Aurrekontuaren zirriborroa “bakarrik” jaso dutela salatu du Getariako EAJk

Getariako EAJko zinegotziak. (Getaria EAJ)

Getariako EAJko zinegotziak. (Getaria EAJ)

Getariako EAJk salatu du ez duela 2017ko udal aurrekontuaren berririk. “Lehen zirriborro bat besterik ez dugu jaso. Gainera, datuak ez daude argi adierazita, ezta gaika sailkatuta ere. Teknikoki eta politikoki ez zaigu inolako azalpenik eman”, adierazi dute Getariako EAJ udal taldetik.

Udal taldeko kideen esanetan urtarrilaren 24an aurrekontuaren lehen zirriborroa jaso zutenetik, udalean ez da inolako bilerarik edo batzorderik deitu. “Susmoa dugu EH Bilduren Udal Gobernuak duen gehiengo osoa erabili nahi duela aurrekontua korrika eta presaka onartzeko. Aldi berean, EAJk Getaria suspertzeko eta EH Bilduren aurrekontua osatzeko proposamenei tokirik ez dietela egin nahi uste dugu”.

Jeltzaleen iritziz Getariak “ondo landutako, eta alderdi eta herritar guztiek elkarlanean garatutako aurrekontuak” merezi ditu. Horregatik, negoziatzeko eskuak luzatu dizkio EAJk EH Bilduri, “aurretik egin dugun moduan, hitz egin eta Getariak merezi duen udal politika garatzeko”.

Iazkoaren balorazioa
2016 urtearen balorazioa ere egin du Getariako EAJk ohar bidez, eta plangintza estrategikorik ez dagoela uste dute jeltzaleek. “Aurrekontuek udalaren kudeaketan duten garrantziaz jakitun, proiektu eta ekimen desberdinak proposatu zituen Getariako EAJk 2016an, baina gure proposamenei bizkarra eman zieten”.

Hainbat hutsune ikusten dituzte udal gobernuaren kudeaketan: “Enpleguaren eta garapen ekonomikoaren sustapenerako ez dute hatzik mugitu. Getariak turismo arloan izan behar duen ibilbidea ez da garatu; eta egun dauden azpiegiturak okerrera doaz, eta udalak ez du horiek mantentzeko edo behar berriei aurre egiteko proiekturik”. Gainera, “herria zikina” dagoela, eta garbiketaren azterketarik ez dela egin ere nabarmendu dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend