkaten zailtasunak hobeto ezagutzeko. Izan ere, euskaldun berriei bidea samurtzea giltzarri izango da euskarak aurrera egingo badu.

Lana osatzeko, 612 inkestez gain, talde bilerak eta elkarrizketa gidatuak egin dituzte zenbait herritan, tartean Zumaian. Emaitza liburu batean argitaratu dute, eta atzo azaldu zituzten ondorio nagusienak.

Jarraitu irakurtzen Baleike.eus atarian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend