Ismael Manterolaren GUTUNA: Errefuxiatuen omenezko monumentua

Hunkigarria eta ederra izan zen Zumaiako Errefuxiatuen aldeko taldeak eta Erkibe kultur taldeak otsailaren 12an antolatu zuten errepresentazioa. 1937an Zumaiatik bidali zituzten pertsonek gogora ekarri ziguten gaur egun ere egoera berdina sufritzen ari diren milaka eta milaka lagun daudela munduan zehar beraien herrietatik kanporatuta arrazoi politiko-ekonomikoak direla eta.

Hala ere, goiz hartan bizitako emozio guztia zapuztuta geratu zen Zuloagaren lorategitan jarri duten monumentua ikusi nuenean.

Behin-behineko errepresentazioaren aldean, behin betirako geratuko diren gauzak ondo eta lasai pentsatu behar direla iruditzen zait. Lehenik eta behin, erabakia hartu baino lehen ondo pentsatu behar da behin betiko zerbait behar dugun edo otsailaren 12an egindako behin-behineko ekintzekin nahikoa den aitortza eta erreparazioa egiteko, oroimena gordetzeko eta etorkizunera begira, berriz ez gertatzeko. Askotan monumentu publikoekin tematzen gara, konturatu gabe beste modu asko daudela memoria gordetzeko.

Behin erabakita monumentu moduko bat behar dugula, egokiena esparru ezberdinetako profesionalak bilduko lituzkeen lan talde bat osatzea da: memorian adituak, artistak, arte teknikoak, hirigintzan adituak, eta ekarpenak egin ditzakeen beste edozein (ekarpenak egiteko prest dagoen edozein herritar, adibidez). Lan talde horretatik proposamen batek irtengo luke, ideia eta proiektu lehiaketa publiko bat egin baino lehen.

Espero dut Zuloaga lorategian jarrita dagoena behin-behinekoa izatea, kokapena ez delako egokiena eta dituen elementu guztiak konpondu gabe daudelako alderdi formaletik eta kontzeptualetik. Ez dakit zein zen asmoa, baina gaur egungo arteen kezketatik eta prozeduretatik oso urruti dago. Lan onaren aurka doa presa eta inprobisazioa. Ez dut uste mesede handirik egiten dionik 1937an Zumaiatik bidalitakoei eta gaur egungo errefuxiatuei eskainitako omenaldiari.

Ismael Manterola. Zumaia

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend