Zumaiako Udal Gobernuaren GUTUNA, aparkalekuen gaiaren inguruan

EH Bilduk bere proposamenaren berri emateko erabilitako baieztapenek herritarrak nahastu egin ditzakeela azpimarratu du gobernuak. Era berean, alderdikeriengatik herritarrak nahastu eta kaltetzea ez dela zilegi gehitu du.

Herriko aparkamenduaren gaiak zumaiarren egunerokotasunari zuzenki eragiten diola aintzat hartuta, Zumaiako Udalak lehentasuna eman dio egungo egoera hobetu, zuzendu eta antolatzeari eta dagoeneko herritarrekin partekatu ditu 2017an martxan jarri nahi duen egitasmoaren nondik norakoak.

Azken hilabetean, baina, udaleko EH Bilduk proposamen paralelo bat landu du eta prozesu horren berri emateko udal taldeak erabili duen modu eta terminologia da udal gobernua larriki kezkatzen duena. Izan ere, EH Bilduk baieztapenen bitartez eman du egindako proposamenaren berri, haiek esandakoa uda sasoian aurrera eramango den azken proposamena balitz bezala eta horrek herritarrak asko nahastu ditzakeela adierazi du udal gobernuak.

Horren harira, aparkamendua antolatzeko martxan jarritako egitasmoa oraindik itxi gabeko dokumentua dela azpimarratu nahi izan du gobernuak, herritarrekin jada partekatu eta landua izateaz gain, orain, oposizioarekin garatzen ari direlako. Gobernu taldeak, uneoro, oposizioaren ekarpenak entzun eta aztertzeko borondatea azaldu du, baina ezin du onartu, inondik inora, EH Bilduk bere proposamena behin betiko martxan jarriko den sistema balitz bezala aurkeztea.

Udala 2016ko irailean hasi zen, hain zuzen, herriko aparkamendua antolatu eta hobetzeko bilerak egiten. Orduz geroztik, urtarrila bitartean, zortzi bilera ireki egin ditu herritarrekin eta horiei esker, eremuz eremu Zumaiako auzo guztietako bizilagunekin bildu ahal izan du landutako proiektu proposamenaren berri eman eta haien iradokizunak jasotzeko. Aldi berean, batzorde ezberdinetan oposizioarekin batera landu du gaia, eta datozen urratsen artean, zumaiar ororen zein oposizioaren ekarpenak aztertu eta herriko aparkamendua arautuko duen behin betiko ordenantza osatuko du. Behin hori osatzean, osoko bilkurara eramango du gaia eta bertan udalbatzak onartuko du, hala badagokio. Izan ere, ordenantza bat onartzea udalbatzari dagokion lana da, horregatik, gobernuak ezin du onartu, inola ere, oraindik landu eta erabakitzeke dagoen gai bat, jada onartuta balego bezala komunikatzea, atzo EH Bilduk egin bezala, hain zuzen. Horren aurrean, erantzukizunez jokatzea eskatu dio udal taldeari eta herritarrak errespetatzea, alderdikeriengatik zumaiarrak nahastu eta kaltetzea ez delako zilegi.

Irakurri EH Bilduren erantzuna Baleike.eus atarian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend